Arian-arian euskalduntzea

Nork bere kabuz euskara ikasi ahal izateko Arian izeneko metodoaren bigarren liburu sorta kaleratu du Elkar argitaletxeakEguneroko egoerak aurkezten zaizkio ikasleari hizkuntza progresiboki ikasteko

Inigo Astiz
2012ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Arian-arian ikasten dela. Hori dio esaera zaharrak, eta hori da euskara ikasteko Arian izeneko metodoaren muina ere. Iaz aurkeztu zuten nork bere kabuz euskara ikasteko aukera eskaintzen duen sistema horren lehen liburu sorta, eta bigarrena kaleratu du orain Elkar argitaletxeak. A2 mailaren lehen erdiari dagokiona. Hamabi unitate izaten ditu maila bakoitzak, eta lehen sei unitateak dira orain argitaratu dituztenak. Urtearen amaieran kaleratuko dituzte beste sei unitateri dagozkien materialak. Pixkana, arian ariz. Ikasleek ere aurrera egin ahala.

Metodo moderno baten falta sumatu zutelako erabaki zuten Arian sortzea, Txantxo Zubeldiak azaldu duenez. Bera da metodoaren editorea, eta dioenez, apustu handia izan da. «Erakundeek orain arte ez dute bere gain hartu lan hori, eta guk geuk egin dugu azkenean aurrera». Pozik dago orain arteko erantzunarekin, iaz kaleratutako lehen liburu sortak harrera ona izan baitu. «Nork bere kasa euskara ikasteko sortu genuen, batez ere, baina araututako irakaskuntzan ere erabiltzen dute. Institutuan euskara ikasten ari diren etorkinek, adibidez, asko eskertu dute euskara era moderno batean ikasi ahal izateko aukera eskaini izana».

Eguneroko egoeretan oinarritzen da ikasketa bide hau. Praktikotasunean. Hala, ikasleak ia egunero aurki ditzakeen egoerak biltzen ditu metodoak. Gaika antolatu dituzte unitateak horregatik. Erosketak euskaraz egiten irakasten du batek, eskaera bat euskaraz egiten beste batek, ibilaldi bat euskaraz antolatzen... Bestelako hizkuntzak ikasteko metodo modernoak ere gisa horretakoak dira, Zubeldiak azaldu duenez, eta hortik abiatuta sortu dute Arian. «Arriskatu egiten da bat halako metodo berri bat aurkezterakoan, baina orain arte oso erantzun ona jaso dugu ere irakasleen aldetik».

Itziar Etxabe, Beatriz Allo eta Ana Alkain izan dira A2 mailari dagokion liburu sortaren egileak. Euskara irakaskuntzan aritutakoak dira batzuk, eta oraindik ere horretan ari direnak besteak. Euskalduntze prozesua bertatik bertara ezagutzen dute guztiek. «Egunerokotasunean ohitutako jendea da», azaldu du Zubeldiak, «eta hori da metodo arrakastatsu bat sortzeko biderik onena. Esperientzia praktiko hori gabe, herren dago metodogilea». Baina ez da hori haien kasua. Idazleek gertutik ezagutzen dituzte ikasleen kezka eta zailtasunak, eta, beraz, badakite zer den liburuek eman behar dutena. Hizkuntzalari eta jardunean diren irakaslez osatutako kontraste talde bat ere badute, gainera, eta haien laguntzarekin aritzen dira metodoa orrazten, harik eta liburua kaleratzen duten arte.

Progresioaren garrantzia

Teoria eta praktika. Biak hartzen ditu kontuan Arian metodoak, eta bi liburu behar ditu horregatik ikasleak: ariketa eta azalpenekin batera, CD bat eta han esaten direnen audio bat ere duen Ikaslearen Liburua da bata, eta ariketak eta erantzunak dituen Lan Koadernoa bestea. Bideoz osatutako DVD bat ere izango du ikasleak eskura B1 maila bukatzerako, baina aurten kaleratuko duten bigarren liburu sortarekin helduko da hori.

Ez da erraza nork bere kasa hizkuntza bat ikastea, eta lan hori erraztea da Arian metodoaren helburua. Beharrezkoak dira diziplina eta esfortzua ikaslearentzat, baina aldapa goxatzea da xedea. Horregatik hautatu dute egunerokotasunetik gertuko adibideak jartzea. «Orain arteko metodoak astun xamarrak izan dira. Funtzionatu dute, etaoraindik ere funtzionatzen dute, baina pentsatzen genuen jendeari zor geniola metodo eder eta modernoago bat. Eta horretan ari gara».

Progresioa da metodoaren beste giltza. Urratsez urrats doa ikaslea hizkuntzan murgiltzen. Gaztelerazkoak ziren horregatik lehen mailako liburuxketan euskararen inguruko azalpen teorikoak. Bigarren liburu sorta honetan, berriz, gero eta handiagoa da euskararen presentzia azalpen horietan, eta handituz joango da ikasleak aurrera egin ahala. Urte bukaeran kaleratuko dute A2 mailari dagokion bigarren liburu sorta, eta B1 mailari dagokion materiala datorren urtean. Kasik euskara hutsean izango ditu azalpenak liburu sorta horrek. Zubeldiak dioenez, C1 mailara heltzea da helburua, eta hemendik bi urtera kaleratuko dituzte hari dagozkionak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.