ASTEBURUKO PROPOSAMENAK. Janari sano eta tokikoaren azoka

Baiona.

Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2010eko urriaren 28a
00:00
Entzun
Azoka soil bat baino anitzez gehiago dela, hori frogatzeko egiten du indar Lurramak sortu denetik. Eta hori deritzote bertaratzen diren milaka zaleek ere urtero. Eta aurten ere, horrela espero. Baserria hirira etorriko da, beraz, bihar. Hori bai, ez edozein baserri, baizik eta laborantza herrikoi eta iraunkorra egiten duen baserria. Euskal Herriko Laborantza Ganberak (EHLG) horren alde egiten duen bezala, hori du erronka Lurramak ere -EHLG dago azokaren jatorrian-. Gainera, aurten, lehen urtea izanen du EHLGk luzaz erabaki gabea gelditu den auzia irabazia izanen duela feriaren karietara. Izan ere, joan den maiatzean Paueko dei auzitegiak berretsi zuen Baionako auzitegiak erabaki absoluzioa. Baina EHLG, Lurrama bezala funtsean, ez da justiziaren beha egon aspalditik argi dituen norabideak abian jartzeko.

Orain dela bost urte hasi proiektua urtez urte onduz, metatu esperientziari esker, gero eta azoka aberatsagoa proposatzeko asmoz datoz antolatzaileak. Hortaz, aldi honetan, aspalditik abian jarri nahi izan dituzten sukaldaritza tailerrak izanen dira egun guztiz. Fama handiko sukaldari bat eta ekoizle bat izanen dira aldi oroz zuzeneko aholkuak emateko interesatu orori. Zuzeneko harremana, hori sustatu nahi baitu azokak. Bisitaria aktiboa izatea, eta dudak uxatzeko parada izatea nahi dute antolatzaileek.

Alde horretatik, hor izanen da, adibidez, urtero arrakasta jasotzen duen etxaldeetako abereen karpa. Lekuko arrazak eta baserriko lanak ezagutzeko lekua. Gainera, aurten, lehen aldiz, laborantzari lotu eskulangintzak ere ukan du leku bat, usaiako mozkinen merkatuaz gain. Kabalendako ezkilak, gaztainondoz egin saskiak eta beste. Eta, ikasteaz gain, nolaz ez, dastatu. Orotara, hiru egunez 2.000 apairu dituzte zerbitzatuko. Ostiral eguerdian hasiko dira, Les Pyrenees jatetxeko sukaldariaren bazkariarekin. Arratsean, Perigord eskualdeko gustuek osatu afaria apailatuko dute -aurtengo gomit berezia da Perigord-. Larunbat arratsean, usaiako zikiroa, eta, igande eguerdian, usaiako fama handiko sukaldarien bazkaria.

LURRAMA

Zer. Kabalen karpa. Ekoizleekin zuzenean hitz egiteko aukera, merkatu, mintzaldi, bazkari...

Non. Baionan. Glain elkarteen etxean.

Noiz. Bihar 10:00etan ateak ireki eta igande gaua arte.

Xehetasunak. www.lurrama.com.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.