Artikutzako erreinuan

Artikutzako parajea Aiako Harria parke naturalaren hegoaldean dago. Garrantzi Komunitarioko Lekua bilakatu da, naturaren zaintzak fruitu desiratua eman duelako azkenaldion. Erroiarri eta Argarateko errekek bat egiten duten inguruan, gainera, ur-jauzi polita ikus dezake haraino iristen den orok.

Josean Gil-Garcia.
2007ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Bianditz mendiko hegoaldean jaio eta berehala, ur-jauzi dotorea du Erroiarri errekak. Elizmendi eta Erroiarri muinoek sortzen duten ibarretik igarotzean ikusiko dugu. Ur-jauzia helburu dugula, basozainaren etxetik abiatuko gara, Eskasetik, hainbat mendetan Orreagako Santa Maria kolegio elizaren administrazioaren pean izandako eremu emankorrean barrena. Lur eremu pribatua den arren, arazorik ez dugu izango oinez abiatzeko. Lurrak Goizuetako (Nafarroa) barrutian egonagatik ere, Donostiako Udalarenak dira. Elizaren desamortizazioaren aginduez geroztik, eskuz esku igaro zen Artikutzako ondare preziatua, harik eta baliabide hidraulikoak ustiatzeko asmoz Administrazio gipuzkoarrak Acillonako markesaren ondorengoei erosi zien arte, 1919ra arte.

Natura betidanik ustiatu izan dela esan daiteke (olak, meategiak, baso ustiaketa...), eta paraje idiliko horrek erosketarekin ez zuen ingurumen orekarik ezagutu. Izan ere, Artikutzako paisaiak azken atzaparkada jaso zuen joan den mendearen erdialdean, Enobietako errekaren urak biltze aldera urtegi bat eraikita. Ordudanik, haatik, bakean eta bakartuta egon da 3.700 hektareako basoa, eta Interes Komunitarioko Habitat izendatu berri dute, zorionez bioaniztasuna garatzen joan baita astiro-astiro.



ERROIARRIKO UR-JAUZIA. Artikutzako finkara Oiartzungo Karrika auzotik joango gara. Errepide estu batek Bianditz leporaino eramango gaitu aurrenik, eta handik, finka zaintzen duen guardaren etxeraino ondoren. Oiartzundik 13 kilometro dira. Basozainaren etxe ondoko aparkalekutik abiatuko gara oinez. Egurrezko langa zeharkatu eta errepidean behera hasiko gara, poliki-poliki. Bost minutura, zementuzko habe baten ondoan garela, errepidetik irten eta ezkerretik segituko dugu, Eskaspeko pagadian barrena. Etzanda dagoen enbor lodiko pago bat ikusiko dugu berehalako batean. Haren ezkerraldetik igaro eta, bizkar samur batetik behera eginez, Eskaspeko errekarekin bat egingo dugu. Pagadiaren babesean gabiltzan arren, bertan hainbat gaztainondok duten tamainak atentzioa emango digu. Errekastoa egurrezko zubi batetik zeharkatuko dugu. Artegi baten hondarrak bide ertzean lagata, Argarateko errekaren urak libratuko ditugu aurrerago, Erroiarriko inguru basatian. Erreka xume hauetako ur-emariek ibar nagusia korritzen duen ibaia sortuko dute, eta lehen ezustekoaibarrak hego-mendebaldera egiten duen bihurgunera iritsi bezain agudo izango dugu. Baliza baten moduan edo, gaztainondo sendo bat ikusiko dugu bide sardan. Xenda behinenetik irtengo gara orduan, eta Erroiarri ur-jauziko talaiara iritsiko gara.Babesturik ez dagoenez, kontu handiz ibili beharko dugu hor. Izan ere, Erroiarriko urek jauzi galanta egiten dute, ia-ia erortze askean, eta dezenteko ur-emaria amildu ohi da tupustean.

Ikuskizunaz gozatu ondoren, bidexka nagusira itzuliko gara eta, Erroiarriko ibarra lagun, zehar-zehar segituko dugu, Elizmendiko gainalde samurreraino. Bizkarretik behera egingo dugu ondoren. Haritz amerikarrak, gorostiak, gaztainondoak, izeiak eta pagoak bidaide, paseo goxoa egingo dugu Enobietako urtegia inguratzen duen pistara heldu arte. Pistaren ondoko langa zeharkatu eta eskuinera egingo dugu. Porlan bideari segituz, Artikutzako herrixkan sartuko gara. Hala, Enubietako urtegitik datorren Artikutza ibaia zeharkatuta, San Agustin baselizaren parean jarriko gara. Beherago zain izango ditugu pilotalekua, parkea, Ostatu Zaharra eta Olajaundi (Ola-etxea), besteak beste.



ARTIKUTZAKO BURDINBIDETIK. Ostatu Zaharraren ertzetik igarota, errepidetik aurrera egingo dugu. Burdinazko pasabide baten gainetik pasatu eta metro gutxira, ordea, eskuinera egin eta basoan sartuko gara. Hurritzak, haritzak eta gaztainondoak bidaide, goraka hartuko dugu. Hamabost minutuko igoera neketsua egin eta gero, pista nagusiak izei lirainak hazten diren bizkar bateraino eramango gaitu. Ezkerrera joko dugu hara iristean, eta magalean gora egingo dugu, bide sarda batera heldu arte. Burdinbide zaharrean gaude jada. Behinola meatze lanetarako sortutako Artikutzako trenbidearen arrasto batzuk ikusteko parada izango dugu, bide ondoko seinale batek dioenez. Eraikin baten hondakinak eta plano inklinatu bat ikus ditzakegu oraindik ere basoaren babesean. Trenbidearen nondik norakoak aztertzeko, ezinbesteko zaigu 1898. urtera jotzea. Kilometro ugariko trenbidea egokitu zuten orduan Errenteriatik Artikutzaraino. Asmoa? Basootako egur-ikatza eta burdina modu eraginkorragoan ustiatzea. Itxuraz, meategiko lanak baztertu egin zituzten Donostiako Udalak Artikutzako finka erosi baino bi urte lehenago.

Bisita egin ostean, bide sardara bueltatu eta aurrera egingo dugu, mendi magalak korritzen dituen pistatik. Elektrizitate kable batzuen azpian igarotzean, pista zabala utzi egingo dugu eta haren paraleloan doan bide estuko trenbide zaharraren trintxeratik ekingo diogu. Granitozko errotarri batzuk ikusteko aukera izango dugu aurrerago.Xendan bertan ez diren arren, seinale batek zehazten du norabide zuzena; izan ere, errotarriok magaleko apal batean etzanda daude. Trenbidetik segituko dugu eta norabidea aldatu gabe Errotarriko balkoi naturalera iritsiko gara. Artikutza finkako muga naturalak identifikatzeko leku interesgarria da. Iparraldeko isurialdera igaroko gara orain eta pagadi ederra zeharkatzen hasiko. Eskas mendiko magalak zeharkatuta, guardaren etxera doan errepidera iritsiko gara.

 

erroIarrI



Ur-jauzia: Erroiarri.

Erreka: Erroiarri erreka.

Herrialdea: Artikutza.

Mendilerroa, mendia: Bianditz.

Ur-jauziaren neurria: 20 metro.



Gomendioak

Ura eta hamaiketakoa eraman.

Artikutzako bisita ordutegia: 08:00etatik 20:00etara.

Bizikletak errepidetik eta pistetatik baino ezin dira ibili.

Tentu handiz ibili behar da Erroiarriko ur-jauziaren gaineko talaian, amildegi handia da eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.