Goiz-goizetik etxeko bazter ezkutuenak miatzen ero moduan ibili naiz, kajoiak gora armairuak behera, gaur bertan aurkeztu beharreko paper baten bila. Non arraio sartu ote nuen, nik ez dut-eta deus botatzen! Bat-batean gogoratu naiz etxekoa ez dela nire paperen, jantzien, liburu eta trasteen gordailu bakarra. Izan ere, aurreko astean hantxe topatu nuen, han-hemenka bilatu ondoren, nire mahai tolesgarria. Eta bi edontzi, ilobaren gerrikoa, Scrabble-a… Joan naiz aparkalekura, autoaren kapota zabaldu eta… tatxan! Hantxe zegoen papera, kaleko nire armairu pertsonalean, auskalo noiztik, batek daki zergatik. Eta ez naiz bakarra. Nik dakidan horrek bertan gordetzen ditu arropak, toalla, koadro bat, eguzkiko betaurrekoak, aulki bat, kamera, mendiko botak, koltxoneta, intxaurrez betetako zakua… harena bai merkadillo galanta.
Okerragoa zen Sokrates, nire lagun greziarra. Hasieran tipo miresgarria iruditu zitzaidan. Sei hizkuntza menderatzeaz gain, euskaldunak maite zituen, eta horrek elkartu gintuen, ez beste deusek. Bisitan joan nintzaion batean, agurtu bezain laster opari euskaldunik ekarri ote nion galdegin zidan. Hara bestea. Ba bai, patxaran botila bat, etxean prestaturiko atun potoa, euskarazko hiztegia eta euskal musika, bost CDtan bilduta. Poltsa eskutik kendu zidan, eta autoaren kapota zabaldu ondoren —hura zen xaia!— hantxe bota zuen, bere azken hamar bisiten oparien gainean. Berarekin igaro nuen hamabostaldiaren ostean, opariek kapotan zirauten. Urte asko igaro badira ere, litxarreriaz betetako kapota tzar hartan usteltzen ariko dira, ziur.
Maratila
Armairu osagarria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu