Ezarian. Lurrama

Aniztasunaren hainbat definizio

Stephane Le Foll Frantziako Laborantza ministroa Lurrama azokan izan da; Euskal Herriko laborantza gertutik aurkeztu dioteLaborantza Politika Bateratua izan dute aipagai arratsaldeko mahai inguruan

Baserri erraldoi bihurtu dute Miarritzeko Irati aretoa, bertara eramandako animalia sortarekin. GAIZKA IROZ.
Nora Arbelbide Lete.
Miarritze
2012ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Stephane Le Foll Frantziako Laborantza ministroaren bisitarekin hasi da Lurrama azoka. Hasieran pentsatu baino denboraldi laburrago batentzat etorri da Euskal Herrira. Tarte horretan, Biarnoko baserri bat bisitatzeko deia egina izan baitzion FDSEA sindikatuak. Lurrama bera ELB sindikatuak bultzatzen du.

Baina ministroa etorri zen, eta azoka bisitatzeaz eta hitza hartzeaz gain, bertakoen aldarrikapenak entzun zituen. Hitzalditik landa, ELBkoekin bildu zen, eta bilkura hori, uste baino luzeagoa izan zen. Dosier guztiez hitz egin ahal izan zuten, dela ardi esnearen saileko zailtasunez, dela etxaldeko laborantzaz —hitz horren gibelean denetarik dagoenez, hitz hori babesteko eskatu zuten—, dela etxalde ttipien gaiaz. Eta dosier horiek ministerioan Frantzia mailan aztertuko direla ulertarazi zuten atzo. Ate bat ireki zela zioen Maryse Cachenault Lurramako presidenteak, nahiz eta ikusi beharra den nolakoa izanen den oraindik.

Eta, funtsean, ministroak Lurraman egin bisitarekin berarekin, horren gibelean, Euskal Herriko Laborantza Ganbera zuen ezagutu. Lurramaren kontzeptua, mamia, Euskal Herriko Laborantza Ganberatik baitator. Hitzik ez zuen erran zehazki horretaz, baina denek ulertu zuten. Eta kontua ulertu ez zuenarentzat, aste honetan Sud Ouest egunkariari eskaini elkarrizketan argitu zuen: «EHLGk bere leku osoa du eztabaidan eta paisaian». Alde horretatik ere, bisitak indar politiko handia hartu zuen.

«Aldaketa orain da!», adierazi zuten Frantziako presidentetzarako kanpainaren denboran sozialistek. Eta eslogan hori bera entzunarazi zion Lurramaren partetik Jon Harluxet laborariak, ministroa Lurramako merkatuaren itzulia egiten ari zenean, eta ekoizleak agurtzen eta haien mozkinen dastatzen. Etxeetako hazien ereiteko eta partekatzeko eskubidea ukaiteko legea aldatzeko eskatu zion. Baina hark erantzun zion gauzak ez direla hain errazak.

Behin eta berriz zehaztu zuen kontu hori, aniztasunaren alde dela errepikatu zuen bezala. Ulertarazi nahi izan zuen ministro kargutik garai hauetan, bereziki Laborantza Politika Bateratua negoziatzen ari direla eta —hori da aurtengo Lurramaren gaia— negoziazio hori ez dela samurra. Berarentzat zenbait puntu garrantzitsu daudela azaldu zuen, halere: politika bateratu berrian, hazkuntza defendatzea beharrezkoa izanen da, horretan baitaude enplegu gehienak, eta baita hektareei lotu laguntza antolatzea ere, hektarea gutxiago dituztenak ez daitezen baztertuak izan.

Nolako laguntza banaketa, nolako laborantza eta elikadura politika motarentzat? Galderaren inguruan antolatua zuten atzo arratsaldeko mahai ingurua, eta horretara gomitatua zuten ministroa, Jose Bove eurodiputatua, Aurelie Trouve ekonomista eta aurtengo Lurramaren ugazama eta Mixel Berhokoirigoin EHLGko presidentearen ondoan. Bostehun bat lagun hurbildu ziren horren entzutera.

Ministroak azaldu zuen gaur egun existitzen diren laborantza modeloen ezagutzan gaudela. «Antolatzeko dauden aukerak, diren zirkuitu luze, laburrak... Aniztasuna antolatzea da kontua. Etxalde bakoitzak aurki dezan bere irtenbidea. Ekonomia eta ekologia elkartu, eta bien artean dinamika bat sor daitekeela erakustea ere bada ideia».

Merkatua kudeatu beharra

Mixel Berhokoirigoin EHLGko presidenteak xehetasunak emateko eskatu zion, ministroak, etxalde ttipiak lagunduko dituztela aipatua bazuen ere, zifrarik ez zuelako jakinarazi. Eta hori baino urrunago ere, korapilo garrantzitsuena nabarmendu zion Berhokoirigoinek: «Merkatuak berriz kadratu behar dira. Merkatua kudeatzeko tresnak jarri martxan, stockak kudeatzerakoan, ez gaitezen merkatu librearen, elikadura espekulazioaren menpe izan. Bestela, aniztasuna, oihanaren legearen menpe baldin bada, lodienak ttipiena jan dezake».

Orduan, errefera eman zion ministroak, baina salako esku zartengatik, lehenik isildu behar izan zuen: «Errazagoa da lider sindikala txalotzea, ministroa baino. Hark zerbait baieztatzen duelako». Ministroak ihardetsi zien Erroman izan berri zela, Elikadura eta Nekazaritza Erakundean, eta han, munduko hainbat ministrorekin zuela hitz egin, eta lana ez dela erraza ulertarazi: «Saiatuko gara aitzinatzen. Baina gauza bat da txaloak sortzen dituen ideia defendatzea, eta beste gauza bat da ideia hori plantan jartzea; horretan datza txalotua den norbaiten eta laborantza ministroaren arteko ezberdintasuna».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.