ARGAZKIGINTZA. Misterio ukituarekin

Argazkiak ateratzea egunerokotasunetik ihes egiteko modua da Itziar Villarentzat. Paisaiak ametsetako bihurtzen ditu, bere ikuskeraren isla.

Idoia Etxeberria.
2008ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Kamera eskuko telefonoa bezalaxe da Itziar Villarentzat: «Beti daramat poltsan». Ondo sentiarazten du horrek, nahi duenean argazkiak egin ditzakeela jakiteak. «Inoiz ez dakizulako zer aurkituko duzun: ilunabar eder bat, xehetasunen bat... Kamera nirekin izatearekin bakarrik gustura noa». Argazkilaritza ihesbide zoragarria dela dio, egunerokotasunetik irteteko modu bat. «Ernegatuta banago, mendira joan, eta Jaizkibelgo pottokei argazki batzuk ateratzen dizkiet. Eta askoz hobeto sentitzen naiz! Guztia ahazten dut. Lasaitu egiten naiz».

Txikitatik dago argazkigintzari lotuta: «Lehen jaunartzean oparitu zidaten lehen kamera. Eta gero beste kamera asko etorri ziren, argazkiak han eta hemen». Zaletasuna, baina, orain urte bi sendotu zitzaion, Irungo argazki elkarteko ikastaro batean: «Orduan hasi nintzen konturatzen zer den diafragma, obturadorea... Eta gehiago baloratzen hasi nintzen, argazkia beste era batera ikusten».

Paisaiak jorratzen ditu batik bat. Ametsetakoak diruditen paisaiak. Malenkoniatsuak. Intimoak. «Hori gustatzen zait gehien. Eguneroko xehetasunei begiratzen diet. Polita iruditzen zaidanari argazkia atera, etxera joan eta ukituak egiten dizkiot: misterio kutsua emanez edo nik ikusten dudan bezala jarriz. Nire mundukoagoa bihurtzen dut». Argazkien edertasuna bilatzen du. «Itsusitik polita ateratzea, tristetik alaia... beti positiborantz. Gauza itsusien esentzia harrapatzen ere saiatzen naiz batzuetan».

Argazkilaritza analogikoa da Villaren arantzatxoa: prozesua hobeto ezagutu nahiko luke, baina oraingoz ez du aukerarik eduki. «Eta ez dakit izango dudan; analogikoa desagertzen ari da gutxinaka-gutxinaka!». Koloretan egiten ditu argazkiak, «zuri-beltzaren tratamendua ez baita batere erraza». Hutsune dezente dituela dio: «Niretzat hobby-a denez, ez ditut alor denak menperatzen. Erretratuak, adibidez. Jendea eroso senti dadin lortu behar da, eta, horretarako, ni nahiko lotsatia naiz». Irunen bizi da. Eta inguruan ateratzen ditu irudiak. Bidaietan ere bai. «Saiatzen naiz ahal den gehien bidaiatzen. Duela gutxi Parisen egon nintzen, eta ekainean Finlandiara noa».

Kirola egitea ere gustatzen zaio. Eta umetatik pintatzen du. «Pintura ikusteko modua: konposizioa, kolore nahasketa... lagungarria gertatu zait argazkiak tratatzerakoan. Denbora da ez ditudala pintzelak hartu... Eguneko 24 orduek ez dute denerako ematen!».



KLIK-KLaK

Izena: Itziar Villa.

Jaio: 1974an, Suitzan. Irunen bizi da.

Ogibidea: «Garraio enpresa batean egiten dut lan, Trafiko Sailean».

Argazkilaritza: 11 urterekin atera zituen lehen argazkiak, bainaserio 2006an hasi zen, Irungo argazki elkartean.

Sari eta erakusketak: «Hartu dut parte lehiaketa batzuetan eta irabazi dut sariren bat. Erakusketa txiki bat egingo dut Irungo argazki elkartean». Sarean: www.flickr.com/photos/itzi74/

www.federacionfotovasca.org
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.