ONCE Fundazioaren Mundua dariola: bi begirada errealitate berari erakusketa aukeztu zuten atzo Donostiako Okendo kultur etxean. Arte irispidea du ardatz erakusketak; izan ere, bertan aurkezten diren lanen egileak pertsona elbarriak dira, edo gertutik bizi izan dute elbarritasuna. Urriaren 15era bitartean bisitatu ahal izango da.
Hainbat elbarritasun dituzte erakusketan parte hartu duten artistek. Luis Perez-Minguez, adibidez, tetraplegiko geratu zen 13 urte zituela: Behin-behineko alzheimerra du izena argazkiekin osatutako bere obrak. Dan Miller, berriz, elbarri psikikoa da, eta hitz bat besteari gainjarriz osatu du bere lana.
Modalitate ugariko obrak biltzen ditu erakusketak: eskulturak, koadroak, argazkiak... Gerardo Nigendaren bi obrek zuri-beltzean ateratako argazkiak dituzte oinarri: hainbat irudi txikik osatzen dute bakoitza, eta guztiek dute braille idazkera sisteman idatziriko azalpena gainean. Juan Sorrentinoren lana ezohikoa da: Koadro soinudun ostuak du izena, eta ez du inolako irudirik. Azalera zurian, mikrofono batetik ateratako ahotsek deskribatzen dute koadroa, entzulea izan dadin zurigunea margotzen duena. Sorrentinoren helburua koadroaren aurrean jarritako oro itsu sentitzea da.
Guztiei egokituz
Keinu hizkuntzako interpreteaz gain, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea, Aitor Gonzalez ONCE Euskadiko Lurralde Kontseiluko lehendakaria eta Merce Luz ONCE Fundazioaren Kultura eta Aisialdi Departamentuko buruak aurkeztu zuten atzo erakusketa Okendo kultur etxean.
«Gure egitekoa, besteak beste, herritar guztiak aintzat hartzea eta gure instalazio eta programak guztientzat behar bezala egokitzea da», azaldu zuen Izagirrek.
Gonzalezen iritziz, erakusketak «garbi uzten du» elbarriek sormena eta gaitasunak dituztela: «Nahiz eta elbarriak izan, sortzaileak dira, artistak dira, eta obra bikainak egiten dituzte».
«Elbarritasun kontzeptuak ezberdintasun eta berezitasunaz hitz egiten du. Antzekoak baina ezberdinak diren munduez», hausnartu du Luzek. Haren iritziz, «gizartearen aurreiritziek» artista elbarriek munduaz duten ikuspegia agertzea zapuzten dute, eta horri aurre egiteko antolatu dute erakusketa.
Artea, denen irispidean
'Mundua dariola: bi begirada errealitate berari' izeneko erakusketa aurkeztu dute Donostian, ONCE Fundazioaren eskutikOkendo kultur etxean dago ikusgai, eta urriaren 15era bitartean egongo da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu