Gipuzkoako natur eta kultur ondarea herritarrei gerturatzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiak 2005ean jarri zuen abian parketxeen sarea osatzeko egitasmoa. Ia sei urteko ibilia egin du ordutik Mendiz mendi, mendez mende ekimenak, eta atzo egin zuen urratsetan azkena, Arantzazuko interpretazio gunearen aurkezpenarekin. Gandiaga Topagunearen eraikinean egin dute parketxea, eta aurrez irekitako Pagoetako Iturraran, Aralarko Lizarrusti eta Aiako Harriko Arditurrirekin batera osatuko du Gipuzkoako parketxeen sarea.
Aizkorri-Aratz mendigunerako sarbide izango da Arantzazukoa, eta inguruko mendien eta santutegiaren esanahia eta balioa bisitariei ezagutaraziko diete. Ondo bereizitako hiru gune ditu parketxeak: bisitariari harrera egiteko gunea, historia eta naturaren gunea, eta kultura eta paisaien gunea. Paisaien gunean, gizakiak ingurunean izan duen eraginari erreparatuko diote, eta artzaintzari tarte zabala emango.
Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olano, Oñatiko alkate Lourdes Idoiaga eta Arantzazuko frantziskotarren goardiano Jose Mari Agirre izan ziren, besteak beste, atzoko aurkezpen ekitaldian. Guztiek azpimarratu zuten naturaren altxorrak eta kutur ondarea gizarteratzeak duen garrantzia, eta horretan parketxeek duten garrantzia. «Natura errespetatzea Gipuzkoaren etorkizunaren alde egitea da, eta Aizkorri-Aratzeko zentro hau gehituko zaion parketxe sareak horretan laguntzen du», esan zuen Olanok.
Arantzazukoarekin osatu dute parketxeen sarea
Aizkorri-Aratz natur parkeko interpretazio zentroa Gandiaga eraikinean jarri dute; atzo aurkeztu zuten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu