Arantzazu ezagutarazteko, bat egin dute bertako elkarteek

Urtean lau informazio liburuxka argitaratuko dituzte, eta webgunean bilduko dute egitarau bateratua

Erredakzioa
Donostia
2011ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
«Arantzazu egunero ari da». Horixe erakutsi nahi dute Arantzazun lan egiten duten erakundeek, eta, horretarako, guztiak batu eta Arantzazun egiten diren ekimen guztien berri batera ematea erabaki dute. Bi helbururekin batu dira: batetik, jarduera guztien programazioa bateratzea eta hiru hilean behin argitaratzea. Eta, bestetik, gonbita egitea bisitariek urtaro guztietan Arantzazu bisita dezaten .

Gizaker enpresak egindako inkesta batek berretsi egin du Arantzazun zuten ustea: «Euskal gizartearen, komunikabideen, iritzi publikoaren, enpresen, GKEen, elkarteen, unibertsitateen, erakundeen eta beste hainbat eragileren gehiengoak ez du Arantzazun gertatzen ari den horretan parte hartzen, Arantzazun gertatzen ari den horren berri ez duelako».

Aurrera egiteko erabakia

Horri aurre egiteko, bi erabaki hartu dituzte Arantzazun lan egiten duten erakundeek. Lehena, hiru hilean behin liburuxka bat argitaratzea. Bertan bilduko dituzte beren ekintza guztiak. «Elkarlanean aritzea erabaki dugu, geure indarrak batzea, denon artean Arantzazun zer gertatzen den entzun, ikus eta jakin dadin lortzeko».

Bestetik, urtaro guztietan bisitariak erakartzeko lana egingo dute. Hala, urtaro bakoitza egunaren parte bati lotuko diote, gai bati, kolore bati, eta Arantzazurekin lotutako ekintzaren bati eta haren balioei.

Neguko hotzaz babesteko, jantokiaren epela proposatzen dute. Udaberria egunsentiarekin eta naturarekin lotu dute. Udan, berriz, ilunabarraz eta espiritualtasunaz gozatzea proposatzen dute. Eta, azkenik, udazkenean, Arantzazuren edertasunera hurbiltzeko, arratsa eta kultura aukeratu dituzte.

Egutura horren arabera ordenatuko dituzte ekitaldiak. Eta programa osoa haien webguneetan eta baita www.arantzazu.org orrian ikusi ahal izango da. Horrez gain, urtean lau informazio liburuxka argitaratuko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.