Arabako Valecea piroteknia etxeak ikuskizun piromusikal berezia eskainiko du Donostiako Aste Nagusian. Aurten su festen 49. Nazioarteko Lehiaketa ospatuko dute. Abuztuaren 18an, lehiaketaren azken egunean, ariko da Valecea piroteknia. Ez du ohiko lekutik jaurtiko bere bilduma, Viktoria Eugenia antzokitik baizik. Antzokiaren 100. urteurrena da aurten, eta horregatik izango da ikuskizuna han. 22 minutuko iraupena izango du, eta antzokiaren ibilbideari begiratu bat emango dio. Gainera, Mikel Laboari ere omenalditxo bat egingo diote.
Abuztuaren 11n, larunbatean, Xaraiva galiziarrek emango diote hasiera su festei. Igandean, Napoliko Lieto Fireworks italiarren txanda izango da. Eragin eszeniko-tekniko handiak erabiltzen dituzte. Astelehenean, Esteban Martin Granadako piroteknia izango da. Asteartean Intermede frantziarrak ariko dira. Sortzaile, musikari, argazkilari, ekoizle eta eszenografoz osaturiko taldea da. Asteazkenean, Pirofantasia valentziarrek hartuko dute txanda. Erromatar kandelak egiten adituak dira. Ostegunean, First Class alemaniarrek eskainiko dituzte suak. Ezberdin pentsatu leloa beren lan filosofia bilakatu dute alemaniarrek, eta ideia sortzaileak gauzatzea eta su festak pasio gisa ulertzea dute helburu. Ostirala izango da azken eguna, eta aurreko urteko garaileak ariko dira. Caballer FX valentziarrek Urrezko Maskorra defendatzeko aukera izango dute, beraz. Denak helburu berberarekin etorri dira Donostiara: Urrezko Maskorra eskuratzera. Lehenengo sarituari, maskorraz gain, 7.000 euroko diru saria emango diote; bigarrenari, Zilarrezko Maskorra eta 5.250 euro; eta, hirugarrenari, Brontzezko Maskorra eta 3.500 euro. Epaimahaia hiru taldek osatuko dute: Epaimahai Ofizialak, Gazteen Epaimahaiak eta Donostiako publikoak.
'Kolorez bizi', kartela
Kartel lehiaketaren irabazlea Carmen Ubago izan da, diseinatzaile grafiko, irudigile eta erretratugile donostiarra. Kolorez bizi izeneko kartela, zabalik dagoen esku baten argazkia da. Olio pinturaz marraztuta dago, eta Photoshop-ekin egina dagoen Body Art estilokoa da. Artistak metafora bat erabili du eskua marrazteko orduan. Suzko lorea izeneko japoniar landare batean oinarritu du margolana, bolbora lehertzen denean su festek hartzen duten itxura eta lorearena uztartuz.
Aste Nagusi piroteknikoa
Bereizgarri modura, azken eguneko ikuskizun piromusikala Viktoria Eugenian izango da, 100. urteurrenaren hariraDonostiako su festetako Urrezko Maskorra eskuratzeko lehia bizia espero da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu