ASTEBURUKO PROPOSAMENAK. Gozozaleentzako paradisua larunbatean

Tolosa

Erredakzioa
2010eko urriaren 28a
00:00
Entzun
Gozogintzaren hiriburu bihurtuko da Tolosa (Gipuzkoa) larunbatean. Tolosa Goxua azokan herriko gozogileak izango dira protagonista. Herriko produkturik gozoenak dastatu ahal izango dira, eta sektoreko berritasunak probatu ere bai.

Triangulo plazan egingo da azoka, eta han Gipuzkoa, Araba, Bizkai eta Ipar Euskal Herriko gozogileak batuko dira. Errioxako (Espainia) gozogileek ere euren produktuak eramango dituzte, eta Galiziako Allariz herriko ordezkariek almendratua eskainiko dute.

Hainbat ekimen prestatu dituzte larunbaterako Tolosa Goxua azokaren barruan. Nazioarteko Abesbatzen Lehiaketarekin bat eginez, herriko gozogileek Errusiako abesbatzari omenaldia egingo diote. Errusiar pastel erraldoia prestatuko dute, eta ondoren bertaratutakoen artean banatuko dute, Errusiako abesbatzaren kantuz lagunduta. 12:30ean hasiko dira banatzen.

Bizkotxo lehiaketa eta txurroak

Bizkotxo lehiaketa ere antolatu dute. Edozeinek parte har dezake. 10:00etatik 11:00ak bitartean entregatu beharko dira, Triangulo plazan, bizkotxoak eta errezeta. eta 12:30ean emango dute saria.

Txurroak jateko aukera ere egongo da larunbatean, Tolosako txurreriak gosaltzera joaten diren bezeroen artean 2015 txurro banatuko baititu. Zenbaki horrek Tolosa 2015 proiektua gogoratzen du. Ekimenaren helburua udalaren, herriko elkarteen eta tolosarren artean proiektu bat adostea da, «herri eramangarriago bat lortzeko».

TOLOSA GOXUA

Zer. Gozo azoka.

Non. Tolosako Triangulo plazan (Gipuzkoa).

Noiz. Larunbatean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.