Antzinaroko Europan, landa eremuko aztikeriek gaur egun inauteri deritzogun erritu multzoa osatu zuten. Ohitura horiek, nagusiki, uztak ugaritzeko, biztanleen sexualitatea pizteko eta, oro har, emankortasunari gorazarre egiteko ziren. Bada, Bilboko Euskal Museoak kontinente zaharreko hainbat herrialdetako inauterien ezaugarriak azaltzen dituen erakusketa bat antolatu berri du: Inauteriak, Europako errege. Etnografia eta herri ohituren zaleek martxoaren laura arte daukate Bilboko Unamuno plazara joateko eta ikusgai izango diren objektuez gozatzeko aukera.
Euskal Museoko zuzendari Amaia Basterretxeak azaldu duenez, erakusketak hiru sail ditu. «Ataletan edukiak ez daude gaika antolatuta; inauteriaren pausoak azaltzen dira. Lehenengo eta behin, inauteriaren hasierako fasea dago, beldurrarekin lotura duena. Gero, zeremonia edo erritua nolakoa den azaltzen da. Une horretan, gainera, inauteriari epaiketa bat egiten diote. Azkeneko atalean, inauteria hiltzen duten momentua deskribatzen da». Pertsonaia guztien patua berbera da: denak erretzen dituzte.
Hala, Europako hainbat herrialdetako inauterien adierazgarri diren 70 objektutik gora erakutsiko dira: Italia, Eslovenia, Errumania, Polonia, Kroazia, Bulgaria eta Mazedoniako ohituren berri emango dute, adibidez; leku bakoitzeko pertsonaien eta mozorroen ezaugarriak erakutsiko dituzte. Euskal Museoko zuzendariak jakinarazi duenez, «batez ere maskarak» izango dira ikusgai.
Sustrai bera duten ohiturak
Basterretxeak azaldu duenez, antzekotasun nabarmenak daude erakusketan agertzen diren herrialdeetako inauterien artean. «Funtsean, ez dago desberdintasun handirik Euskal Herriko eta Errumania edo Italiako inauterien artean. Pertsonaiak ia berdinak dira; esate baterako, hartza ia leku guztietan agertzen da, baita heriotza eta agureak ere. Animalien gorputzen parteak askotan ageri dira, larrua eta adarrak batez ere. Oro har, naturaren elementuak izaten dira». Desberdintasunik handiena herri bakoitzean erabiltzen diren mozorroetan dago. «Arlo horretan toki bakoitzak berezko jantziak ditu. Inauteriaren pausoak, ostera, berdinak dira herrialde guztietan».
Euskal Herriko inauterietan erabiltzen diren jantziei buruz aritzean, Basterretxeak nabarmendu du «aniztasun handia» dagoela. «Erakusketa honetan, Euskal Herriko jantzi eta pertsonaia asko izango dira, baina ez denak. Museoan genituen guztiak ikusi ahal izango dira: Ziripot, Lantzeko herritarrek egindako Miel Otxin bat, Unanuko mozorroa, Katilungorri, Zamaltzain, Lesakako inauteriko pertsonaia bat, Joalduna, Arabako Markitos eta Mundakako Atorra, besteak beste».
Bost dokumental ikusteko aukera ere izango dute erakusketara bilduko direnek. Euskal Museoak ekoitzitakoaz gain, Eslovenia, Errumania, Italia eta Polonian egindako filmak emango dituzte. «Herri bakoitzak bere inauteriei buruzko bideo bat aukeratu du. Denak gune berean daudenez, ondo ikus daiteke desberdintasunak zeintzuk diren. Nire ustez, Ituren eta Zubietako inauterien bideoa da berezie- na».
Erakusketak ez du azalpen kronologikorik ematen. Inauteriaren jatorria guztiz argitu gabe egoteak dakar datak emateko orduan joera zuhurra izatea. «Teoria ugari dago. Normalean, esaten da inauteriak kristautasunaren aurretik sortutako errituak direla; paganismoaren garaietatik iraun duten ohiturak, alegia».
'Carnival King of Europe'
Bilbora heldu berri den erakusketa Carnival King of Europe (Inauteria, Europako errege) proiektuaren parte da. 2007. urtean Italian San Michele all'Adige herriko Museo degli Usi e Costumi della Gente Trentina edo Trentoko jendearen jantzi eta ohituren museoak martxan jarritako proiektu bat da hori. Europako herrialdeen kultura sustrai komunak ezagutaraztea eta kontinenteko museo etnografikoen artean lan sare bat osatzea da egitasmoaren xede nagusia. Hasiera batean, Frantzia, Mazedonia, Bulgaria eta Kroaziako zenbait museok bat egin zuten ekimenarekin. Bigarren fasean, ostera, Poloniako, Euskal Herriko, Esloveniako eta Errumaniakokulturgune batzuk ere gehitu zaizkio kontinenteko sare etnografiko horri.
Antzinako errituen koloreak
'Inauteriak, Europako errege' erakusketa ireki berri du Bilboko Euskal Museoak, jatorri komuneko ohiturei eskainitako lanaHainbat herrialdetako inauterietako jantzi eta pertsonaiak ikus daitezke
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu