Jaiak. Maritxu Kajoi

Arrasatearrak, urteroko mirariaren zain

Casa Ceciaga omendu dute antolatzaileek aurten, ehun urte baino gehiagoz egindako lana eskertzeko

Maialen Unanue
2012ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Bizitzan lehenengo aldiz, Loli eta Rosarito Zeziaga ahizpek Maritxu Kajoiren miraria ikusteko aukera izango dute aurten. Lehenak 40 urte inguru pasatu ditu familiako negozioan lanean; bigarrenak, 55. Negozioak, Casa Ceciaga mertzeriak, mendeurrena betea du —105 urte beteko zituen abenduan—, baina sareta bota du jadanik, eta urte horietan guztietan egindako lana eta bezeroei emandako tratua ezagutu die Maritxu Kajoi antolatzen duen batzordeak.

Lehengo ostiralean ospatu zuten Nobenaixua, eta bertan jaso zuten Zeziaga ahizpek eta haien langileek omenduei jarri ohi dieten inbutua. «Ilusio handiz bizi genuen. Sekulako sorpresa hartu genuen gutaz gogoratu zirela jakin genuenean, urteetan egindako lana eskertu digutela sentitu baitugu», dio, hunkituta, Rosaritok. Egun horretan ohikoa den legez, ardoa eta gazta banatzen ere lagundu zuten.

Uztailaren 30ean negozioa itxi zutenetik, jendeak Casa Ceciaga «ahaztua» izango zuela uste zuten. «Jendea eskerrak ematera etorri zen, begiak umelduta, eta hori oso hunkigarria izan zen», gogoratu du Rosaritok.

Orain arte, igandea izan edo jaieguna, Casa Ceciaga irekita egon da egunero. Maritxu Kajoi hurbildu ahala, lana areagotzen zitzaien; izaten zen azken momentuan jantziak konpontzeko eskatzen zietenik ere. Lolik, baina, oroitzapen onak besterik ez du gordetzen: «Egunean bertan ere lana izaten genuen, baina berdin zigun, gustura egiten genuen». Aurten, beraz, lehenengo aldiz jai hartu ahal izango dute, hori du gogoan Lolik: «Ez dugu jai handirik egingo, jada ez baitugu horretarako adinik, baina desberdina, behintzat, izango da aurten».

Familiako negozio xume moduan hasi zena handituz joan da denbora pasatu ahala. Azken urteetan lau lagun ibili dira, baina sei izateraino ere heldu izan da zeziagatarren mertzeria. Edozer gauza behar izanda ere, zahar zein gazte, arrasatear guztiek ezagutu dute Casa Ceciaga. Rosaritoren hitzetan, familia bat osatu dute: «Jendea ez zen erostera bakarrik etortzen. Azkenean, familia moduko bat bihurtu gara: tratu oso berezia genuen bezeroekin». Hortik arrasatearren omenaldia.

Urte hauetan guztietan, emakumeek gobernatu dute Casa Ceciaga. «Gizonak fabrikara joaten ziren lanera, eta emakumeak, dendara», dio Rosaritok. Lekukoa hartuko duen inor ez eta, uztailaren 30ean itxi zuten Casa Ceciaga behin betiko. Lokalak bere horretan jarraitzen du: oraindik ez dute kartelik jarri, «pena» ematen dielako, baina aurrerago saldu, alokatu edo eskualdatzeko prest daude.

Erromesaldi dotorea

Irri eta txantxa artean 1977an sortu zen ospakizuna da Maritxu Kajoi: dotore jantzi ziren, hain justu, dotore janzten ziren horiei burla egiteko. Pixkanaka, indarra hartuz joan zen, eta broma artean sortutako jaia tradizio bihurtu da.

Maritxu Kajoi behar bezala ospatzeko baldintza etxeko trapu dotoreenekin janztea da. Egun honetarako propio sortutako batzordeak, egitaraua egiteaz gain, eskapularioak ere jartzen ditu salgai, eta hori ere ezinbestekotzat dute arrasatearrek, jaiak ekonomikoki sostengatzeko modu bat baita.

Etxafuegoekin hasiko dute eguna, 08:00etan, baina eguerdi aldera arte ez da hasiko dotore jantzitako txikiteroen desfilea. Izan ere, duela urte batzuk, gaueko giroa nagusitzen zen, batik bat, baina ohitura pixkanaka aldatuz joan da, eta afaria egin beharrean, bazkaria egitea ohikoago bihurtu da. Haritz Zubiate antolatzaile lanetan aritzen da, eta hark ere nahiago du eguneko giroa: «Arratsaldean giro polita egoten da, gauean baino lasaiagoa, eta, batez ere, herriko jendea izaten da. Gauean kanpoko jende gehiago dago, eta pilaketa izaten da».

Mugimendu gehiago izango da arratsaldean. Irrien Lagunek Kanta eta Dantza ikuskizuna eskainiko dute, herriko plazatik Seber Altubera, 18:00etan. Euria egingo balu, amaierako kalejira Biteri plazan izango litzateke.

Ondoren, Arrasateko Konpartsa Txikiak girotuko du herria, eta lore eskaintza ere egingo dio Maritxuri. Herriko plaza, berriz, Oria txarangak girotuko du, 19:00etatik aurrera.

Eguneko momenturik garrantzisuena ilunabarrean izango da. Orduan egingo du Maritxuk urteroko miraria. «Ikusi egin beharko da zer egiten duen aurtengoan, sorpresa!», dio Zubiatek. Horren aurretik, ordea, eztarria garbitu eta Maritxuri abestuko diote, lore eskaintzarekin batera, 20:30ean.

Gaueko plana nork bere gustuen arabera aukeratu ahal izango du. Batetik, Manillares Iturriaga taldeak kontzertua eskainiko du gaztetxean, 00:00etan, eta Luhartz taldea arituko da, berriz, herriko plazan, ordu berean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.