Herriko hainbat elkartek jaurtiko dute gaur txupina, eta orduan hasiko dituzte madalenak Arrigorriagan, 20:00etan. Festak eztanda egingo du, eta astelehena bitartean iraungo du. Denetariko ekitaldiak dituzte hurrengo egunetarako Arrigorriagan.
Gaur bertan, 20:30ean, Aritz Berri dantza taldeak kalejiran zeharkatuko ditu herriko kaleak, eta ordu berean irekiko dituzte txosnak. Gune horretan, txosnenbatzordeak kontzertuak antolatu ditu, eta 23:00etan hasiko dira: Marianitoz Blai eta Trikizio taldeak arituko dira. Udaletxe plazan, berriz, Orquesta Nuevo Talismanek bi dantzaldi eskainiko ditu; aurrenekoa, 20:00etan, eta, bigarrena, 01:00etan.
Egun nagusia
Herriko jaien egun nagusia Magdalena eguna da, eta bihar izango da. Diana eta kalejirarekin hasiko dute goiztiarrenek eguna, eta 11:00etan meza izango da. Goizean, umeek kirol tailerrak izango dituzte, eta udaletxe zaharrera gerturatzen diren guztiek txakolina eta olibak dastatzeko aukera izango dute, 13:00etan.
Arratsaldean kirol ekitaldien txanda izango da. Futbol, saskibaloia eta padel txapelketak izango dira kirola gogoko dutenentzat. Gastronomia nahiago dutenek, eta gauari indarberrituta ekiteko, txosnen batzordeak antolatutako pintxo lehiaketa dute alternatiba.
Bezperan bezala, rock kontzertuak emango dituzte gauean: Gatibu eta Esne Beltza taldeak izango dira udaletxeko plazan. Rock musika gustuko ez dutenek Haker orkestrarekin dantzatzeko aukera izango dute.
Larunbata ere kirolez blai hasiko dute gazteenek. Esku pilotako finalak eta txirrindularitza proba bat jokatuko dituzte, besteak beste. Arratsaldean, berriz, profesionalen txanda izango da. Uztailaren 23a DJen emanaldiekin eta dantza ikuskizunekin amaituko da.
Igandean haurrak izango dira protagonista. Eguerdian, buruhandiak ibiliko dira, eta umeentzako parke bat jarriko dute. Nagusien gozamenerako, bertso bazkaria antolatu dute, Xabier Silveirarekin eta Fredi Paiarekin. Gauean, Perdidos en el Limbo taldearen antzerkia eta Bizardunak taldearen kontzertua izango dira.
Santiago egunean gastronomia lehiaketa egingo dute goizean. Arratsaldean, berriz, idi probak. Eta aurtengo madalenaksu festarekin bukatuko dira; 23:00etan izango da.
Jaiak. Arrigorriaga eta Bermeo
Arrigorriaga festetan
Herriko hainbat taldek jaurtiko dute txupina arratsaldean, eta orduan hasiko dira madalenak Arrigorriagan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu