Donostiako Aste Nagusia

Aste Nagusi “ezin hobea”, eta bi gertaera ilun

Eneko Goia Donostiako alkateak esan du Aste Nagusia bikaina izan dela eta jende ugari bildu dela. Aste Nagusiaren ohiko balorazioan, gogoan hartu ditu bi gertaera “beltz” : asteartean Urgull mendian gertatutako sexu erasoa eta Bartzelonako eta Cambrilseko (Herrialde Katalanak) atentatuak.

Kaitik irten gabe egin behar izan dute aurten Abordatzea. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS
Mikel O. Iribar.
2017ko abuztuaren 21a
07:34
Entzun

Donostiako udaletxeko prentsa aretoan egin du agerraldia Goiak, eta azpimarratu du festak “biribilak” izan direla, oro har. Esan du jendearen parte hartzea oso handia izan dela kanoikadatik hasi eta azken egunera arte, eta jende andana bildu zela Saguesen eman ziren kontzertuetan ere. Donostiako La Oreja de Van Gogh taldeak eta Morat taldeek lortu zuten jende gehiena bertaratzea. Aste osoan, 86.000 pertsona inguru bildu dira Sagueseko kontzertuetara. Goiak adierazi duenez, datorren urtean ere horrelako eskaintza egiten jarraituko dute. Eskerrak eman dizkie festak antolatu dituzten guztiei. Guztira, 1,1 milioi lagun inguruk parte hartu dute festetan.

Beste urte batzuetan ez bezala, Aste Nagusia gainerako auzoetara zabaltzen jardun dira, eta Goiak azaldu du jendearen erantzuna “oso ona” izan dela. Horrez gain, eskerrak eman dizkio erraldoien konpartsako lan talde osoari, “lan handia egin baitute”; konpartsak auzoetara eraman duen “hurbiltasuna” goretsi du. Eskerrak eman dizkie baita txistulariei lehen egunean egindako kontzertuagatik, eta Union Artesana elkarteari eta Geroa Axular dantza taldeari atzoko agur emanaldiagatik.

Su festaren inguruan ere hitz egin du alkateak. “Maila handiko suak” izan direla eta jendearen erantzuna ezin hobea izan dela azpimarratu du. 500.000 lagun inguruk ikusi zituzten suak aste osoan zehar.

Donostiako alkateak arreta berezia eskaini dio asteartean Urgull mendian gertatutako sexu erasoari. Azken orduan jakin berri du Goiak ustezko egileak identifikatu dituztela eta epaileen esku geratu direla. Bestalde, Bartzelonako eta Cambrilseko atentatuen inguruan jendeak izan zuen erantzuna eta elkartasuna txalotu du Goiak.

Donostiako Piratek azaldu dutenez, aurtengo Aste Nagusia borobila izan da orokorrean. Hala azaldu du Uxue Santiago Donostiako Piratetako kideak: “Festak positiboki hartzen ditugu". Halere, aste osoan hainbat sexu eraso gertatu direla jakinarazi du Santiagok, eta Donostiako Pirata mugimenduak “gogor” gaitzesten dituela adierazi du.

Santiagok nabarmendu du Donostiako Piraten 15. urteurrena “berezia” izan dela. “Orain arte egin dugun bideari jarraipena emango diogu, jai parekide eta herrikoien alde lana egiten”. Jaiak parte hartze handikoak izan direla eta etorkizuna “bermatua” dagoela nabarmendu du Santiagok. Horrez gain, Jaurlaritzarekin izan dituzten tirabiren inguruan ere hitz egin du. “Donostiako Piratok gune publikoak doan erabiltzea eskatzen dugu. Badakigu Jaurlaritzak ez dizkigula gauzak erraz jarriko, baina guk lanean jarraitu beharra daukagu”. Irailean egingo dute balorazio ofiziala Donostiako Piratek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.