Arrigorriagako 'clown' jaialdiak zirku diziplina guztiei egingo die txoko bat

Hamazazpi emankizun eskainiko dituzte hamabost konpainiak, ostiraletik igandera bitartean

Nola Rae mimo australiarra Arrigorriagan izango da, Exit Napoleon ikuskizunarekin. BERRIA.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2012ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Egonkortuta eta sendotuta. Era horretan iritsiko da Arrigorriagako XVII. Clown eta Pailazoen Jaialdia. 1995. urtetik, lehen jaialdia antolatu zenetik, urtetik urtera hobetuz joan dira, Asier Albizua Arrigorriagako alkateak azaldu duenez. Aurten ere erronka horri eutsi nahi izan diote, baina aurrekontu apalagoarekin. Izan ere, denetara, joan den urtean baino 40.000 euro gutxiago gastatu dituzte antolatzaileek. «Hala ere, kalitatea ez da jaitsiko, horretarako aurreko urteetako ekoizpenak baino txikiagoak ekarri baititugu», azaldu du Amagoia Garaiazabalek, jaialdiaren zuzendariak.

Ostiraletik igandera bitartean egingo da jaialdia, eta hamabost konpainiak parte hartuko dute. Denetara, hamazazpi emankizun eskainiko dituzte. Orotariko diziplinak landuko dituzte. «Gure helburua zirkuko diziplina guztiak ematea izaten da», esan du Garaizabalek. Konpainia horietatik bi Euskal Herrikoak izango dira. Gainerakoak Argentina, Espainia, Brasil, Galizia, Ingalaterra, Belgika, Australia eta Herrialde Katalanetatik etorriko dira Arrigorriagara.

Nazioartekotasun horrek ez du isla handirik izango hizkuntzen aldetik clown jaialdian. Denetara hiru hizkuntza erabiliko dira: euskara, gaztelania eta mimoen hizkuntza.

Nola Raeren emanaldia

Nola Rae australiarra arituko da larunbatean, Exit Napoleon ikuskizunarekin. Mimo hizkuntzan erreferentea da Nola Rae. «Botere absolutuak eta erabateko hondamendiak uzten dituzten aztarnatik darama ikuskizuna», antolatzaileen hitzetan. Horretaz gain, jaialdiak iraungo duen hiru egunetan Speak with no word (Hitzik gabe hitz egin) izeneko ikastaroa eskainiko du.

Baina zirku diziplinak soilik ez dira izango Arrigorriagan, Bowjangles konpainia ingelesak Hari laukotea izeneko eskaintza musikala egingo baitu igandean. «Clown-a eta musika, bi eskaintzak uztartzen ditu», Garaizabalek azaldu duenez.

Horiez gain, bi estreinaldiren berri eman dute antolatzaileek. Euskal Herriko Ganso & Cia konpainiaren Erdipurdikoa eta Hortzmugaren Libertia emankizunak lehenbizikoz ikusi ahal izango dira kalean zein taula gainean.

Jaialdian, bestalde, elkar eraginik ere izango da. Zirku eskola ibiltaria egingo dute lehen egunean eskola publikoan. Horretarako, zirkuko karpa txiki bat jarriko dute, eta bertan «haurrei zirkuan ikus daitezkeen hainbat diziplina erakutsiko zaizkie», azaldu dute antolatzaileek. Hala nola trapezioak, eskujokoak, eta abar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.