Argiñetako arkeologia gunea ikertzen segituko dute

San Adriango baseliza eta nekropolia balioetsi zein leheneratzeko asmoa dute datozen urteetarako

Argiñetako gunea. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Bilbo
2012ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Elorrioko herrigunetik (Bizkaia) pare bat kilometrora dago Argiñetako gune arkeologikoa. Historia handiko txokoa da, eta azkenaldian hainbat aldiz ikertu dute. Eta ikertzen jarraituko dute.2012. urtetik 2014ra bitartean Argiñetan egin asmo dituzten lanak aurkeztu zituzten atzo, eta San Adriango nekropolia eta baseliza oso-osorik leheneratu eta balioetsiko dituztela jakinarazi zuen Josune Ariztondo Bizkaiko Kultura foru diputatuak.

Egitasmoa ikerketaren esparruan kokatzen da, baina ikerketa zabaltzeko asmoarekin hainbat jarduera antolatuko dituzte. «Gure iragana ulertzeko oinarrizkoa da ikerketa, baina gure sustraietan sakontzeko eta hori ezagutzera emateko beharra ikusten dugu, baita bertatik ikastekoa ere», esan zuen Ariztondok.

Toki gehiagotan

Elorrion ez ezik, Bizkaiko beste hainbat tokitan ere ari dira ikerketa historikoak egiten. Horren adibideak dira, besteak beste, Santimamiñeko koban (Kortezubi) eta Mañariako Askondoko koban egiten ari diren lana. Egitasmo horiek ikerketa historikoek duten garrantziaren isla dira. Iraganaz gehiago jakiteak oraina eta etorkizuna lantzeko bidea direlako indusketen egileen arabera.

Bide horretatik, Argiñetako proiektuaren antzeko egitasmoek duten garrantzia nabarmendu zuen Ariztondok atzoko agerraldian: «Kultura ondareari dagokionez, hiru ardatzen gainean oinarritzen da gure kudeaketa: ikerketa, mantentze lana eta zabalkundea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.