Bitarlan Informatika eta Web Zerbitzuak
Aplikazio biltegien kontzeptua gero eta gehiago entzuten da: android market, app store, ubuntu software biltegia. Hala ere, aplikazio biltegien kontua ez da batere berria. Izan ere, GNU/Linux sistema eragilea- ren erabiltzaileak oso ohituta daude jada aplikazioak deskargatzeko, instalatzeko eta kudeatzeko filosofia horretara. Aspalditik erabiltzen dira GNU/Linux sistemetan pakete biltegiak deritzonak.
Zertan datza
Aplikazio biltegien filosofia izugarri erosoa da erabiltzailearentzat, eta aplikazio zein osagaien garatzaileentzat ere baditu abantailak.
Aplikazio biltegirik ez dagoen sistemetan, aplikazio berriak instalatzeko, denda batera joan behar da, han edo Interneten bitartez aplikazioa erosi, aplikazioaren euskarria sartu ordenagailuan eta aplikazioa instalatu. Doakoa izanez gero, Interneten bilatu ahal da, eta webgunetik deskargatu eta gero instalatu. Gainera, aplikazio horiek bestelako menpekotasunak izan ditzakete eta menpekotasun horiek ere asmatzen eta instalatzen joan behar da, dena ondo ibiltzeko.
Aplikazio biltegiak, ordea, sisteman zeharo txertatuta daude. Beraz, aplikazio bat sisteman instalatzeko, oso era errazean egiten da: aplikazio biltegian bilatu, eta instalatzeko aukerari sakatu besterik ez da egin behar. Doakoa bada, besterik gabe instalatuko da, eta ordainpekoa bada, aurretik ordaindu beharko da, txartelaz edo Paypal kontuaren bitartez, adibidez. Dena oso automatikoa eta azkarra da. Gainera, ez da aplikazioaren izena jakin behar. Askotan, arloka antolatuta egoten dira aurkitu nahi den aplikazioa arakatzeko. Horretaz gain, izenaren arabera edo funtzionalitateen arabera ere bilatu ahal dira aplikazioak. Hau da, bideoak ikusteko aplikazioak bilatu ahal dira, eta deskribapenak, pantaila-argazkiak eta ezaugarriak begiratuta, gustukoena instala daiteke.
Gainera, aplikazioaren bertsio berrien eguneraketak automatikoki kudeatzen dira aplikazio biltegiaren bitartez. Beraz, sistemak berak ohartarazten dio erabiltzaileari zer dagoen eguneratzeko, eta ea eguneratu nahi duen galdetzen dio.
Biltegiko aplikazioetan, sistema batzuetan, bozkatu egin daiteke. Beraz, boto gehien zein aplikaziok duen jakin dezake erabiltzaileak, eta, hala, aukeratzeko orduan beste irizpide bat du. Horretaz aparte, aplikazio biltegian ez da sartzen edozein gauza. Beraz, neurri batean, edozein lekutatik deskargatzen diren aplikazio maltzurren arrisku hori murrizten da.
Arestian esan bezala, aplikazio garatzaileentzat ere abantailak dituzte aplikazio biltegiek. Alde batetik, erabiltzaileak era erraz batean aurkitu eta instala dezake aplikazioa, eta probatu eta gero desinstalatu gustuko ez badu. Beraz, aplikazio biltegiek aplikazio aniztasuna eta hautatzeko aukerak errazten dituztela esan daiteke. Gainera, oso bide erosoa da aplikazioak argitaratzeko, baita ateratzen diren bertsio berriak ere plazaratzeko eta erabiltzaileari jakinarazteko.
Biltegi batzuetan, garatzaileak aplikazioaren erabiltzaileekin harremanetan jar daitezke posta elektronikoz jakinarazpenak edo informazioa emateko. Hori bai, garatzaileak aukera hori publizitatea bidaltzeko erabiltzen badu, jakin behar du erabiltzaile batzuek aplikazioa desinstalatuko dutela.
Aplikazio biltegiensistemak
GNU/Linux sistemetako erabiltzaileek aspaldi erabiltzen dituzte aplikazio biltegiak; pakete biltegiak, zehatzago esanda; sistema horietan instalatzen den softwareei pakete esaten zaielako. GNU/Linux sistemetan, banaketa bakoitzak —are gehiago, banaketa bakoitzeko bertsio bakoitzak— biltegi berezi bat du. Horren adibidea da Ubuntu Software Biltegia (http://www.ubuntu.com/ubuntu/features/ubuntu-software-centre). Ubuntu banaketa ospetsuaren pakete biltegia, alegia. Bi biltegi mota nagusi daude GNU/Linux sistemen munduan: apt eta rpm. Ubuntu banaketa Debian banaketan oinarrituta dagoenez eta Debian banaketak apt sistema erabiltzen duenez, Ubuntu Software Biltegiak ere apt erabiltzen du. Red Hat edo Fedora banaketetan, adibidez, rpm sistema erabiltzen da. Sistema horietan, aplikazioak edo paketeak libreak dira gehienbat, eta doakoak.
Googlek ere aplikazioen biltegiaren bidea jorratu zuen Android sistema eragilearekin. Horrela, sakelako telefonotik edo tabletatik oso erraza da erabiltzaileak nahi dituen aplikazioak bilatzea eta instalatzea. Android Market du izena Androiden aplikazio biltegiak. Hau da aplikazio biltegiaren helbidea: https://market.android.com/. Aplikazio batzuk ordainpekoak dira, eta beste batzuk, doakoak.
Appleren aplikazio biltegia ere oso ezaguna da; App Store, alegia. Bertatik softwareak eskura daitezke Mac Os X eta iOS sistema erabiltzen dituzten gailu guztietarako. Hau da haren helbidea: http://store.apple.com/. Microsoftek Windows Phone Marketplacea eskaintzen du.
Hau da haren helbidea: http://www.windowsphone.com/marketplace; eta jada iragarrita dago aplikazio biltegi bat MS Windows 8rako.
Zibergela
Aplikazio biltegiak
Aplikazio biltegiak oso erosoak dira sistema batean aplikazioak instalatzeko, desinstalatzeko eta eguneratzeko. Badirudi sistema gehienetan joera hori dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu