Udazken eta negu osoan oso euri gutxi bota badu ere, egunotan gogoz bota du Bardean (Nafarroa). «Ez da egun ona ardiak bazkatzera ateratzeko, dena bustita dago eta lohiz beteko gara. Ardiak ez direnez geldirik egoten, txoratuko gaituzte», ohartarazi du Jabier Otal artzainak. Otal familia artzain familia da. Erronkariko Garde herrian sortuak, Enrike Otal aitaren ogibidea hartu dute bost semeek. Aitak 72 urte ditu, eta erretiroa hartua du. Semeek Otal-Mamilo SL enpresa osatu dute, eta 4.500 buruko artaldea gobernatzen dute. Udazkenean, Erronkariko Pirinioetako hotz hasi berritik ihesi ekarri zituzten Bardeara: transhumantzia. Ekainaren hasieran, etorritako abelbide beretik igoko dira bueltan ardiekin Erronkarira, Ezkaurre mendira, uda pasatzera.
Ezin konta ahala kilometro
Jose Enrike Otalek 43 urte ditu. Aitaren ogibideari jarraituz, 14 urterekin hasi zen artzain. Anaiekin batera, udazkena, negua eta udaberri gehiena Bardean igarotzen du ardiekin. Erriberan duen etxean, Buñuel herrian,emaztea eta hiru seme-alabak utzi, eta Espartal parajean, herritik sei bat kilometrora duen ukuilu handian hasten du lan eguna, goizeko bederatziak aldera. Herenegun, euria leher ari bazuen ere, egunero bezala ekin zion lanari. Mosta Moumgeht familiarentzat lan egiten duen marokoarrarekin igo zen noranahikoan; atzetik Jabier anaia zihoan beste auto batean.
Ukuiluan aurrerako utzitako bi hilabete eskaseko arkume emeak dauzka hesi barruan. Pentsu medikatua bota die azpiletan, eta beste itxitura batean dauden laurogei bat hazitarako ahariei ere bota die pentsua. «Orain ez gara goiz etortzen, baina erditzen hasten direnean, hemendik hamar egunera, zortzietarako edo goizago etorriko gara», dio. Urtean hirutan erditzen dira ardiak: maiatzaren erdialdean, abuztuan eta neguan. «Erditze garaietan bazkaltzeko denborarik gabe ibiltzen gara, gelditu gabe».
Artegiko lanak bukatu, eta, Mostarekin batera, noranahikoan igo eta Bardeako Lo,a Negra lekura abiatu da. Mostar Marrapaten utzi du, han beste artegi batean duten artaldea gobernatzen. Jabier anaiak, berriz, aurrerako utzitako arkumeak ibiliko ditualokairuan hartutako Fustiñanako lurretan. Autoan 30 kilometro egin eta gero, Jose Enrike Loma Negrara iritsi da. Bardearen hego-ekialdean dagoen tokia da Loma Negra. Aragoirekin muga egiten du (Espainia), eta hainbat garaitako goi lautadek osatzen dute. Landaretza dagoen eremua denez, han 1.200 ardi ditu artegi batean. Artegiko atea ireki, eta egun osoan bazkatzera ateratzen ditu ardiak. Bata besteari jarraiki, azkar atera dira. Burumakur, jateko bila hasi dira han eta hemen. Euri tantak zintzar soinuekin nahasten dira, eta ordura arte isiltasuna zen tokian oihartzuna sortzen da. «Gaur hegietan ibiliko gara, majaraletan. Zelaietan ezin da sartu. Dena lokatza dago. Erromeroa, sisaioa eta koskojoa besterik ez dute janen».
Egunero belar bila, ezin konta ahala kilometro ibiltzen da artaldearekin Jose Enrike. Baina hori ere eguraldiaren araberakoa izaten da. Beroarekin gutxiago mugitzen da artaldea. «Gaur ganadua ez da gelditzen. Euriak ez die bakerik ematen. Lasterka egin, besterik ez dute nahi. Ez dira geldirik egoten». Hogei egun daramate hilea moztuta, eta jada ile zerbait atera zaien arren, ez daude eroso euripean.» Animaliak pertsonak bezala dira. Euria sumatzen dutenean, aterpe bila ibiltzen dira, gelditu gabe. Egunotako euriarekin belarra ateratzen hasia da lehorteagatik erabat soilduta zeuden larreetan, baina ezin izanen dira haietan bazkatu. «Lokatzarekin ez dute belarra jaten, hankapetu besterik ez dute egiten. Horregatik ezin gara sartu». Ardiak gobernatzeko eta bakardadea uxatzeko, Morena eta Txeroki artzain- txakurrak ditu laguntzaile. «Horiengatik ez balitz, ez nuke artaldea aterako. Asko laguntzen didate, batez ere honelako egun euritsuetan».
Egun eguzkitsuetan, erretzeko haragia ekartzen du, baina gaur ogitartekoarekin konformatu behar. Tortilla ogitartekoa eta gazta pixka bat janen ditu otorduan. «Egun osoan oinez eta lohiz gainezka ibiliko naiz. Sakanetatik eta hegietatik barrena dena lokatza da», dio etsita.
Euria egiten duen egunetan bakerik izaten ez duen arren, egunotan asko eskertu du euria. «Hemndik zortzi egunera aterako den belarrarekin asebeteko dira ardiak, eta egunotan galdutakoa berreskuratuko dute». Aurten nozitu duten lehortea okerragoa dela dio. «Belar gutxi atera da, eta abereek ez dute pisurik hartu. Pentsua eman behar izan diegu, eta ustekabeko gastu gehigarri bat izan da».
luntzerako berriro artegira bilduko ditu ardiak. «Aske utziko bagenitu, nekazariek ereindako soroak jan eginen lituzkete». Bardean garagarra eta gari gogorra ereiten da, eta orain ontzen ari da. Zelaietan eta hegietan bazka daitezke ardiak, baina soroak errespetatu egin behar dira. «Deusen okerrik ez bada, bederatzietarako etxean egonen naiz», dio irribarretsu.
Barrutiekin etorkizunik ez
Artzain lana gustuko duen arren, etorkizunari begira ez da itxaropentsu. «Etorkizunak ez du itxura onik. Jateko eta ahal dugun moduan bizitzeko ematen digu, baina neke handia da hain etekin gutxirako», dio hasperen eginez.
Seme zaharrenak 17 urte ditu, eta ez du uste ofizioan jarraituko duenik. «Ni eta osaba nola bizi garen begiratzeko esaten diot maiz. Laguntzera gogoz eta pozik etortzen da, baina gerora zer eginen duen ez dakit. Berak ikusiko du, ez dut behartuko». Belaunaldi jarraipenari Bardeako Juntak eremua ustiatzeko egin duen arau aldaketa gehitu behar zaio. Abereak bazkatzeko 87 barrutitan banatu du Bardea Juntak. Barruti bakoitzean, gehienez, 750 ardi sartu ahal izanen dira. Horrekin parajean dagoen larre faltari irtenbidea eman nahi diola dio juntak.Ehunen bat ganaduzaleri eragiten die neurriek. Horiek, baina, eta tartean dago Otal familia ere, ez daude ados arau berriarekin.
«Bost anaia gara, eta barruti bakarra ematen digute. Nola izan behar ditut 4.000 buru barruti batean. Ezinezkoa da. Hamar egunean bukatzen da jatekoa, eta gero zer?», dio kezkatuta.
Bardeako larreak baliatzeko orain arteko modua ehunka urtean mantendu da, eta egitasmo berriak desagerrarazi eginen duela uste du artzainak. «Tausteko mugatik sartu (Espainia) eta Zarrakazteluraino (Nafarroa) joaten naiz. Beste artzainak bezala, belarra dagoen tokira mugitzen naiz. Hori desagertu eginen da». Bardeak 42.000 hektarea inguru ditu. Eremua aprobetxatzeko eskubidea duten 22 entitateetatik hogeik arau berriaren alde egin dute. Erronkari eta Zaraitzu ibarretako ordezkariek bakarrik bozkatu dute aurka. Bardeako Ganaduzaleen Elkarteak helegitea jarri dio arauari, eta epaiketaren zain daude. «Haran bakoitzeko bospasei ganaduzale sartu ahal izanen dira. Besteek ez dute eskubiderik izanen. Horrela ezinezkoa da aurrera egitea eta abeltzaintzaz bizitzea».
Ezarian. Transhumantzia Bardean
Ardiekin Bardean
Otal familiaren 4.500 abelburuak Bardean bazkatzen dira neguan eta udaberrian. Uda pasatzera Erronkari ibarreko mendietara igo aurreko azken asteak dira hauek artaldearentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu