Aturri eskuinaldeko biztanleek antolatzen duten jaialdiak, Baiona festibalak, zortzigarren aldia du igande honetan. Betiko printzipioak berresteko asmoa du herritarrek berek antolatzen duten bestak.
Gastronomia, hizkuntza, musika eta jokoak uztartzen dituen besta herrikoia izan nahi du jaialdiak, jakinez animazio bakoitza nahi duenari irekia dela, hasteko, auzoko herritarrei. Jaialdiko leloak dioen moduan, funtsezkotzat daukate «bertakoek bertakoentzat egina» izatea. Auzoak, berez, baitu zer kontatu. Hainbat kulturak elkar gurutzatzen baitute hor, tartean, euskal kulturaz gain, japoniarra, alemana, errusiarra, portugesa, arabiarra, kabilakoa eta beste. Baiona iparraldean, orotara, hamabost hizkuntza mintzo dituzte. Eta guztien adierazpide izan nahi du jaialdiak, kulturen artean lotura sozialak josteko aitzakia sortzeko.
Santa Gurutzen jarriko da jaialdia, eta, lehen aldiz, hiru herrixketan banatuko dute: Garam Massala, Ras el Hanut eta Colombo izendatuko dituzte. Hiruak janari bizigarrien izenak dira, eta ordezkari bihurtuko dira igandean. Guztietan erakusmahaiak jarriko dituzte, eta hizkuntza bakoitzeko esatari eta elkarteek animatuko dituzte.
Guztiek bat eginen dute bazkaltzeko tenorean. Bazkaria izanen baita, aurten ere, memento jendetsu eta biziena. Lehiaketa gastronomikoan sukaldatua jaten ahalko da orduan. Alabaina, hiru herrixketako bakoitzak hogei bat lagunentzat bazkari bat prestatu beharko du goizean. Errezetek herrixka bakoitzean biltzen diren kulturen oihartzun izan beharko dute.
Boliviari omenaldia Beran
Bazkaldu eta, 14:00etatik 17:00ak arte, auzoko kultur elkarteen aldi izanen da oholtza gaina sutan jartzea. Lehenik, Albert Camus kolegioko Les Minimix taldekoek taula gaina berotzen hasi eta, Oreka zirku eskolako Akrod'cirquen aldi izanen da. Ondotik, berriz ere kolegiokoek eskuratuko dute espazioa, baina aldi honetan, antzerkirako. Antzerkitik borroka dantzatura, Malungos Capoeira-koekin eta bururatzeko Kongoko erritmoak ekarriko dituzte N'tela elkarteko ikasleek. Euria egiten badu, herrixketako ekitaldiez aparte, gaineratekoak ere ezker paretan aterpetuko dituzte.
Kultur arteko topaketa eginen dute baita ere Beran (Nafarroa). Bolivia izango dute ardatz aurten Mugarik Gabe topaketek. Larunbatean izanen dira, eta egun osorako egitaraua prestatu dute. Festa 11:00etan hasiko da, umeentzako jokoekin eta munduko emakumeei buruzko argazki erakusketaren irekierarekin. 17:00etan manifestua irakurriko dute, eta bertsolariak izanen dira gero. 17:45ean Boliviako dantzak izanen dira ikusgai, eta munduko txoko bateko eta besteko jakiak dastagai gero. 19:00etatik aurrera dantzaldia egonen da.
BAIONA FESTIBALA
Noiz. Igandean, 10:00etan hasi eta 17:00ak arte.
Non. Baionako Santa Gurutzeko pilotalekuan.
ASTEBURUKO PROPOSAMENAK. Aljeriatik Japoniara egun berean
Baiona.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu