Enrique Loiola. Umorista

«Artista pobre eta aberatsen arteko distantzia areagotu egiten du telebistak»

Ikuskizunaren munduko mila saltsatan sartua dago Enrique Loiola. 'Camarera guapa' eta 'Cuando tengo insomnio no duermo bien' bakarrizketak eskainiko ditu gaur, Amurrioko Guk tabernan.

BERRIA.
Donostia
2012ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Ez da erraza hitz bat aukeratzea Enrique Loiola (Eibar, Gipuzkoa, 1964) definitzeko; izan ere, ofizio ugariko gizona da. Bakarrizketa bat eskainiko du gaur, 21:30ean, Amurrioko (Araba) Guk tabernan.

Zure webgunean irakur daitekeenez, gizon polifazetikoa zara; umorista, gitarrista, irratiko esataria, irakaslea, gidoilaria... nola lortzen duzu lanbide horiek guztiak uztartzea?

Errealitateak bultzatzen nau horretara; ahal ditudan lan guztiak egiten ditut hilabete amaierara iristeko. Orain bi testu berri aurkezten nabil, eta El Sindrome de Stendhal taldearekin disko bat kaleratu berri dugu. Horrez gain, Radio Vitorian lan egiten dut, eta gitarrako eskolak ere ematen ditut. Nortasun kontua da. Batzuei gauza bakar batean konzentratzea gustatzen zaie, baina beste batzuk izaera lausoagoa dugu; gauza gehiago probatu nahi ditugu, nahiz eta horietako bakoitzean gutxiago sakondu. Nire alderdi guztiak arte eszenikoekin lotuta dauden arren, bakoitzean irakaspen ezberdinak aurkitzen ditut.

Zertan oinarritzen zara bakarrizketako testuak idazterakoan?

Gaurkotasuna da nire testuen epizentroa, eta ingurua etengabe aldatzen denez, testuak ere albisteen arabera moldatzen ditut. Ikuspuntu esperpentikoa ematen ahalegintzen naiz; zentzugabekeria da nire bakarrizketen ardatza. Azoketan egoten diren ispilu horietako bat da, erabat itxuragabetzen zaituena. Errealitatea hartu, eta ispilu horien antzera desitxuratu egiten dut. Gure inguruan gertatzen denarekin jendeak barre egitea nahi dut; barre egin dezatela euren buruaz, giza espirituaz eta, zergatik ez, nitaz ere bai. Ez da barre gaiztoa, askatzailea eta analgesikoa baizik. Umore beltza erabiltzen dut, eta egunkarietatik ateratako pertsonaia mespretxagarri asko azaltzen ditut: Francesco Schettino Costa Concordia-ko kapitaina, istiluen aurkako polizia, Garoñako zentral nuklearra, Iñaki Urdangarin, Felipe printzea... beste ikuspuntu batetik azaltzen ditut, dibertigarria izan dadin. Eguneroko bizitzako istorioak kontatzen ditut, jendea haietan islatua sentitzeko. Guztiok elkarrekin ditugun elementuak baliatzen ditut.

Zein da jendeari barre eginarazteko gakoa?

Ohikoa ez den ikuspuntu bat erakusten diet, askotan ikusi duten zerbaiten inguruan. Bestetik, mingarriak zaizkigun gaiei garrantzia kentzen diet, eta nahiko modu azalekoan hitz egiten dut horiei buruz. Bizitzaz hitz egiten diet ikusleei, eta, une batez, haiek bezala sentitzen naiz; indar berberek lotzen gaituzte, eta, aldi berean, gauza askok ihes egiten digute eskuetatik. Emanaldiak irauten duen bitartean gauza horiez guztiez barre egin dezakezu. Argiak pizten direnean, ordea, dena normaltasunera itzultzen da; amets batetik esnatzea bezala da.

Kaleko emanaldiez gain, telebistan ere atera zinen, El club de la comedia eta Más humor saioetan. Zer moduzko esperientzia izan zen?

Esperientzia ona izan zen, baina telebistak sekulako boterea duela iruditu zitzaidan, agian gehiegizkoa. Plataforma gisa ondo dago, agerraldi bakarrarekin jende askorengana iristen zarelako. Baina, era berean, kulturako beste eremu batzuk bereganatzen ditu, eta hori kaltegarria da. Telebistak artista pobre eta aberatsen arteko distantzia areagotzen du; batzuei pribilegioak ematen dizkie, eta, besteei, aldiz, kendu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.