Inauterietako programako beste ekitaldi bat da artzain eta inudeen konpartsena. Kaldereroen ostean, bihar, inudeak kalera irtengo dira, haurtxoak eskuetan dituztela, artzainen batek konkistatuko zain.
Urte askotan ahazturiko ohitura izan da artzain eta inudeen konpartsena. 1885eko otsailaren 2an ospatu zuten lehen aldiz jai hau, Kandelaria egunean. 1912an, berriz, Pio XII.ak Kandelaria eguna lanegun bihurtu zuen, eta, aldaketa horrek bultzatuta, ospatzeari utzi zitzaion. Kaldereroak, aldiz, mantendu egin ziren.
Orduz geroztik, ohitura hori berritzeko hainbat saio egin dira, baina Kresala elkarteak bakarrik lortu zuen indarberritzea, 1977an.
Gizartearen edozein alorretako ekitaldietan parte hartu ohi duen jendeak osatzen du Kresala elkartea, eta, artzain eta inudeen konpartsa ez ezik, beste hainbat ekitaldi ere antolatu ohi du. Esaterako, danborradan, Santa Agedan, San Tomasen...
Artzain eta inudeen konpartsa, gaur egun, urteroko jaialdien programaren barruan dago, eta Kandelaria egunetik gertuen dagoen igandean ospatzen da. Gainera, Kresala elkarteaz gain, Groseko Artzain eta Inudeak konpartsak, Ikasbide kultur elkarteak eta Antiguotarrak dantza taldeak ere ospatzeko ohitura hartu dute.
150 pertsona inguruk osatzen dute konpartsa. Alde batetik, dantzariak daude, artzain eta inudez jantziriko 30 bikote. Bestetik, pertsonaiak, haien artean, alkatea, apaiza, monagilloak, mikeleteak, barkilleroa, medikua, erizaina eta garai hartako jantziekin atonduriko beste hainbat pertsona. Eta, azkenik, 60 danborrari. Aurten, gainera, pertsonaia berriak egongo direla adierazi dute Kresala elkarteko kideek, eta konpartsa adi-adi jarraitzeko eskatu diete ikusleei.
Musikari dagokionez, bilduma guztia Raimundo Sarriegirena da. Jotzen dituzten piezak danborrez jotzekoak dira, eta lan horretaz danbor jotzaileak arduratuko dira.
Kontradantza, Zortzikoa, Festarik biar da eta Iñudeen kalejira dira piezetako batzuk. Azken hori da piezarik ezagunenetako bat. Bertan, inudeek panpina gorantz jaurtitzen dute, artzainen oihu baten laguntzaz, ondoren jaso eta artzainekin dantzatzen jarraitzeko.
Ibilbidea
Euskal Herria kalean emango diote hasiera Kresala elkartekoek konpartsari, 12:00etan. Ondoren, Aldamar, Bulebarra, Nagusia, Abuztuaren 31a, Narrika eta Iñigo kaleak gurutzatuko dituzte Konstituzio plazara ailegatuarte.
Bertan, Artzainak eta Inudeak antzezlana eskainiko dute 150 parte hartzaileek, bertaratutako ikusleen gozamenerako. Bukatzeko, Arrandegi, San Juan, Bretxa eta Aldamar kaleak gurutzatuko dituzte, Euskal Herria kalean amaitu arte.
Urteak aurrera, gero eta jende gehiago animatzen da konpartsak ikusi eta baita antzezlanetan parte hartzera ere. Donostian ohitura hori berritzeko ardura Kresala elkarteak hartu bazuen ere, gaur egun beste herri batzuetan ere ospatzen dute, bertako elkarteek antolatuta, esaterako, Azpeitian, Hernanin eta Oiartzunen.
Artzain eta inudeen txanda
Kaldereroen ostean, artzainek eta inudeek alaituko dituzte Donostiako karrikak bihar
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu