Artea, argazkilaritza eta moda izango dituzte ardatz MID_E erakustaldian

Argazkilaritza tailerra, ikus-entzunezkoak eta erakusketak prestatu dituzte bihartik ostiralera, Donostian

William Selden artistak argazkilaritzari buruzko tailer bat zuzenduko du bihartik ostegunera. YOX KOLEKTIBOA.
Maite Alustiza.
2011ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Ideien laborategi, sormenaren tailer eta esperimentuen museo bihurtuko da Donostiako Arteleku arte zentroa bihartik ostiralera bitarte. MID_E arte eta sorkuntza praktika garaikideen nazioarteko erakusketa antolatu du Colectivo Yox taldeak. Artea, argazkilaritza eta moda uztartuko dituzte Artelekun bilduko diren ikasle nahiz profesionalek. Aurten, MID_E Studio 011 programa berezia dakar jaialdiak: ikasteko eta hausnartzeko aukera ez ezik, landutakoa publikoari erakusteko modua ere izango dute. Bihartik ostegunera arte William Selden artistak argazkilaritzaren inguruko tailer bat zuzenduko du; ostiralerako, berriz, diziplina anitzeko ekitaldia antolatu dute.

Askotariko jarduerek bat egingo dute ostiralean arte zentroan. Egindako lanaren emaitzak ikusi ahal izango dira, bai MID_E topaketetan sortu dituztenak, baita gonbidatu gisa bilduko direnen lanak ere. Artea-argazkigintza-moda tailerrean landutako obra onenak ikusi ahal izango dira erakusketan. Horretaz gain, Colectivo Yox taldeak eta Esther Lebrato diseinatzaileak elkarlanean osatu duten ikus-entzunezkoa emango dute. Lanak moda du ardatz, eta Lebrato diseinatzaileak egindako lan onenak bildu ditu Colectivo Yoxek bideo batean. Sorkuntza bisualak ikustearekin batera, musika entzuteko aukera ere izango da Artelekun: Synthetic Pompette taldeak elektronika musika saioa eskainiko du; Iban Device eta Quino taldekideek zuzenekoa emango dute.

Baina, ideiak gauzatu baino lehen, bada artistek landu beharreko hamaika alderdi. Prozesu horretan,William Seldenek MID_E jaialdiko tailerreko parte-hartzaileak lagunduko ditu. Dena den, bera ez da izango jarraibideak emango dizkiena: Esther Lebrato gonbidatuaren lanek emango dizkiete jarraituko beharreko koordenatuak. Hamabi lagunek argazkilaritzan sakontzeko aukera izango dute lau egunetan, goiz eta arratsaldez, eta norberak bere proiektu pertsonala landu ahal izango du. Adierazpen artistikoa eta moda publizitatea harremanetan jarriko dituzte; gaur egungo gizartea begiztatzeko ardatzetako bi dira argazkigintza eta moda. Eta horixe bera da MID_E topaketak egin nahi duena, arte garaikidearen bitartez gizartera gerturatzea. Bederatzi urte daramatzate jardun horretan, eta zenbait gaiei lehentasuna eman die MID_E-k hastapenetatik: generoa, identitatea, gorputza eta komunikazioa dira horietako batzuk.

Hibridoen laborategia

Sorkuntza berriak sustatzen ditu erakustaldiak, baina obra bera ez ezik, prozesuaren lehen eta azken katebegiak ere aintzat hartzen ditu: hausnarketa eta hedapena. Tailerrak eta hitzaldiak buruari bueltak emateko; profesionalen partaidetza, berriz, lanak promozionatzeko. Gainera, aniztasunari arreta eskaintzen dio jaialdiak: ikus-entzunezkoak, Internet, arte plastiko eta bisualak, performanceak, moda garaikideko proiektuak…

Esperimentaziorako ateak zabalik daude bihartik aurrera, Artelekun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.