Gizon edo emakume bat inolako tresnarik gabe eta tresnarik ezin badu egin, ez da ia ezer. Baina behin tresnak egiten hasita mundu osoa eta inoiz unibertsoa bera ere eralda ditzake. Atapuerca eta Orceko gizon eta emakumeak duela milioi bat urtetik gora dagoeneko ari ziren era guztietako materialak erabiltzen tresnak egiteko. Ez ziren oso tresna aurreratuak, baina esku hutsik baino askoz hobeto moldatzen ziren dagoeneko tresnen bidez eta ezinbestekoak zituzten haien bizimodua aurrera ateratzeko. Ordutik aurrera gizakiok era guztietako tresnak asmatu eta garatu ditugu. Tresna hauek gure artean eta ingurumenarekin harremana izateko halabeharrezkoak ditugu. Tresna hauetan oinarrituta jatorrietatik abiatu eta mundu oso-osora zabaldu gara.
Orain dela milioi bat urte, zaila zen bizirautea. Era guztietako istripuak, gaixotasunak, goseteak, gizakien arteko borrokak, animali basatien erasoak, e.a., gertatzen ziren etengabe. Bizimodu latza eta bizi-itxaropen laburrak. Horiei guztiei aurre egiteko, tresnak eta ezagutza, teknologia eta jakintza garatu eta transmititu behar ziren belaunaldi batetik bestera. Eta horrela egin dugu, teknologia etengabe garatuz. Baina geure buruak ez dira abiadura berean garatu eta segitzen dugu Paleolitoko jarrera eta pentsamolde asko eta asko izaten. Bestela ez da ulertzen gaur egun, milioi bat urte beranduago munduarekin egiten ari garena. Suizidiorako bidean gaude ez badugu Paleolitoko burua, XXI. mendeko burua bihurtzen, Homo sapiens sapiens espeziea Homo antecessor espeziearen bide beretik suntsituko da betirako.
Garatutako tresnei esker ilargiraino iritsi gara eta bertan zuzenean jarri dugu oina. Hori gutxi ez bada ere, gure tramankuluak eguzki sistemako azken muturreraino eta harago bidali ditugu. Mendirik altuenera, poloetara, basamortuen zoko ezkutuenetara, ia munduko azaleko toki guztiak zapaldu ditugu dagoeneko. Itsasoko sakonak gutxiago ibili ditugu, dena den eta ia Marte bezain gutxi, edo bezain asko, dena da nola begiratzen dugun, ezagutzen ditugu.
Duela milioi bat urte milaka gizaki batzuk baino ez ginen bitartean, eta apenas aurrera ateratzeko gai ginen neurrian, egun milaka milioiak gara eta gutako askok daukagunarekin bakarrik hainbat bizitza bizi gintezke. Izan ere, gizakia espezie bakarra izan liteke behar duena baino askoz gehiago pilatzera iristen dena, esan bezala, bizitza asko bizirauteko beste, batzuk ehunka eta milaka bizitza, beste asko gosez eta eritasunez hiltzen diren bitartean, alegia bizitza bakar bat ere bizitzeko haina ez daukatenean.
Baina mutur honetara iristeko, ingurumena ustiatu dugu neurririk gabe. Segitu dugu duela milioi bat urteko pentsamoldea aplikatzen gaur egungo bizimoduan, teknologia modernoa erabiliz. Honek, gainustiatzea eta ingurumenaren degradazio ikaragarria ekarri ditu. Duela milioi bat urte apenas bizi irauteko gai ez zen espeziea, egun planeta osoa eraldatzen ari da, mutur batetik bestera. Planeta eta planetaren guztia, klima, ingurumena, biozenosia, e.a. Dena. Aldaketarik ezean, honek suizidio kolektibora eraman gaitzake. Gehiegi gara dagoeneko geure planetan eta gehiegi ari gara berau ustiatzen. Eta abiadura moteldu beharrean, gero eta azkarrago goaz. Itsu-itsuan.
Negu honetan bertan ikusi ditugu Australia lehorrean inoiz izan dituzten eurite handienak eta uholdeak, Jules Vernek Munduari Bira Laurogei Egunetan kontatu zuen bezala. Antzekoak ikusi ditugu munduko beste toki hainbatetan azken urteotan eta duela gutxi Nature aldizkarian argitaratutako bi lan desberdinek frogatzen omen dute, aspaldi honetan gertatukoak neurri batean naturaren zikloekin lotu daitezkeela, baina soilik neurri batean, gero eta maizago eta gero eta muturragokoak baitira. Lan hauen arabera gutxietsi dugu hurrengo urteotan gerta daitekeena. Argi dago zientzialari hauentzat gertaera hauek guk eragindako klima-aldaketarekin lotuta daudela. Poloak zein mundu osoko glaziarrak urtu eta itsas-maila azkar igotzen ari diren bitartean, eurite gehiago, lehorte gehiago, muturreko eguraldi oker gehiago omen datoz gizakion kalterako. Baina hau jakinda, zergatik ez dugu, behingoz Paleolitoko mentalitatea baztertzen eta mentalitate moderno bat besarkatzen, gutxienez geure espeziea salbatzeko ez bada ere? Ezbairik gabe, ardurak hartu behar dira gaur bertan. Bihar berandu da.
Ezarian. Zientzia. Argi Aldian
Ardurak hartzeko beharra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu