Jaiak

Aste Nagusiaren ordez, Aste Nahasia ospatuko dute Bilboko Konpartsek

Abuztuaren 22tik aurrerako «egitarau xumea» antolatu dutela iragarri dute, eta jai eredu herrikoiaren alde mobilizatzeko deia egin dute

Bilboko konpartsetako kideak Bilboko Areatzan, Aste Nahasia aurkezteko prentsaurrekoan. IñIGO ASTIZ
Inigo Astiz
2020ko uztailaren 18a
13:48
Entzun

Aste Nagusia egitekoa zen egun beretan egingo dute, baina ez da Aste Nagusia izango. Koronabirusaren eraginez, aurten ez da Bilboko jairik antolatuko, eta BIlboko Konpartsek ere argi adierazi dute ez dutela Aste Nagusirik ospatuko. Abuztuaren 22tik aurrera «ekimen ludiko eta kulturalen egitarau xume bat» antolatuko dutela iragarri dute, halere, eta Aste Nahasia deitu diote egitarau xume horri. Ainhoa Riveiro eta Iñigo Iglesias konpartsakideek azaldu dute zertarako, Areatzan eguerdian eskainitako prentsaurrekoan. «Pandemiak eta krisi ekonomikoak jotako Bilbo alaitzeko, entretenitzeko eta kultura eskaintzeko».

Hurrengo asteetan emango dituzte programari buruzko xehetasunak, baina antolatuko duten guztiak osasun neurriak beteko dituela ziurtatu dute oraingoz, eta prebentzio irizpideak jarraitzeko asmoa ere azaldu dute. Programa «herrikoia» izango dela ere aurreratu dute, eta «feminista, euskalduna, ekologista eta ahal den eta parte hartzaileena». Egungo unea «tristea» dela onartu dute konpartsa kideek, eta pandemiaren ondorioz hil diren senide, lagun, lankide eta auzokideak izan dituzte gogoan, lana berreskuratu ezin izan dutenekin batera. Egoera horretan, ordea, beharra sentitu dute «ekimen koloretsu eta kolektiboa» sortzeko. Eta bi errealitate horien arteko «kontrastea» irudikatzeko jarri diote Aste Nahasia izena antolatuko duten programari.

Oraingoz, Aste Nahasiarentzako kartel lehiaketa da abian jarri duten ekimena bakarra. Uztailaren 30era arte egongo da lanak bidaltzeko epea. Baina gehiago egongo direla esan dute, eta jai herrikoien defentsarako elkarlanerako deia ere egin diete Euskal Herriko jai eragileei.

Onartu dutenez, «hankaz gora» utzi du pandemiak konpartsek orain arte egindako lana. Azaldu dutenez, urriaz geroztik ehunka kide aritu dira 2020ko Aste Nagusia prestatzen, eta bideratzen hasia zuten programa, martxoan ezarritako osasun krisiak dena aldatu zuen arte. Iaz antolatutako 566 ekitaldiak aztertzen ari ziren, eta behin eta berriz saiatu dira guztiak unean-uneko osasun neurrietara moldatzen. Onartu dutenez, ordea, haietako gutxienek soilik pasa ahal izan dute galbahea, eta bertan behera gelditu dira gehien-gehienak. Bestelako ekimen sorta berri bat prestatu behar izan dute horregatik, eta ekimen sorta hori izango da, hain zuzen, Aste Nahasiaren muina.

Jai herrikoien aldeko mobilizazioa

Konpartsakide Eguna izango zuten gaur Bilboko Konpartsek. Aste Nagusia heldu aurretik konpartsek egin ohi duten ekitaldi nagusietako bat izaten da hori, baina aurtengoan, koronabirusaren eraginez, egokitu egin behar izan dute hura ere. Eguerdian, ehun pertsona inguru elkartu dira, halere, konpartsetako kamisetak jantzita, Aste Nahasia aurkezteko prentsaurrekora, eta jari herrikoien aldeko kale jira manifestazioa antolatu dute arratsalderako. 18:00etan abiatuko da protesta, Arriaga plazatik hasita, «Jaiak bultzatzen!» lelopean. Txosna guneak hartu ohi duen perimetro osoari emango diote buelta, eta Arriagan amaituko dute ibilbidea.

«Normalitate berrian» ere, jai eredu «parte-hartzailea zaindu eta defendatzeko» deitu dute mobilizazioa Konpartsek. Mehatxupean ikusten dituzteztelako festak. «Beldur gara aurreko krisietan bezala erakundeek oraingo normaltasun berria eta krisi ekonomikoa baliatuko dituzten jai herrikoiei oztopoak ipintzeko: murrizketak, trabak, debekuak, eredu parte-hartzailearen kontra jotzeko eta alor horren pribatizazioa sustatzeko, osasungintzan, hezkuntzan eta abarretan gertatu den legez».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.