Arbasoen hilerrien herria

Euskal Herriko txokoak. ElorrioHilobiak, baselizak, jauregiak... monumentuen ondarea da Elorrioren erakarpen nagusia; horietatik ezagunena, Argiñetako hilobia.

Euskal Herriko panteoi garrantzitzuenetakoa da Argiñetakoa. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
2011ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Txikia bada ere, ia zazpi mendeko historia du Elorriok (Bizkaia), eta denbora horretan lortutako ondareak egiten du erakargarri herria. Naturaz eta historiaz gozatzeko herri lasaia da, Bizkaitik Gipuzkoarako bidean.

Anbotoko mendilerrotik urrun xamar dagoen arren, Udalaitz mendiaren magalean dago Elorrio, naturaz inguraturik. Mendi horretan jaiotzen da, hain zuzen, Zumelegi erreka; Elorrio ureztatu, eta bidean behera egin ahala, Ibaizabal bihurtzen da.

Duela bi mende, 25 baseliza zeuden Elorrion; baina horietako hemeretzi baino ez daude zutik egun. Baselizen artean, San Adriangoa da bereziena, Mendraka auzorako bidean dagoena. Bertan, Erdi Aroko hainbat hilobi eta hilarri batu zituzten XIX.mendean, egungo Argiñetako nekropolia sortzeko. Euskal Herriko panteoi garrantzitsuenetakoa da, VII. mendeko hilobiak daude bertan: hogei hilobi eta bost hilarri guztira. Argiñetako hobiak Oiz menditik ateratako harearriz eginak daude, eta gehienak bi piezaz osatuak daude, kutxa eta estalkia deritzotenak. Hilarriak ere harearriz egin zituzten. Lau zirkularrak dira, bosgarrena hirukia, eta guztiek ageri dituzte astrologia ikurrak.

Gerrak, jauregiak eta bainuetxeak

San Agustin elizaren lurrak zirenetan sortu zen Elorrio. Geroago, 1468an, ganboatar eta oñaztarren arteko gerra garrantzitsuenetako bat izan zen bertan, Elorrioko bataila deritzona. Garai hartan, harresi batek inguratzen zuen herria, eta gaur egun San Tello ataria da, babesaren azken lekukoa. Ateak hiru metroko altuera eta 2,5 metroko zabalera dauka. Almenak ere zutik ditu, eta kanoi bat du gainean.

Erdi Arotik hona zeharo aldatu da Elorrio, baina orduko jauregi ikusgarrietako batzuk zutik diraute oraindik ere. Hala ere, gehienak XVII. eta XVIII. mendekoak dira. Denborarekin, aldatu egin da eraikin horietako erabilera; Txitxirri ikastola, adibidez, jauregi izandako eraikinean dago.

XIX. mendearen hasieran, bainuetxeetan zentraturiko turismoa zen jarduera ekonomikoaren ardatz. Belerineko urak aprobetxatzeko bainuetxea eraikitzea onartu zuten udalean, 1826. urtean. Ur hori oso estimatua zuen jendeak gaixotasun ugari sendatzeko: bronkioetako gaitzak, artritisa... Dena dela, ez zen hori Elorrioko bainuetxe bakarra, ezta zaharrena ere. Galartza inguruan, Isasiko iturburu sufreduna aprobetxatzen zuten bainuak zeuden.

Herria zeharkatu ahala, harrizko gurutze ugarirekin topo egin daiteke, bide gurtze deritzanak. Izan ere, Bizkaian, arte eta arkeologia aldetik balio handiko gurutze gehien duen herria da. Udaletxean, berriz, armarria ikus daiteke. Bertan, herriari izena ematen dion zuhaitza azaltzen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.