Komunikazioa

'Apaizac Obeto' film dokumentala estreinatuko dute gaur ETB1en

Albaola erakundeak egindako espedizio baten bitartez, XVI. mendeko arrantzaleen berri ematen du

urtzi urkizu
Donostia
2011ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
XVI. mendean Kanadara joaten ziren euskal arrantzaleen gorabeherak kontatzen dituen Apaizac Obeto film dokumentala estreinatuko du gaur ETB1 kateak, 22:35ean. Orio Produkzioak ekoizpen etxeak egin du lana, eta Jon Maiak zuzendu.

Pasaiako Albaola itsas kultur erakundeak duela bost urte espedizio berritzaile bat egin zuen, euskal itsasgizonen istorio harrigarri bat kontatzeko: XVI. mendeko euskaldunen balearen eta bakailoaren arrantza Kanadako Ipar Atlantikoan. Lur haiei mapa zaharrenetan Nouvell Biscay (Bizkaia Berria) esaten zitzaien garai batean. Izan ere, urtero-urtero milaka euskaldunek Atlantikoa gurutzatzen zuten, Mundu Berriaren iparraldeko ur arrotz eta urrunetan lan egiteko.

Apaizac Obeto espedizioan, sei euskaldunek eta Kanadako mik'maq amerindiar batek XVI. mendeko marinelen azalean jartzeko ahalegina egin zuten. 41 egunean 2.000 kilometro egin zituzten, Quebecetik Labradorreraino. Espedizioko protagonista handienetakoa Beothuk izango da, San Joan galeoiarekin batera hondoratuta, Kanadako itsas arkeologoek Labradorreko ur hotzetan aurkitutako balea txalupa zaharrenaren errepika berria. Pasaian eraiki zuten azken euskal balea txaluparen errepika berria. Txalupa horren bidaian Albaolako lagunek hainbat arrasto jarraituko dituzte: balearen lehenengo industria, euskararen eragina, Ipar Amerikako natiboekin harremanak, marinelen eguneroko bizitza eta abar.

Jon Maia zuzendariak, espediziotik etorri eta gero, bidaiaren kronika jaso zuen liburu batean. Ondotik etorri zen ikus-entzunezko filma osatzeko proiektua. 120 ordutik gora zituzten grabatuak. «Zaila izan zen material bolumen horrekin lan egitea. Baina, liburuarekin egindako lanari esker, argi nekien zer eta nola kontatu nahi nuen», azaldu zion Maiak BERRIAri filma amaitu zuenean. «Abenturaren eta historiaren arteko konbinazioa egin nahi izan dut. Asmoa izan da orain arte oso modu historizistan tratatu izan den gai bat, filmak kontatzen duen itsas epopeia hori, publiko zabalari era erakargarri eta ulergarrian aurkeztea». Horretarako, adituen zigilu eta zorroztasun zientifikoa izan du lagun Maiak.

Itsasoa kultura eta memoria putzu sakona dela aldarrikatu nahi du Orio ekoizpen etxearen film dokumentalak.

XVI. mendeko arrantzaleek dute protagonismo nagusia filmean, eta espedizioan parte hartu zutenak itzalean gelditzen dira. «Filmean gu panpina soil batzuk baino ez gara ia-ia. Txalupa bera da protagonista. Dokumentalean esaten den bezala, txalupa objektu bat zen hasieran, eta guk bizia eman genion», dio Maiak.

Era berean, bertsolari eta zuzendariak azaldu du itsasoari ikuspuntu kulturaletik eta historikorik begiratzeko ahalegina egin zutela: «Milaka istorio ditugu euskaldunok itsas azpian hondoratuta, munduko itsaserri handienetako bat bihurtu gaituztenak, kostalde murritza izan arren».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.