Osasuna. Sexologia

Asteburuak

Urrutiko maitasun harremanak ondo bideratu behar dira. BERRIA.
2011ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Lan eta ikasketa kontuak direla eta, hainbat euskal herritarrek ogibidea jaioterritik urrun daukate egun. Batzuek herri horietan dute bikotekidea. Beste askok, berriz, laguna Euskal Herrian dute. Bata bestearengandik urrun egoteak badauzka bide gorabeheratsuak jorratzeko.

Tarte fisikoa harremanaren ezaugarrietariko bat denean, elkar asko maite badugu ere, batzuetan honakoa gerta daiteke:

Elkar ikusteko jarri dugun egunean ez daukagula batzeko gogorik.

Pasioa ez dela agertzen.

Lagunekin elkartzeko irrikan egotea, bikotekidearekin bainoago.

Bikotekideek gauza berberak egin gura ez izatea batzen diren egunean.

Familian goxo-goxo egoteko beharra edukitzea.

Txortan ez egitea.

Harreman erotikoan arazoak izatea: orgasmorik ez, sarketa ezinezkoa, berotze eskasa edo gainezka egiten duena, ez asebetetzea…

Nekatuta egotea eta lo egin beharra ezinbesteko lehentasuna bihurtzea.

Sarri pentsatzen dugu distantziak berak eta maitasunak dena egingo dutela elkartzeko uneak gozagarriak eta desiragarriak izateko. Eta edozelako gorabehera sortzen bada, joera handia izaten dugu geure burua zigortzeko eta harremana kolokan jartzeko. Maitasun eta bikote idealizatuen presioak harremana bera baldintzatzen du. Izan ere, harremana, urrun zein gertu, landu behar den ortu bat baino ez da.

Irudimena martxan jarri beharra dago, eta teknologiaren garaian aukera paregabeak dauzkagu: SMSak, Messenger, webcama… non ote dauden aspaldiko eskutitzak. Urrun gaudenean ahalegin berezia egiten dugu bestea gureganatzeko. Beraz, animatzen zaituztet, eskura dauzkagun teknologiak erabiltzeko. Garrantzitsua izaten da gure bikotekidearekin batu orduko gure arteko harremana zelanbait landuta egotea. Gure arteko errekaduak eta eguneko pasadizoak kontatu ostean bestelakoei ere bidea eman.

Sakelakoez azaldu une horretan zer egingo zeniokeen gorputz eder horretan, erakutsi webcametik zein ondo janzten dituzun galtzontziloak, SMSean negarrez jardun, Messengerrean laneko kontuak bideratu, posta elektronikoz besarkatu….

Distantzian ere nork bere esparruak garatzeko denbora eta espazio ezin hobeak dauzka: zaletasunak, lagunak, familia, lana eta abar jorratzeko aukera, inoren pentzura egon gabe, ezer negoziatu gabe. Aprobetxa dezagun! Baina, hala ere, bikotekidearekin egoteko txoko pribatuak behar izaten dira. Batzuetan gehiago, bestetan gutxiago, baina ez baztertu aukera: zu igerilekura, ni lagun batekin bazkaltzera; ni zinemara eta zu kuadrillarekin poteoan; zu lotan eta ni goxotan baratzean; ni masturbatzen eta zu dutxan.

Elkartzen eta urruntzen ildo bereko momentu bi.

Bi gara, bi desio, bi behar, bi aukera, bi momento, bi erritmo, bi… gutxienez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.