Ez dira gainontzekoak bezala margotutakoak. Pintzela eskuetan hartu gabe egindako margolanak dira; ahoa edo oina erabili baitute artistek euren sormena erakutsi ahal izateko. Prozesua ezberdina izanagatik emaitza berdina dela frogatu daiteke Gasteizen ireki berri den nazioarteko pintura erakusketan. Ahoarekin eta oinarekin marrazten duten margolarien elkarteak antolatu du.
«Artea barruan eramaten den zerbait da, eta, azkenean, artista sena duenakmarraztu egingo du, ahal duen gisan», azaldu du Ricardo Charfolek. Ahoa eta oinarekin margotzen duten margolarien Espainiako elkarteko zuzendaria da. Ezintasun fisiko baten ondorioz, jaiotzetik edo ondoren, besoak mugitu ezinik geratu diren artistak biltzen ditu elkarteak, eta nazioartean zabalduta dago. Mundu osoan egindako 35 lan bildu dituzte atzo inauguratu zuten erakusketan, zuzendariaren arabera. «Hainbat herrialdetako 30 pertsona dira: Hegoafrika, Australia, Txina, Japonia edo AEBak, besteak beste». Askotariko gai eta teknikak erabili dituzte margolanetan; hasi paisaietatik eta gai abstraktuak ere ukituz.
«Jendeari erakutsi nahi diogu gure elkarteko artistak ezindu fisikoak izan arren eskuekin marrazten dutenen maila bera izan dezaketela». Izan ere, erakusketan parte hartu duten guztiak margolari profesionalak dira. «Elkartearen helburu nagusia horixe da. Ikasketak ordaintzeko kopuru bat ematen diegu partaide hasi berriei noizbait hortik bizi ahal izateko. Horretaz gain, euren lana zabaltzeko gisa honetako erakusketak antolatzen ditugu».
Gabonetako txartelak
Arteak, gainera, terapia gisa funtzionatzen diela dio Charfolek. «Lana bilatzeko zailtasuna duen jendea da. Haien margolanak saltzen direla ikusteak asko indartzen ditu psikologikoki». Eurek egindako artelanekin Gabonetan ateratzen dituzten txartelak dira elkartearen finantzabide iturri bakarra. Posta bidez eros daitezke. «Karitatea baztertzen dugu. Artistak bere obrarengatik baloratzea nahi dugu».
Oinarekin edo ahoarekin marrazteko erabiltzen diren teknikak asko dira. «Oina eskuaren antzekoa da, eta horregatik zailagoa da ahoarekin jardutea. Mugimendu gutxiago egin ditzakete, eta koadroa ikusi ahal izateko perspektiba apenas duten. Pintzel bereziak dituzte, hala ere, luzeagoak».
Ahoarekin pintzelari aginduak ematen trebea da Jesus Maria Martinez. Euskal jatorria duen elkarteko kide bakarra da —Barakaldon (Bizkaia) jaio zen— eta egun Ferrolgo (Galizia) ezindu fisikoen arreta zentroan bizi da. 19 urte zituela izandako zirkulazio istripuaren ondoriozdago aulki gurpildunan. «Bizitza aldatu zitzaidan marrazten hasi nintzenean. Bizimodu duin baterako soldata jasotzen dut elkartetik, eta horrek nireburuaren jabe naizela sentiarazten dit». Hasieran izan zituen zailtasunak gogoan ditu Martinezek: «Lepoarekin mugimendu mugatuak dauzkat, eta, horregatik, koadroa mugituz joan behar izaten dut, zenbaitetan alderantziz marraztuz». Urteetan izan duen bilakaera «izugarria» dela nabarmendu du, eta «hori ikustea polita da oso».
Erakusketa Gasteizko El Pilar zentro zibikoan —Konstituzio plazan— dago, urriaren 31ra arte. Doakoa da, eta, antolatzaileen arabera, orain arte egondako lekuetan «harrera beroa» izan du.
Artea, oztopoen gainetik
Ahoarekin eta oinarekin margotzen duten margolarien lanekin osatutako erakusketa ireki dute Gasteizen. Nazioarteko 30 artistaren 35 margolan ikusteko aukera ematen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu