Ondarea

Araitz ibarreko ahozko memoria jaso dute 'Araxesen gainetik, Malloen azpitik' dokumentalean

Labrit Ondareak sortu du filma, eta maiatzaren 7an estreinatuko dute, Araizko udaletxean. 60 herritarrek baino gehiagok hartu dute parte lan prozesuan.

Dokumentaleko irudi bat. LABRIT ONDAREA
2021eko maiatzaren 4a
17:20
Entzun

Araizko eta Beteluko udalek euren herrietako memoria jaso nahi izan dute ikus-entzunezko lan batean, transmisio lan bat egiteko asmoz. Duela hamar urte hasi ziren memoria hori biltzen, eta horretan oinarrituta sortu duten dokumental bat estreinatuko dute aste honetan. Joan den mendeko ohiturak, ogibideak, ospakizunak, harremanak eta sinesmenak erakutsiko ditu, besteak beste, Araxesen gainetik, Malloen azpitik lanak. Labrit Ondareak ekoitzi du.

[vimeo]https://vimeo.com/538652577[/vimeo]

«Nekazaritza eta artzaintza lanen nondik norakoak erakutsi zizkiguten, malkorraren kontra pilotan aritzen zirenekoak, ihoteetan egin ohi zituzten antzara-jokoak, herrien arteko harremanak, ondoko herriko festetatik bueltan neska eta mutilen artean sortzen ziren hartu-emanak...», azaldu du Labritek.

Gainera, Araitz ibarrean gertaturiko inkisizio prozesu bat ere kontatu dute filmean. «Zugarramurdiko sorginkeria prozesuak bezainbeste oihartzun izan ez duen arren, hura bezain bortitza eta bidegabea izan zen Intzako herritarrek pairatu zutena», esan dute.

1595. urteko lehen hilabeteetan, 28 herritar atxilotu zituzten, sorginkeria egotzita. Hamar gizon eta hemezortzi emakume. Tartean, 9, 13, 15 eta 16 urteko lau neskato. Iruñeko espetxean eduki zituzten azaroan izan zen epaiketaren zain, baina horietatik hamabi ziegan bertan hil ziren. Bizirik epaiketara iritsi zirenetako bat zen Martin Barazarte. Hark ehun zigorrada jaso zituen, eta sei urteko urruntze agindua ezarri zioten. Gainerakoak kargurik gabe oso egoera txarrean bueltatu ziren etxera, eta euren ondasunak bahitu zituzten atxiloaldia ordaintzeko.

Gertakari horien transmisioan etenak egon dira, eta, dokumentalaren bidez, omenaldi bat ere egin nahi diete sorgin ehizaren biktima izan ziren herritar horiei. «Oraindik euren lanbide, sinesmen, ospakizun eta ohitura asko eta asko ditugulako». Horietako batzuk jasotzen ditu dokumentalak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.