Europa bere ekonomiaren kontrolerako bide korapilatsuetan dabilelarik, beste gai bat albiste bilakatzen ari zaigu han eta hemen: adierazpen askatasunarena, batez ere antzerki munduan. Parisen egun hauetan katoliko integristak kontsideratuak diren batzuk antzerki batzuen emanaldiak trabatzen ari dira. Hor fededunen ofentsatzea da, omen: ez da gaurkoa; jadanik Mahometen inguruan egin marrazki satirikoek olatu berdintsuak piztu zituzten. Eraso eta hilketak ere gertatu ziren. Ez gara horretan, baina erlijioaren ordenaren mehatxua itzultzen zaigula azpimarratzen da, eta «pluralismo laikoa» galbidean sartu nahi dela.
Jakina Espainiako gotzainek politikan behatza baino gehiago sartua dutela laikotasunaren «galdukeriak» satankeriatzat hartuz. Badakigu ere gure Baionako elizaburu berriaren lehen deklarapen publikoetan Miarritzeko Gay Pride horren salatzea izan zela. Horra erasoen denbora. Ez dut uste datozen Maskaradetara nervi horietarik etorriko diren Pitxuren zanpatzeko, baina... ez da hain aspaldi toberak edo galarrotsak debekatzen eta kondenatzen zirela.
Antzerkiaz ari baikara ez ote da Antton Lukuren antzerkiaren aurka horrelako fatwa zerbait bota? Ez zen hor katolikoen erasotzerik baina euskal kulturaren saskira sarkasmoaren botatzea. Pamielak argitaratu Euskal kultura? panfleto hutsa al zen? Gaia ez da jendarte mailara heldu, baina eztabaida sano baten beharra brauki baztertua izan zen: ez al da euskal kultura kontrol zerbait baten pean jarria, euskaldunen beharren baino gehiago itxura zerbaiten meneko? Ez du balio harria bota eta eskuaren gordetzea: hemen ere ordena bidean dugu.
Maratila
Antzerki libreaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu