Donostiako Aste Nagusia. Irutxulo baino gehiago

Arraunen desfilea

Bulebarra gori-gori jartzen da egunotan Donostian: izozki jaleak kale artistekin eta zereginik gabekoekin nahasten dira. Zapia buruan daramaten gazteek hausten dute turismoaren erresumaren ortodoxia.

Turisten artean arraunak ikus zitezkeen atzo Donostiako Bulebarrean. XABIER MARTIN.
xabier martin
Donostia
2011ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Juan Carlos Izagirre alkateak esan berri du: Aste Nagusia kanpotarrentzat diseinatzen da maila batean, eta hori ez da aldatuko. Badira «barne kontsumorako» diren beste ekitaldi batzuk, ordea. Egitea eta begiratzea, horra festaren aurrean bi jarrera. Multzo bi horietako osagaiekin prestatzen da Easo Ederraren pastela. Ez da gauza bera parte hartzea eta parte hartzen ari denari so egitea, baina badira osagarriak.

Izan ere, Donostiako Aste Nagusiak ez du parekorik turisten voyeurismoa asebetetzeko. Trenean Hendaiatik etorri denak dakien bezala barneratzen da di-da Erromatik etorritako bikotea eta baita Zaragozako lehengusuak ere.

Haize berriak datoz azkenaldi honetan, haatik, eta hiriaren erdigune aldera iristen ari da brisa. Ez baita oraindik enbata, baina freskatzen du, zalantzarik ez. Batez ere izozki jale konpultsiboen eta kale artisten erresuma da Bulebarra, hori ez da aldatu Gelatteriaren jabeen zorionerako. Hor ari dira saltzaile gaztetxoak jo eta ke kukurutxoak zapore guztietako izozkiz estaltzen. Txokolatezkorik eta marrubizkorik ez, izozki xumerik ez. Donostian beste zerbait da izozkia jatea, gozatzea. Tabernetako terrazetan esertzen ausartzen direnak ere ez dira gutxi —hausnarketarako gaia inondik ere krisi garai hauetan—.

Alabaina, urtero beha daitekeen argazki ezaguna arraun batek hautsi du, bat-batean. Horia da (ez Oriokoa), plastikozko arraun kaxkar eta merke horietakoa, txinatarren dendaren batean erosia, seguru. Bat ez, bi direla ohartu da alboko turista. Aste Nagusia denik ere jakingo al du arrotzak? Hiru eta lau eta askoz gehiago daudela frogatu dezake morroiak laster batean. Baina nora doaz arraunekin eta zapia buruan jarrita, Morgan, Sir Francis Drake eta Suhigaraitxipi piratak balira bezala?

Egitearen eta begiratzearen arteko desberdintasuna agerian berriro, barne kontsumoa eta kontsumo kanpotarra. Dikotomia hori uki daiteke ia Donostiako pasealekuan, arratseko lehen orduetan.

Ez daude Iruñeko peñetako festazale porrokatuen zezenketarako paseoarekin alderatzeko moduan, noski, baina Piratak badira zerbait metro koadroko turista gehien biltzen duen gunean, Bulebarrean alegia. Haien joan-etorriak —hamaika tramankulu eta bandera piratak aldean dituztela— gehienen arreta eskuratu du jadanik. Elastikoan mundu erdiko banderak josita dauzkan gizaseme bizarluze bitxia ez da dagoeneko bakarra giroa jartzen. Mahai baten gainean soilik burua erakusten duen giza estatua txanponak botatzen dizkioten bezeroen begiradak galtzen hasi da. Akordeoiarekin ari den errumaniarra gaizki begiratzen ari ote zaie gazte zapidunei?

Babelgo dorrean

Hitz egiteko mugitzen du mingaina, batik bat, Bulebarreko maizterrak. Han eta hemen ari dira binaka, taldeka, katalanez, frantsesez, errumanieraz, gaztelaniaz eta euskaraz. Babelgo dorre horretan diseinuzko izozkiari eragiteko ere jartzen da dantzan mingaina. Familia osoak ari dira lan horretan, isilik, nor berean; zertarako gogaitu bizilaguna halako momentu sagaratu batean?

Izozkia ez, baina sagardo botila batekin ari den gazte talde batek badaki Bulebarreko egonaldia bukatzen ari dela. Kioskoaren alboko ordulariari begiratu diote. Brisak kai aldera daramatza. «Joe, kriston beroa daukat», bota dio neskatxa batek lagunari. «Nik ere bai, tia». Hirugarrenak jarri du errematea: «Vamos al abordaia?». Eta badoaz Bulebarretik. Begiratzeari utzi, eta parte hartzeko garaia da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.