Ardiak ere Oinez-en alde

Lemoa eta Urdiain arteko bidea 42 ardirekin egin ondoren, Zizur Txikira iritsi da Alex Txikon, eta Nafarroa Oinez-erako lortu dituen 1.500 euroak utzi ditu ikastolan.

Ardiz inguratuta iritsi zen Alex Txikon atzo San Fermin ikastolara. LANDER F. ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
Zizur Txikia
2012ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Alex Txikon mendizale bizkaitarrak beste erronka bat bete du. Hiru egunean transhumantzian artzain lanetan ibili ondoren, 42 ardiko artalde batekin iritsi zen atzo Zizur Txikira, San Fermin ikastolara. Zain zituen ikastolako haurrak, eta ongietorri beroa egin zioten. Lemoa (Bizkaia) eta Urdiain (Nafarroa)lotu ditu Txikonek, eta, erronka gaindituta, Nafarroa Oinez-erako lortu dituen 1.500 euroak utzi zituen ikastolan. Izan ere, Nafarroa Oinez urriaren 21ean eginen da aurten, San Fermin ikastolaren alde.

Goizeko hamarretarako, ikastolako atean ziren Alex Txikon eta bere laguntzaile taldea. Makilak eskuan, Pabi Astondo Zeanuriko artzainaren aginduei jarraituz, 42 ardiak aurrean hartuta sartu ziren ikastolako atarira. Ardien zintzarriak eta Astondoak zezen adarrarekin egindako soinuak adi jarri zituen ikastolako haurrak; pozarren atera ziren atarira, eta asko harrituta zeuden ikusten ari zirenarekin. Txikienak, jakin-min handiz, animaliak ukitzen ibili ziren, hara eta hona, aztoraturik. Ataria ikaslez mukuru zen, guztiak ardiak inguratzen. Txikonek Eguzkilore bitxi dendak babestutako desafioaren diruaren txekea eskura eman zion Pilar Vicente ikastolako zuzendariari. Txikoni eta artaldeari egindako ongietorria bukatzeko, ikastolako haurrek eta irakasleek aurtengo Nafarroa Oinez-eko kanta abestu zuten. Hainbesteko zalaparta eta mugimendurekin, artaldea aztoratu egin zen, eta ihes egin zuen. Astondoak, Karmen bere artzain txakurraren laguntza paregabearekin, bueltan ikastolara ekartzea lortu zuen.

Galartzatarrak gogoan

Horri ETBk Txikonen erronkarekin egin duen programa gehitu behar zaio. Hiru egun horietan, mendizalearen eta artaldearen ibilerak grabatu ditu Baleuko ekoiztetxeak ETBrentzat, atzoko ekitaldia barne. Sortuko duten lana heldu den astean emango dute, urriaren 14an, 21:15ean. Hurrengo astearte, asteazken eta ostegunean ere errepikatuko dute, ordu berean. Igande honetan zortzi ere botako dute, 22:00etan.

Lemoa eta Urdiain 42 ardiburu hartuta abelbidez egiteko erronka Urdiaingo Jabier Galartza pilotariaren familiaren bizimodua gogorarazteko egin du Txikonek. Ardiak hartuta, lurralde epelagoen bila, negua pasatzera abelbideetan barna transhumantzian joaten ziren Urdiaindik Lemoara galartzatarrak. Ez42 ardirekin, Txikon eta bere taldea bezala, ehunka abelbururekin baizik. Artzain haien lan gogorra, urteroko ohitura eta memoria berreskuratu nahian, joan den igandean abiatu ziren oinez Lemoatik, eta herenegun gauean iritsi ziren Urdiainera. «Gogorra izan da, baina polita. Pozik nago lortutako erronkarekin», zioen Txikonek, lana bukatu ondoren. Artzainen lana goraipatu du, gainera. «Nortasun berezia dute, eta Euskal Herrian izan duten eta duten zeregina oso garrantzitsua da».

Ikastolan ere pozik zeuden bisitari bereziekin. «Haurrentzat ikaragarria izan da, oso ezberdina eta polita», esan zuen Pilar Vicente ikastolako zuzendariak. Urriaren 21eko egun handirako prestaketan dabiltza. Lan eta lan ari dira dena behar bezala atera dadin. Beste ikastetxeei bezala krisiak «asko» eragin diela gogorarazi du Vicentek, eta jendea Nafarroa Oinez-era gonbidatu du. «Krisia asko ari gara nabaritzen, eta jendea etor dadila eskatzen dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.