Besarkada antzerki talde amateurren federazioak antolatutako Emakumeak eszenatokian antzerki zirkuitua martxan da, seigarrengoz. Bizkaiko 7 antzerki taldek osatzen duten zikloa da, eta herrialdeko 6 udalerritan eskainiko dituzte emanaldiak urtea amaitzen den artean. Urtarrilean jarri zen martxan zirkuitua, eta Arrigorriaga, Erandio, Getxo, Sestao, Gernika-Lumo eta Muskizen ikusi ahal izango dira federazioko antzerki taldeen emanaldiak. Ostiral honetan bertan, esaterako, Aztiak konpainiak Paga Congelada antzezlana eskainiko du Sestaon.
Talde guztiek afizio gisa daukate antzerkigintza. Baina denek ere lan eskerga egiten dute alor honetan. Izan ere, zirkuitua martxan dagoenetik, urtero antzezlan berri bat idatzi, entseatu eta taularatzen dute. «Hainbat herritan funtzioak emateaz gain, antzerkigintza amateurra ere ezagutarazi eman nahi dugu», Maria Urzelai Besarkada antzerki talde amateurren federazioko koordinatzailearen hitzetan.
Urtetik urtera, sorkuntza alor horretan laguntzeko asmoarekin, federazioak prestakuntza ikastaroak eskaintzen ditu. Aurten, esaterako, mugimenduetan sakontzeko ikastaroa jaso zuten taldeetako kideek, baina antzerkigintzak alor ugari dauzka, eta baita generoak ere. Ikastaro horien ondorioz, antzerki taldeek esparru askotarikoak ezagutzeko aukera daukate, eta hori ondorengo ekoizpenetan sumatzen dela azpimarratu du Urzelaik. Aurtengo zikloan, esaterako, denetarik ikusi ahal izango da: komediatik hasi, drama edo esperimentazioraino iritsiz.
Aztiak konpainiaz gain, Totum, Luna llena, Hamaika, Burbujas, Xankore eta Juego de damas taldeek osatzen dute zirkuitua. Denak amateurrak izanagatik ere, bertako partaideen esperientzia azpimarratu nahi izan du federazioko koordinatzaileak. «Bertako kide batzuek 20 urte inguru badaramatzate antzerkigintzan murgilduta». Esperientzia hori, ordea, gazteenekin uztartzen da, eta horixe da talde horiek eskaintzen dituzten emankizunen xarma.
Emakumeak taula gainean
Federazioa osatzen duten talde guztiek bereizgarri komun bat daukate, antzezpena afizio gisa hartzeaz gain. Izan ere, bertako taldeetako partaide guztiak emakumez osatuta daude. «Talde horietako hainbatek hasieran gizonezkoen partaidetza ere bazeukaten, baina emakumeek izan zuten jarraipena taldeetan, eta, orain, era naturalean bihurtu dira emakumezkoen taldeak», dio Urzelaik. Emakumez osatutako taldeak dira denak, eta, horrek, hainbat talde profesionalek eskaintzen dutenarekin alderatuz, ezberdinak egiten ditu, «nekez ikus daitezke talde profesionalen zirkuituetan emakumez soilik osatutako emankizunak».
Talde feminizatuak diren arren, ikusleen aldetik ez da antzekorik gertatzen. «Hasieran, emakume gehiago etortzen zen; baina, apurka, gizonezkoak ere animatzen ari dira». Askotan lan horiek «mari-sukalde antzerkiak diren ustea zabalduta dago; baina, apurka, aurreiritzi hori baztertzen ari gara». Horren adierazle jartzen du Urzelaik aurten seigarren zirkuitua egiten ari direla; «horrek babesa ematen dio antzerki zikloari».
Antzerki amateurrak Bizkaiko sei udalerri hartuko ditu aurten
Besarkada antzerki talde amateurren federazioak antolatu du, seigarren aldiz, zirkuitua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu