Ezarian. Antzara Eguna Lekeition

Antzara buruaren konkistara

Eguraldia lagun, jendetza bildu da Lekeition, jaietako egun handian, antzara jokoa ikustera; kaia ikuslez bete daParte hartzaileek lanak izan dituzte antzara harrapatzeko; 40 potinek parte hartu dute

Gazte kuadrilla ugari bildu ziren kaian arrantzalez jantzita. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Lekeitio
2011ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Esperotakoaren kontra, eguraldi kaxkarrak atsedena hartu zuen atzo arratsaldean Lekeition (Bizkaia). Goizean hodeiak hara gerturatu eta euria egin bazuen ere, arratsaldean eguzkia atera zen antzara jokorako.

Berotasun hori baina ez zen beharrezkoa, izan ere, herritarrak goizean goizetik hasi ziren giroa berotzen. Horretan lagun izan zituzten Euskal Herriko hamaika lekutatik joandakoak, Antzara Eguna ospatzeko jende andana batu baitzitzaien.

Herria urdinez jantzi zen goizetik; gehienak arrantzalez jantzita zebiltzan, eta mahoizko prakak, gonak, alkandorak eta zapi koadrodunak nagusitu ziren.

Urdin kolore berak Bizkaiko hamaika autobus geltoki tindatu zituen goizean, urtero bezala, gazte asko Lekeitiora joan baitzen parrandan. Betiko legez, autobus zerbitzu bereziak jarri zituzten Bilbotik eta Gernikatik, urtero Lekeitiora biltzen den jende andana hartzeko.

Kanpotik heldutako goiztiarrenei harrera egiteko eta lekeitiarren dibertimendurako, herriko musika banda 10:00etan irten zen kalejiran. Ordubete geroago, Don Terentziok eta Doña Tomasak herriko buruhandi eta txistulariekin batera kaleak hartu zituzten, Lekeitio girotzen jarraitzeko asmoz.

Lekeitiarrak ostegunetik daramate jaietan, eta atzokoa egun handia izan zuten, San Antolin egunarekin batera. Jaiei izena ematen die San Antolinek, baina Antzara Eguna da kanpoko jenderik gehien biltzen duen jaia. Orain dela 350 urte baino gehiago hasi ziren egiten; hasieran, marinelek baino ez zuten jokoan parte hartzen, baina gaur egun, potinean igotzen direnek arrantzale arropak baino ez dituzte janzten.

15:30 inguru hasi zen Lekeitioko portua betetzen, antolatzaileek soka eta antzarak prestatzen zituzten bitartean, jokoan partu hartuko zuten 40 potinetako kideak, arraunak aldean, kai ingurura bildu ziren. Aurreko urtean baino hiru potin gutxiagok hartu zuten parte jokoan.

Espero bezala, puntual hasi zen antzara jokoa, eta 16:00etan irten zen lehen potina. Goizean zozketa bidez erabaki ziren txandak, eta, aurten, Karpinak potinekoei egokitu zitzaien jokoa zabaltzeko ohorea; poz-pozik egin zuten, gainera. Jasoaldi bakarra egin zuen kuadrillako harrapatzaileak, «lehenengoak izateko ez dago gaizki», zioten bozgoragailutik.

Bigarrenak, hirugarrenak... lehen harrapatzaileek ez zuten leporik moztu, Txopotxuak botineko harrapatzailea izan zen horretan lehena, bosgarrena, seigarrena, zazpigarrena... harrapatzaile gehienek ez zuten zortea lagun izan, eta, lepo gutxi mozteaz gain, askok ez zuten lortu antzara luzez heltzea; ez zen gogo eta animo faltagatik izan baina. Hala ere, ikusleek txalotu egin zituzten jokoan parte hartu zuten ausartak. Musika ere animatzeko modukoa zen, hala ere, W.C. Komuns txalupako kideei, adibidez, Sigo siendo el rey rantxerak ez zien askorako balio izan, ez haiei ezta gero irten zen txalupako kideei ere.

Antzara jokoan gizonak nagusitu baziren ere, emakume ausart asko ere egon zen arraunlari eta harrapatzaileen artean. Antzara jokoa amaitu eta jaiari heldu zioten Lekeition zirenak, txarangak, erromeriak eta giroa gozatzeko aukera izan zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.