Ez da kontenplazioa, akzioa baizik. Artea ez dago geldi; oinez dabil. 71 artistak euskararen alde jarri dituzte beren lanak. Izan ere, arteak badu bere partea Nafarroa Oinez festan: eskutik doaz. Tafallako Garces de los Fayos ikastolak antolatuko du aurtengo jaia, eta DBHko ikasleentzako eraikin bat egiteko dirua biltzea da haren asmoa. Euskal artisten laguntza izango dute horretarako. Haiek utzitako lanekin, Artea Oinez izeneko erakusketa osatu dute antolatzaileek. Iruñean dago ikusgai egunotan, Ziudadelako arte aretoan. Artelan horien salmentarekin lortutako diruaren zati bat edo kopuru osoa emango diete artistek Tafallako ikastolakoei
Lan bana jarri du artista bakoitzak erakusketan, Joxe Ulibarrenak izan ezik. Hiru pieza jarri ditu berak. Omenaldi moduko bat egin nahi izan diote hala antolatzaileek Azkoiengo sortzaile eta etnografoari. Haren eskultura bat da bildumaren kartelean ageri dena, eta haren hiru eskulturak daude Iruñeko erakusketako gune nagusian. Mahaiburu balira bezala daude, bata bestearen ondoan, aretoaren atzealdean: Pilotaria, Hiria eta Komisariatik ateratzen izenekoak.
Oso sakabanatuta dago Ulibarrenaren lana, eta familia ere haren piezak bildu nahian dabil. Nekez. Horregatik, Komisariatik ateratzen 1983ko eskulturaren kopiak egin dituzte antolatzaileek. Bederatzi, guztira, eta salgai jarri dituzte haietako zortzi, bestea artis-tarentzat izango baita. Erosteko asmorik izanez gero, arduradunekin harremanetan jar daiteke nahi duena: [email protected] helbidean edo 948-70 25 18 telefonoan.
«Auzolana da gakoa»
Izen handikoak dira 71 artisten arteko batzuk. Nestor Basterretxea, Xabier Morras, Jose Luis Zumeta, Ana Maria Marin... Euskal arte garaikidearen argazki orokor bat da erakusketa, antolatzaileen ustez, eta ez da oinarririk gabeko iritzia. Hor daude Juan Gorriti eskultorearen urdin berezia, Zumetaren margolan koloretsua, Txomin Badiolaren argazkietako pertsonaia bereziak... Paisaiak, abstrakzioa, argazkiak, eskulturak eta instalazioak. Bere lengoaian bakoitza, baina hizkuntza beraren alde denak.
Marina Aoiz idazle tafallarrak azaldu du artisten eta ikastolako kideen lanaren antzekotasuna: «Auzolana da gakoa. Auzolanean konpontzen dira bideak, eta hala margotzen da ikastolako patioko hesia. Auzoko jarduera horrek, oinordetzan hartua eta orain-oraingoa denak, gizartean bizitzeko arte bat islatzen du; herri bateko kide, kultura bateko kide eta izaera jakin baten parte izatearen ziurtasuna ematen du. Arte plastikoak indibidualtasun handia duen arren, obraren balio osoarekin edo parte batekin laguntzen den talde erakusketa batean parte hartzeak artistek gure seme-alabentzako hezkuntza proiektu sendoarekiko duten eskuzabaltasuna erakusten du». Artea eta partea jarri dute, beraz, artista hauek.
Ibiltaria izango da erakusketa. Apirilaren 17an hasiko da oinez. Orduan utziko du Iruñea. Donostian izango da gero, Kutxa Boulevard aretoan, uztailaren 15etik 31ra; eta Tafallako Kultur Etxean ondoren, irailaren 30etik urriaren 16ra. Erakusketaren katalogoa ere salgai dago, 4 euroan.
Artea eta euskara, eskutik
Aurten, Tafallan ospatuko da Nafarroa Oinez. Haren alde beren lanak batu dituzte 71 artistak, 'Artea Oinez' erakusketan. Iruñean dago hori orain, baina oinez hasiko da gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu