Herri batek bestea epaitu; Bergarak Arrasate auzitara. Debagoieneko Tobera antzezpenaren muina hortxe dago. Akusatuak: garbigailu bat eta hozkailu bat. Baietz kolpeka txikitu biak, azkenean. Herri antzezpen satiriko-ironikoan ez dira hitz zorrotzak faltako; erreferentzia anitz, adiera ezkutuekin, tokiko gakoekin, eskualdearen ezagutza historikoaren jabeak denak. Astoak ere taulara igoko dituzte epaileak haien hortzak azter ditzan edo. Jakingo al du Mikel Irizarrek halakorik egiten? Bera baita epaiketa horretan epaile. Eneko Barberena defentsako abokatuaren ekinak mendean eduki eta Ainhoa Agirreazaldegi fiskalarenak gobernatzeko gai izango da, noski. Denak ari dira indarrak biltzen egunotan, estrategia juridikoak fintzen, antzezpen-epaiketa gerturatzen ari da eta. Bihar, inuzente egunean zabalduko du saioa epailearen mailuak, Arrasateko Amaia antzokian, 19:30ean.
Iñaki Urruzola izenari erantzuten dio auzi larriaren arduradunak. Lasarte Oriarrak Mondragon Unibertsitateko Huhezi Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultatean dihardu. Lasarte-Oriak tradizio handia dauka tobera antzezpenetan, Iparraldean sortutako joerari jarraikiz. Urtero egiten da Santa Anako herri epaiketa han, eta sarritan idatzi du Urruzolak Santa Ana eta San Joakin sutan bukatzen duten prozesuen nondik norakoak. Orain, berriz, Bagara Kultur Sorguneak Debagoienera ekarri du tankerako epaiketa, Urruzolaren proposamena onartuta. Kontua da oraingoan herri batek bestea epaituko duela: Bergarak Arrasate.
Nazioarteko begiraleak eta beste
«Arrasaten, Aretxabaletan, Bergaran... elkarrizketa asko egin ditugu, ahalik eta informazio gehien biltzeko. Haren baitan idatzi dugu gidoia. Ideia da eskualdeko herri bat hartu, eta haren ajeak, kontraesanak, bizitzeko moduak, bertuteak islatzea, korapilo horiek denak plazaratzea», dio Urruzolak, Toberaren azken entsegura abiatu aurretik. Arrasate da akusatua eta Bergara akusatzailea. «Bergarak Arrasate fiskalizatuko du, umorez betiere, satiraz. Ez da negatiboa, ez dira pertsonak epaitzen».
Urruzolak talde lana nabarmendu nahi du ezeren gainetik. Zuzendaritza berea izanagatik, «herri dinamika da garrantzitsuena hemen». Izan ere, eskualdeak tobera antzezpena urtero-urtero egiteko tradizioa hartzea nahiko luke. «Helburua litzateke datorren urtean beste herri bat akusatuen aulkian eseri, eta egurra harentzat izatea».
Herri epaimahaia prestaturik dute, aurtengo epaiketako sententzia erabakitzeko, «baita nazioarteko begiraleak ere». Lorea Agirre kazetaria, Josu Zabala musikaria, Javier Retegi Fagorreko presidentea... Ezagunak dira begiraleen izenak, epaiketako parte hartzaile askorenak bezalaxe. «Zerbait berria tradizio bihurtzeko, ahalegin handia egin behar da, eta, egiten den horri balioa emateko, garrantzitsua da jende ezagunaren laguntza. Antzezpena ongi egituratu nahi dugu, zentralitate baten bila; bestela, erraza da horrelako ekimenak oharkabean pasatzea». Epaiketan Arrasate errugabe jotzea ere ez da erraza izango, inuzente eguna izanda ere.
Arrasate akusatuen aulkian
Bergarak Arrasate epaituko du Debagoieneko Tobera antzezpenean, bihar, Amaia antzokian. Ajeak eta bertuteak, denak plazaratuko ditu herri antzezpenaren satirak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu