Naturara hurbilduko da BEC erakustazoka (Bizkaia) asteburuan. Bihar arratsaldean irekiko dute Exponatur 2010 azoka, eta igande iluntzera bitarte egongo da zabalik. Bosgarren urtez antolatu dute natura eta astialdi parte-hartzailea uztartzen dituen azoka. Urtero bezala, berrikuntzaren bat edo beste prestatzen ahalegindu dira.
Aurtengoen artean, bitxiena iganderako iragarri dute: 12:00etan BECeko dorrea igotzeko lasterketa hasiko da. Sarreratik abiatu eta 16 solairuak banan-banan igoko dituzte, korrika. 450 eskailera maila igo beharko dituzte parte-hartzaileek, 92,5 metroko garaiera iristeko. Beste proba esanguratsu bat 2. Open Bizkaia Boulder delakoa izango da. Larunbatean egingo da, 11:00etan hasita. Sei aurpegiko horma prestatu dute eskalatzaileentzat.
Azoka honen helburua da erakusleen eta bisitarien artean harremana sustatzea. Turismo parte-hartzailearen arloan dauden nobedadeak ekarriko dituzte batzuek, eta horietako zenbait praktikan jartzeko aukera izango dute beste batzuek. Halaber, hitzaldi, jardunaldi eta ikus-entzunezkoen emanaldiak ere izango dira. Antolatzaileen esanetan, Josune Bereziartu eskalatzailearen hitzaldia da prestatu dituztenen artean garrantzitsuena. Bere ibilbidea laburbildu eta pasarterik aipagarrienak kontatuko dizkie hitzaldia entzutera gerturatzen diren guztiei.
Entzun eta parte hartu
Julian Sanza txirrindulariak, berriz, Race Across America: iraupen luzeko txirrindularitza hitzaldia egingo du. 5.000 kilometro egin zituen 11 egunean, eta egunero asko jota bi ordu lo eginda. 2007an, gainera, Le Tour Ultime lasterketan munduko txapelduna izan zen. Sebastian Alvaro eta Ramon Portillak Tibeteko mendietan bizitakoa kontatuko dute. Jose Luis Angulok, azkenik, Alaskatik Polinesiara itsasontziz egindako bidaia azalduko du.
Ekintzak ere antolatu dituzte. Slack lain, fixie txirrindularitza, shaper surfa eta umeentzako arrantza. Beste hainbat alorretan lehiaketak ere egingo dira datozen egunetan.
EXPONATURE 2010
Zer. Natura eta astialdi parte-hartzailearen inguruko azoka.
Non. Barakaldoko BEC erakustazokan (Bizkaia).
Noiz. Bihartik igandera.
Ordutegia. Ostirala: 16:00-20:00. Larunbatean eta igandean: 11:00-20:00.
Sarrera. Helduek, 4 euro;10 urtera arteko umeek, doan.
ASTEBURUKO PROPOSAMENAK. Abenturazaleen topagunea
Barakaldo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu