Aro ilunaren jai jentila Erandion

Barn Owl, Monarch!, Cuzo, Erroma eta Your Highness taldeak elkartuko dira Samhain jaialdian

Erredakzioa
2012ko urriaren 31
00:00
Entzun
Zelten Samhain jaia ospatuko dute gaur Erandion (Bizkaia) soinu indartsu bezain ilunak sortzen dituzten Euskal Herriko eta nazioarteko bost talderekin.

Udaren amaiera, uzten azkena eta urtearen erdi ilunaren hasiera ospatzen dute herrialde zeltetan urriaren 31n. Hainbaten arabera, horretan datza Halloween jaiaren sorburua. Mugimendu neopaganoak biziberritu du jaia azken urteotan.

Monarch! eta Erroma taldeek erakutsiko dute Euskal Herrian doom, drone eta bestelako doinu ilunetan egiten denaren lagin bat. Lehenak Baionan du egoitza, eta mundu osoan ibili dira, besteak beste, Australian eta Zeelanda Berrian. Erroma 2009an sortu zuten, Donostian, eta «zarata eta kristauen aurreko akordeak» agintzen diete entzuleei.

Barn Owl San Frantziskotik datoz (AEB) eta drone doinuen mugetan dabiltza. Gitarrak eta teklatuak erabiltzen dituzte, giro ilunak sortzeko Kalifornia eguzkitsuan, David Lynchen film baten soinu bandarako modukoak.

Cuzo Bartzelonako hirukoteak ere 1970ko rock progresiboan, krautrockean eta psikodelian oinarritzen du bere soinua, baina guztien irakurketa freskagarria eskaintzen dute.

Your Highness Flandriatik datoz (Anberes) eta iaioak dira soinu horma trinko gotorrak eraikitzen.

SAMHAIN JAIA

Noiz. Gaur, 21:30ean.

Non. Sonora aretoan, Astrabuduan, Bilbon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.