Bilboko Aste Nagusia

Antzerkietan, umorea nagusi

Gaurtik igandera, konpartsek eta udalak antolatutako antzerki emanaldiez gozatzeko aukera egongo da

Goloka taldeak atzo Bilbon egindako kale antzerkia. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2011ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Aste Nagusian protagonismo nagusiena kontzertuei badagokie ere, antzezlanak ikusteko abagune oparoa izango da aurtengo jaietan. Gainera, antolatzaileen ahaleginari esker, herritar guztiek gozatzeko parada izango dute, bai haur zein gazte eta helduek ere. Antzezlanen artean komediak dira nagusi; gabeziaren bat aipatzekotan, euskararen presentzia urria nabarmendu beharko litzateke. Oso antzezlan gutxi eskainiko baitira hizkuntza horretan. Hala ere, Bilboko Udalak, konpartsek eta gainerako elkarteek egindako lana eskertzekoa da.

Udalaren jaietako sailak hamazazpi antzezlan antolatu ditu gaurtik igandera arte. Ikuskizunak bi sailetan banatu dituzte: batzuk haurrei zuzendutakoak dira; besteak, berriz, nagusientzat. Umeentzat direnak ikusteko Gas enparantzara hurbildu beharko dira, 19:00etan. Helduei zuzendutakoak Arriagan egongo dira ikusgai, eta bi emanaldi eskainiko dituzte. Aurrenekoa, eguerdiko 13:30ean izango da, eta bigarrena, 21:15ean. Aurten ere, aurreko urteetan bezala, zeinuen hizkuntza interpretatuko duen pertsona bat egongo da elkarrizketa luzeak dituzten antzezpenetan.

Gaur eguerdian, Heyoka Teatro taldearen Week-end caravaning lana ikusteko aukera egongo da. Antzezlan hau umorean oinarrituta dago. 21:15ean, berriz, Markeliñek hartuko du lekukoa. Irudimenez betetako esperientzia baten bidez, gozatzeko aukera emango dio ikusleari Anomalía magnética lanak. Bihar eguerdi eta gauean, Studes de cirque de Marseille taldeak La trilogie du Temps antzezlana aurkeztuko du. Horretan, mugimendu akrobatak ikusteko aukera izango du ikusleak. Ostegunean, Tres puntos y aparte taldeak Un poco de todo y algo de lanaren emanaldi bikoitza emango du.

Aste nagusiaren azken hiru egunetan ere izango du tokia antzerkigintzak. Ostiralean, Bowjanglesek Un cuarteto de cuerda diferente izena duen komedia erakutsiko du. Larunbatean, Circo Los taldearen umorea dastatzeko aukera egongo da Cabaré parodia ikuskizunean. Igandean, nagusientzako saioari bukaera Trapu Zaharrak taldearen Bira eta bira lanak emango dio. Antzezlana euskaraz izango da eguerdiko 13:30ean.

Umeek sei ikuskizunen bidez izango dute ongi pasatzeko aukera. Gaurkoan, Frantziatik datorren Heyoka teatro taldearen lana ikusteko aukera egongo da. Bihar, Gari, Montxo eta Joselontxo pailazoekin barre egiteko aukera ezin hobea izango dute.

Abuztuaren 25ean Gorakada teatrok Jim altxorraren uhartean antzezlana eskainiko du. Ostiralean, Hortzmugak taldearen Libertia lana izango da. Larunbatean, De Patitasalakalleren Standa banda ikuskizuna egongo da. Igandean, berriz, Elvi sabeliztunaren Nor da panpina? lana ikusteko aukera izango da. Antzezlan horretan umorea, magia eta abestiak izango dira nagusi.

Konpartsek antolatuta, De Bote en Bote taldearen kale antzerkiaz gozatzeko aukera egongo da. Ikuskizuna gaur 18:00etan izango da, Kulturgunean. Larunbatean, berriz, Euskalgunean egongo direnak Patxin eta Potxin pailazoak izango dira.

Zortzi ikuskizun

Alondegian eskainiko diren antzezlanen ezaugarria ere «umorea» izango dela jakinarazi dute. Horretarako, zortzi ikuskizun prestatu dituzte, bat jaien egun bakoitzerako. Gaur eta bihar, Maltako Antzerkiaren Absurdo Ma non troppo antzezlanaren txanda izango da. Etzi, berriz, euskaraz eskainiko duten antzerki bakarraz gozatzeko aukera egongo da, Bikoteatroa Ez Dok Hiru taldeak Euskarazetamol lana aurkeztuko baitu. Ostiralean eta larubatean saio bikoitzak egongo dira.

Aurrenekoa Eme2-k iluntzeko 20:30ean eskainiko duen Tengamos el sexo en paz antzezlana izango da. Bigarrena ikusteko parada 23:30ean izango da: Pepe Viyuela aktore ezagunaren Encerrona ikuskizuna.

Alondegiko ekitaldiei bukaera emango diena Lolita & Clownflisen Las galletas lana izango da, igande arratsaldean, 20:30ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.