Tradizioa eta modernitatea uztartzen ditu Arabako Errioxak. Mahastiek ordoki luzeak zaintzen dituzte urte osoan, mahatsa biltzeko sasoia heldu artean. Urteetako tradizioa, teknologia mahats biltzaileen lagun bilakatu denean ere bai. Eta han, mahats ilaren artean, ikuspegi leuna hausten duten bi moderno. Upategi bat ez, beste edozer dirudi. Samaniegoko Baigorri eta Eltziegoko Marques de Riscal dira; artearen eta ardoaren arteko bat-egiteak AEBetaraino eraman ditu: San Frantziskoko MOMA Arte Modernoko Museoak bi upategien maketak jasoko ditu apirilaren 17ra arte, How wine became modern (Ardoa nola bilakatu zen moderno) erakusketan.
Ezaugarri estetiko bat baino zerbait gehiago da upategion itxura. «Artelan bat» izateaz gain «arkitektura ardoaren zerbitzura» jartzen dela azaldu du Baigorriko Simon Arina enologoak: «Arkitekto handiek eraikin enblematikoak egiten dituzte, baina askok ez dute funtzionaltasunik».
Samaniegoko herrian dago Baigorri, Arabako Errioxaren bihotzean. 14.500 metro koadroko kristalezko kubo erraldoi bat da, Ebro ibaia eta Toloño mendilerroa elkartzen diren gunea, haizeek eta hezetasunak bat egiten duten ingurua. SFMOMA museotik bisita jaso zuten, eraikinarekin «harrituta» eta erakusketa baterako maketa bat egiteko proposamenarekin: «Hemendik kanpo gure herrialdean bertan baino oihartzun handiagoa izan du kasik», dio Arinak. Arkitektura, baina, ez da Baigorriko ardogileek zaintzen duten gauza bakarra: grabitatea, enoturismoa eta mahatsaren aukeraketa zorrotza garrantzitsuak dira Iñaki Aspiazu arkitektoak diseinatutako upategian. Arina enologoaren hitzetan, «uraren eta alkoholaren arteko disoluzioa da ardoa, azken batean». Horrekin lan egitean, indar natural bat ez dena sartzen diote ardoari; berezko egitura hautsi egiten dute. Horregatik, grabitateak ardoa errespetatzera eramango dituela pentsatzen dute Baigorriko arduradunek. Garai berrietara egokituz, baina antzina egiten zen modua atzean utzi gabe.
Euren lanaren erakusleiho ere bihurtu dute Baigorri upategia. Duela zortzi urtetik, zabaldu zutenetik, enoturismoa bultzatu dute; horretarako, instalazioak zabalik daude bisitarientzat: «Mahats bilketa izaten denean askok ateak ixten dituzte, bisitek traba egin dezaketelako. Guk geure lana erakusten diegu, prozesua ikus dezaten». Eta lan horren fruitu dira Baigorriko «ardo modernoak». Errioxako ardo klasikoetatik aldendu eta fruitu lurrineko ardoa egiten dute, egur ukitu justua duen ardoa.
Gehryren diseinua Eltziegon
Proiektua gauzatzeko kostuak kostu, «zaila da horrelako eraikin baten balioa neurtzea». Ardo botiletatik atera daitekeen etekinetatik harago doa: «Ez da upeltegi bat bakarrik; urteak igaro ahala, haren balioa handiagoa izango da». Simon Arinaren ustetan, erreferentea da Baigorriko upategia, ardoa zer den ulertzeko eta azaltzeko duten moduarengatik.
Hamar bat kilometrok banatzen dute Samaniego Eltziegotik. Frank O. Gehryk diseinatutako eraikin abangoardista dago han, Marques de Riscal upeltegiaren instalazioetako bat. Etorkizunaren ardoaren museoa, hotela eta ardoterapia spa gordetzen ditu barnean, 2006. urtetik, Ardoaren Hiria inauguratu zutenetik. Sortu zenetik (1858), eta ardoaren ekoizpena handitzearekin batera, instalazioak handitu behar izan dituzte. Argiak eta koloreek titanoarekin jolasean; barnean, berriz, ardoaren munduan murgiltzeko hamaika aukera. Biek ala biek, Arabako Errioxako lurretatik itsasoz bestaldera egingo dute bidaia; miniaturan bada ere ardoak eta arteak elkar uler dezaketela erakustera.
Ardoa, arkitekturaren zerbitzura
Arabako Errioxako Baigorri eta Marques de Riscal upeltegiak AEBetara heldu dira; San Frantziskoko MOMA Arte Modernoaren Museoak bien maketak hartu ditu, erakusketa batean jartzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu