Mendi ibilaldia

Arbailetan, olaz ola

Arbailetan, olaz ola.
Arbailetan, olaz ola.
  • Herrialdea: Zuberoa
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Potto, Üdoia, Hegillor
  • Distantzia: 8 km.
  • Iraupena: 2 ordu eta 15 mn.
  • Ingurunea: Arbailetako oihanaren eta bazkalekuen muga-mugan, Potto, Üdoia eta Hegilloreko artzain txabolak lotuko ditugu ibilaldi labur eta errazean.
  • Estekak: Ibilbidea
2010eko abenduaren 31
00:00
Entzun
Oinez ibiltzen hasteko gunea aurkitzea nahiko erraza izango dugu. Izan ere, Altzürükütik Ahüzkirako bideak Altzaitik datorrenarekin topo egiten duen lekua bera izango dugu abiapuntu. Altzürükütik etortzean, Arbailetako basotik —hemen, Itheko oihana izena ematen zaio— doi-doi irten edo gero topatzen den larre horri Potto deitzen zaio. Hortxe bertan, artzain txabola zaharberritu bat ikusiko dugu: Pottoko lehengo ola, hain zuzen; gaur egun, artzainek baliatzen dute. Altzairako bidea hartu eta berehala topatzen da. Pottoko artzain ola zaharra berreraikiarazi zuten horren jabe diren laborariek eta Xiberoko Botingoak, zeinak Zuberoako mendi bazkaleku eta basoak kudeatzen dituen. Berreraikitze hori egin zuten laboraria ez den jendeari erakusteko nolakoak ziren lehengo artzain olak… eta haietan nola bizi ziren artzainak udako bortukaldian. Ekimen hori txalotzekoa bada, ez da berdin egiterik han-hor jarritako azalpen pankartak erdara hutsean eginarazteaz. Euskara, berriz ere, euskal lurrean petzero…

Pottoko artzain ola zaharraren aitzinetik pasa eta gero, xenda baten gora joanen gara, ekialderantz; hots, oihanari buruz. Aski laster, haatik, oihanari bizkar emango diogu, harkaitz, ote eta belarrez tapatua den maldaren gora ipar-mendebalderat ibilita. Gailurra osatzen duen lautadara heldurik, ipar-ekialdean aski dotore ageri da Beligaine mendia, eta hari buruz jarraituko dugu, apur bat behera eginda ere.

Une batean, zulotxo batean ezkutaturik, iparraldera oso, artzain ola zahar eta txiki bat agertu zaigu begi-bistara. Burdin xafla herdoilatuz tapatua den eraikin xume hori Üdoiako ola da. Aspaldidanik ez da hor artzainik egoten; bai, ordea, noizbehinka, euskal mendien maitale eta jakitun handi bat. Horren berri ematen dizuegu, bestalde.

Üdoiako ola xaharra irekia da, eta hortxe ere pasa daiteke gau bat edo beste, janari eta behar den guztia baitago bertan utzia. Urik, haatik, ez dago, hurbilean behintzat, gure Pirinioetan maiz gertatzen diren lur astinaldiek— gehienetan ez gara horietaz konturatu egiten ere— agortu baitituzte urbegi asko eta asko, Üdoiakoa tartean. Üdoian egon daiteke apur batean, bai, baina Zuberoako artzaintza lege zaharrez, dena txukun utzi behar da, etortzean aurkitu den moduan. Berotzeko egurrik baliatzen bada, esaterako, baliatu den egur adina moztu behar da. Eta, jakina, lekuak garbi utzi, lekutik alde egitean.

Etxebideko ola galdua

Üdoian egonaldi labur ala luzea eginik, artzain ola xume honen eskuinaldean abiatzen den eta atzealdetik aurrera doan xenda hartuko dugu. Abiatu eta berehalaxe, haatik, xenda horren herexa tarteka galdu egiten da, sastraka artean. Orduan, gogoan eduki behar dena zera da: oihan ertzaren goialdean geratu behar dela beti eta ipar-mendebalderantz joan, batzuetan ezkerrean daukagun maldaren gora ibilita. Dena den, bazterrak garbiago egiten dira aski laster. Mapa ondo irakurtzen badakigun ala ez agerian jartzeko aukerarik izango dugu ere ibilbidearen tarte honetan. Izan ere, mapak zehazten du Etxebidea izeneko artzain ola batetik pasatzen dela bidezidorra. Kontua da, baina… txabola hori aspaldianhondatuta dagoela eta sasiaren artean hartua. Ongi begiratuz gero, haatik, hondatutako horma bat, behintzat, ikus daiteke. Mapan jarritako xendari zehatz jarraituz gero, Etxebideko artzain ola izanaren albo-albotik igaro behar da. Ea topatzen duzuen ezkutatutako eta hondatutako eraikin hori.

Etxebidea aurkiturik ala ez, lepo txiki bat pasatu ondoren, Arbailetan hain ohikoak diren zulogune baten ezkerretik eta goialdetik aurrera egin ondoren, horiz seinalatutako Xiberoko xendak gidaliburuko ibilbide batekin egingo dugu topo. Horri jarraitzean, Hegilloreko txabolara iritsiko gara. Artzain ola hori bai, badabil, eta aukerarik ematen digu ikusteko nolakoak diren Zuberoako egungo artzain lantoki eta bizilekuak. Hegilloreren mendebaldean ageri diren beste bi artzain olak dira Lüküinebeheti eta Olazezarre. Hegoaldean, oso dotore, nork ez du ezagutuko Ori mendiederra?

Hegilloren xenda seinalatua utzirik, ezkerraldean —hegoalderat, beraz — daukagun bizkarrarengainera igoko gara. Hortxe topatuko dugun lautada zabaleanhego-ekialdera ibiliko gara; hori guztia Hegilloreko ardien bazkeleku ibilbidea da. Ardiek egunero egiten duten buelta horri builta deitzen diete Zuberoako artzainek. Builta horretan ibilita, ikusmen zoragarria gozatuko dugu, Arbailetako beste artzain larretara zein Biarno eta Zuberoako bizkar, mendixka eta bortu gorenetara. Larre horren erditik ibilita, Auñamendi miresgarriaren norabidean nola edo hala, une batez eskuinaldean eta behealdeanikusiko ditugu Pottoko bidegurutzea, artzain txabola eta alboan dituen beste bi eraikinak. Haatik, ez gara horiek ikusi bezain pronto jaitsiko, bazterrak sasiak harturik eta aski zikinduak baitira. Hobe izango da bizkarraren ia bazterreraino heltzea eta joatean gorantz hartu dugun ibilbide zatia aldrebes egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.