Pilota haien teilatuan dago. Ironikoa da, kasu honetan, pilota zein teilatua ez baitira marka edo alderdi jakin batenak. Gureak dira. Denonak. Besteak beste, ordaindu egiten baititugu. Besteak beste. Eta pilota hara eta hona daralbilten eskuek printzipiotzat behar lukete baieztapen hori. Azken urte eta erdian, gutxi mugitu dute. Alde bakarreko jokoa izan da. Ez ditu ertz guztiak zapaldu. Areago, nork joka dezakeen erabaki dute justiziaren izenean. Justiziari jarraiki. Haien justiziari. Eta ahaztu egin zaie garrantzitsuena. Besteak beste, herriaren ordezkariak direla. Herria askotarikoa da. Beraz, askotarikoa izan beharko du partaideak biltzen dituen eskaintzak. Eta hori ez dago soilik ikus-entzuleon esku. Hau da, pilota haien teilatuan dago.
Hitzak ez dira aski,ekintzak behar dira. Hitzez jakin genuen. Lehenik albistea irakurri, ondoren elkarrizketa entzun. Radio Euskadiko Boulevard saioan Rufi Etxeberria ezker abertzaleko ordezkaria izan zen atzo goizean. Dani Alvarezek gidatuta, gaurko eta biharko egoera izan zituen hizpide. Bazen garaia. Dena den, pozak poz, etorri bezala joan da. Gaur, atzo arteko egoera bera dugu. Normaltasuna ez baitakarte ordu erdiko elkarrizketak ala handik ateratako tituluek. Gaur, bihar, etzi bermatuko ote dute aniztasuna? Nahi nuke albistegietan, mahai-inguruetan eta bestelakoetan bat gehiago izatea. Ez gehiago, ez gutxiago. Izan ere, atzokoak gehiago du hitzetik ekintzatik baino. Beraz, keinu soila izateko zantzuak dauzka.
Arduradunek dagokien ardura hartu beharko dute bere gain. Bitxia da. Denok dugu indarrean izan den betoaren berri. Gutxi dira, ordea, argibideak bozgora eskatu dituztenak. Hori erosoa da erabakia hartu zutenentzat. Hain erosoa, ze oraindik ez dute azalpenik behar izan. Ez hartu zuten garaian, ez albora uztea erabaki dutenean ere. Zaila da ulertzeko. Ondoriorik izan ezean, nork gogoratuko du urte batzuk barru? Gizartearen sektore bat bazter utzi duenak dagokion ardura hartu beharko du bere gain. Eta halakoak egiteko gai denari erantzukizuna eskatu egin beharko dio norbaitek. Hark ere izango baititu bere erantzukizunak.
Oharra: beltzez ageri direnak EITBko agintariak aukeratu dituzten alderdiko kideen adierazpenak dira. Noski, ez ziren beren buruez ari.
Ekografiak. Jokin Labaien
Ardurak, hitzak eta pilotak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu