OSCAR SANCHEZ
«Kirolean topatzenditut bizitzan ditudan erronketako asko»
Snowboard egiten izandako istripu baten ondorioz bizkar-muineko lesioa izan zuen Oscar Sanchezek. Asteak egin zituen erietxean, eta Toledon (Espainia) halako lesioak dituzten pertsonak artatzeko erietxera ere eraman zuten errehabilitazioa egitera. «Bitarte horretan 20 kilo galdu, eta 40 kilotan geratu nintzen. Osatzeko, ondo elikatzeaz gain, fisikoki lan handia egin behar izan nuen», azaldu du. Orduan izan zuen Kemen elkartearen berri, eta haien bidez eskiatzen hasi zen.Ondoren, lagun batek abenturazko kirola egiteko enpresa bat sortu zuen, eta hark animatuta hasi zen arrisku kirola egiten. Eskalada, rafting-a eta arroiletako jaitsiera probatu zituen. Eskalada egitea «oso esperientzia polita» izan zen. Riglosen egin zuen, Huescan (Espainia) «Campo base aldizkariko arduradunekin egin nuen, eta erraztasun handiak jarri zizkidaten. Pareta hura nik bakarrik igo nuela ikustea ikaragarrizko poza izan zen». Askoz dibertigarriagoa izan zen, dena den, rafting egitea. «Lagunekin egin nuen, eta oso polita izan zen. Barre asko egin genuen. Ni, oreka ez galtzeko, kanoaren barruan nindoan, ertzean beharrean». Ordutik behin baino gehiagotan egin du.
Eskaladaren pareko erronka izan zen arroiletako jaitsiera. «Baina askoz gogorragoa eta zailagoa, batez ere besteak jaisten diren bitartean zu eserita zaudelako, eta etengabe bustitzen zarelako. Azkenerako hezetasun hori ezin duzu gainetik kendu. Baina inguru haietaz gozatzeko aukera izateagatik merezi du».
Ordutik, nahiz eta batez ere saskibaloia egin —Salto Bera Bera saskibaloi taldeko kapitaina da— arrisku kirolei lotuta jarraitu du. Duela zortzi bat urte, adibidez, urpekaritza ikastaro bat egin zuen. «Saltsero samarra naiz, eta animatu egin nintzen. Uretan askoz erosoago eta libreago sentitzen naiz mugitzeko». Ikastaroari esker B1 titulua du, eta 20 metro arteko urpekaritza egin dezake. «Hortik behera eginez gero, ez dakigu presioak zein eragin izan dezakeen bizkar-muinean, eta hobe ez arriskatzea». Brasilen eta Panaman egonda dago, besteak beste, urpekaritza egiten. Duela gutxi paraxutismoa egin zuen. «Esperientzia ederra izan zen».
Gehien sufritzen dutenak emaztea eta ama dira. «Beti esaten didate amaitzen dudanean deitzeko. Urduri egoten dira, baina ulertzen dute zein garrantzitsua den niretzat kirola egitea. Bizitzan ditudan erronka eta motibazio garrantzitsuenetako asko bertan topatzen ditut». Lagunen babesa ere oso inportantea izan da. «Beti daude laguntzeko prest. Aurrekoan, adibidez, masaje emaileari eskiatzera joan nahi nuela esan nion. Egun libre bat hartu, eta nirekin etorri zen. Haiek gabe hau ezingo nuke».
MARI JOSE CASADO
«Entzumena, usaimena eta ukimenaren bidez gozatzen dut mendiaz»
«Ikusmena ia erabat galdu arren, ez nion mendira joateari utzi nahi. Orain usaimenaren, entzumenaren eta ukimenaren bidez gozatzen dut mendiaz». Pasioz mintzo da mendiaz Mari Jose Casado. Gaixotasun degeneratibo baten ondorioz ikusmenaren %90 galdu duen arren, Nafarroako Pirinioetako Petretxema mendira (2.371 metro) igo zen duela hilabete batzuk: sei orduko ibilia igoeraren eta jaitsieraren artean. Udari begira buruan duen hurrengo erronka Huescan (Espainia) dagoen Taillon mendira igotzea da. 3.000 metro ditu mendi horrek. «Inguru haiek hain dira ederrak, gainera». Beste hamaika mendi igotakoa da: Gorbeia, Saioa, Arangoiti... «Elurretan ere ibiltzen naiz. Mendia elurtuta dagoela ibiltzeak segurtasun handiagoa ematen dit».20 urterekin hasi zen mendian ibiltzen. «Pixkanaka zaletuz joan nintzen». Baina gaixotasunaren ondorioz utzi egin behar izan zuen urte batzuk. «Ama ere izan nintzen, eta umea txikia izanda ez nuen aukera handirik mendira joateko». Haurra koskortuta, duela bi urte zaletasuna berreskuratzea pentsatu zuen. «Banekien ez zela erraza izango, lagunduta joan beharko nuelako. Baina zein aukera zeuden aztertzen hasi nintzen». Hala, ONCEko gizarte laguntzailearen bidez mendiko boluntarioen berri izan zuen. Boluntario horiek gidari lanak egiten dituzte mendian, itsuentzat. Hala, lehen irteerak egiten hasi ziren. «Gidarien lana ikaragarria da. Haiek dira gure begiak, eta gure segurtasunaren zutarri».
Bi gidaritza mota daude: taldekakoa eta banakoa. Taldekakoaren kasuan, hirunaka egiten da, eta makila bati helduta. Gidaria doa buru. «Niri gustatzen zait gidaritza mota hori, baina bidean arroka asko badago, ez da batere aproposa, ezta bideak sigi-saga asko baditu ere. Izan ere, azken lekuan doanak asko ireki behar du, eta arrisku handiagoa da. Gainera, erabiltzen den makila egurrezkoa da, eta dezente pisatzen du. Bidea luzea bada astuna egiten da». Banakakoaren kasuan, mendizalea bakarka doa gidariarekin. «Eskutik, sorbaldatik edo motxilatik heltzen diozu, egoeraren eta ezintasunaren arabera.Soka motz moduko bat dugu horretarako». Gidariak nondik nora joan esaten die, baita bidean egon daitezkeen oztopoak gainditzen lagundu ere.
Daukan %10eko ikusmen horri ahalik eta etekin handiena ateratzen saiatzen da. «Hortik harago, mendiaz asko gozatzen dut entzumenarekin. Ikusmena galduta, zentzumen hori dezente garatuago dugu: zuhaitzen hostoen soinua, marmotena... Denak dira bereziak eta ederrak». Usainarekin ere asko jokatzen du. «Mendi bakoitzean milaka usain daude». Eta, azkenik, ukimena baliatzen du. «Gidariek ukitzeko zerbait berezia ikusten badute, ukitzeko esaten didate».
Horrenbestez, argi du ez dagoela aitzakiarik. «Ikusteko arazoak dituztenei animatzeko esango nieke. Asko gozatzen da». Garrantzitsuena beldurrak bazterrean uztea dela nabarmendu du. «Argi dago mendiak bere arriskuak dituela. Guretzat, are gehiago. Baina zentzuz eta errespetuz jokatuz, guk ere goza dezakegu mendiaz».
EDORTA DE ANTA
«Nire egunerokoanoso helduleku garrantzitsua da kirola»
Egun paddlea egiten duen arren, eskalada egindakoa da Edorta de Anta. Down sindromea duten umeen aldeko Elkartasun Mendiak egitasmoari lotuta egin zuen.Huescako Riglosen (Espainia)hark ere. 300 metroko pareta igo zuen, bizkar-muineko lesioa izan arren. «Hasieran, beste lagun bati proposatu zioten, baina hark ezetz esan zuen. Ni, ordea, denetara animatzen naizenez, berehala esan nien baietz», esan du De Antak. Hala, horri begira entrenatzen hasi zen rokodromoan. «Hamabost metroko altuerako paretak igotzen nituen han, eta ondo sentitzen nintzen. Beraz, ez nuen askorik pentsatzen zer izango zen benetako pareta igotzea. Ikusten nuena zen fisikoki ondo nengoela, eta ondo sentitzen nintzela».Prestaketak bi hilabete inguru iraun zuen. «Ordu eta erdi inguruko saioak egiten genituen». Hala, eskalatzeko eguna iritsi zen. Pareta igotzen hasi aurretik sortu zen lehen traba. Eskalatzeko gunera iristeko lekua ez zegoen egokitua. «Bi burdin hartu, aulki bat lotu eta hala igo ninduten hara. Askotan traba hori izaten da eskalada egiteko, lekuak ez daudela egokituak».
Iritsi eta paretari heltzeko garaia ailegatu zen. «Halako leku batean eskalatzeak ez du zerikusirik rokodromo batean egitearekin. Bertigo sentsazioa askoz handiagoa da. Gainera, hamabost metro igo edo 300 igo ez du zerikusirik». Horri paretak duen zailtasuna gehitu behar zaio. «Lehen 100 metroak paretari itsatsita ziren, baina gero hondoratze handi bat hartzen zuen, eta hogei metro aldentzen nintzen paretatik». Gogorra egin zitzaion igoera. «Besoekin indar handia egin behar nuen, eta une horretan pentsatu nuen non sartu nintzen. Baina ezin nuen atzera egin, eta lortzea erronka garrantzitsua izan zen». Down sindromea duten umeei laguntzeaz gain, beste gauza bat erakutsi nahi zuen Antak. «Bakoitzak dituen baldintzen barruan, elbarriok ere eskalada moduko kirol arriskutsuak egin ditzakegula erakutsi nahi nuen. Gurekin halako gauzak egiteko kontatzeak ikusgarritasuna ematen digu, gainera».
Eskalada ez ezik, arrauna ere egindakoa da. Orain, paddlean dabil buru-belarri. Bilbora, Gasteizera edo Irunera joaten da jokatzera eta entrenatzera. «Astean 2-3 aldiz elkartzen gara, eta txapelketak ere baditugu. Oso gustura nabil».
Kirola egiten arazo guztiak ahazten zaizkiola azaldu du De Antak. «Fisikoki ere ondo egoten laguntzen dit, eta horrek aulkiarekin autonomia handiagoa izatea ahalbidetzen dit. Hori oso inportantea da. Izan ere, aulkian egonda erraz hartzen dituzu kiloak». Kirola egitea «liberazioa» da harentzat. «Animatuago nago. Nire egunerokoan oso parte garrantzitsua da kirola. Istripua gainditzen lagundu zidan. Nire moduko egoeran daudenei kirola egitera animatuko nieke. Aurrera egiteko helduleku garrantzitsua aurkituko dute. Aukerak asko dira, eta ziur aurkituko dutela gustuko baten bat».