Brezhoneg ha plijadur! (Bretoiera eta plazera!) lelopean ekinen diote gaur, 18:00etan, Ar Redadeg bretoieraren aldeko korrikari. Saint Herblain hirian hasiko dira, eta zortzi egunez mila zazpiehun kilometro zeharkatuko dituzte, Locoal Mendonera heldu arte. Bretainiako bost departamenduetatik eramanen dute lekukoa, eta bukaeran irakurriko dute barnean daraman mezu ezkutua.
Katelin Al Lann Ar Redadegaren koordinatzaileak aipatu du «oso kontent daudela herritarren engaiamenduarekin. Izan ere, bosgarren edizioa da aurtengoa. Bi urtero antolatzen dute, eta 2008tik orain arte, zeharkatzen dituzten kilometro kopurua hazi da, baita parte hartzea ere. «Txikiak gara, baina pixkanaka jende gehiago engaiatzen da bretoieraren alde», aipatu du. Haren aburuz, zaila da herritarrak bretoierara lotzea: «Historian gure hizkuntza kulturatik deuseztatu dugu. Lana, orduan, zailagoa da, baina aldarrikatzen jarraituko dugu bretoiera onartua izan dadin».
Hogei mila inguru lagunen parte hartzea espero dute, Al Lannen arabera. Korrika hasi aurretik ekintzak izanen dira hirian giroa alaitzeko. «Bretoieraz hitz eginez, herritarrek plazer hartuko dutela zabaldu nahi dugu», Al Lannen hitzetan. Ar Redadega Korrikaren ideia harturik sortu zuten 2008an. «Asko eskertu dugu euskal herritarrek emandako laguntza», aipatu du. Sortu zenetik, Euskal Herritik hainbat lagunek parte hartu dute Ar Redadegen. Jasotako diruaren erdia bretoiera irakasten duten eskoletara bideratuko dute, eta gainontzekoa hizkuntzaren aldeko proiektuak sustatzera.