Korapilo bat irudika dezake Apdema elkartearen logotipoak, baita begizta bat ere. Adimen urriko lagunekin lan egiten du elkarteak. Abiapuntu horrekin, eta hitz jokoa eginez, Loturak Sendotuz grabatu erakusketa antolatu dute. «Egiten ditugun ekintzak gizartearekin harremana sendotzeko egiten dira, eta hau ere bide horretatik doa». Horrelako egitasmoen bidez elkarteko kideak gizarteratzea eta horien harremanak sendotzea errazagoa dela dio Ignacio Loza arduradunak. «Adimen urriko pertsonak onartu, ulertu eta horiekin elkartu ahala, hobeto gizarteratuko dira».
Araban finkaturiko elkarte horrek mende erdiko ibilbidea darama, eta, hori ospatzeko, ekitaldi sorta antolatu du urte osoan; Araba Euskaraz-en eta Gasteizko Jazzaldian ere parte hartu zuten, adibidez.
Arabako hainbat erakunderekin antolatu dituzte ekintzak, eta grabatu erakusketarako, adibidez, Linea 98 artista lantegiarekin batu ditu indarrak Apdemak. Artelanak ekoizten ditu lantegiak; hala ere, grabatuak egiten dituzte batik bat. Erakusketarako, Araban finkatutako zazpi artistaren laguntza izan duelkarteak. Hilabete batez, Ignacio Aldekoa kultur etxean erakutsiko dira Paloma Amann, Santiago Luciañez, Paz de Espada Buesa, Charo Cortes, Juana Maria Lucas, Justi Tobarra eta Javier Najera gasteiztarraren lanak. «Artista horiek beren ibilbidea dute arte munduan; ez dituzte grabatuak egiten soilik».
Guztira, 30 lanek baino gehiagok osatzen dute erakusketa, eta horietako zazpi erakusketarako propio egin eta elkarteari utzitakoak dira; berariaz eginiko lan bakoitzetik 50 kopia egin dituzte. «Lan horiek saldu eta ezohiko diru sarrera batzuk lortzeko».
Apdema elkartearen aldeko erakusketa
Araban finkaturiko zazpi egilek berariaz egin dituzte grabatuak Apdemak antolatu duen erakusketarako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu