Komunikazioa

Astelehenetik aurrera bozen gaineko eztabaidak izango dira 'Berria.info'-n

Hauteskunde gauean 'Berria.info'-k Hamaika Telebistaren saioa emango du, 20:00etatik 23:00etara

urtzi urkizu
Donostia
2012ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Hilaren 21eko hauteskundeei begira, BERRIA esfortzu handia egiten ari da irakurleei askotariko edukiak eskaintzeko. Kanpaina aztertzen ari da kazeta paperezko edizioan eta webgunean ere bai. Halaber, datorren astean hiru mahai inguru egingo ditu Berria telebistak.

Astelehenean izango da aurreneko mahai ingurua, 11:00etan. Eta, bertan, ekonomia gaiak izango dituzte hizpide. Patxi Lopezen agintaldian egindakoa, egungo egoera ekonomikoa eta hurrengo Jaurlaritzak ekonomia alorrean izango dituen erronkak aztertuko dituzte. Horretarako bi solaskide gonbidatuak Adrian Zelaia eta Eduardo Malagon izango dira. Zelaia Ekai Center politika publikoei buruzko ikerketa zentroko lehendakari exekutiboa da. Malagon, berriz, EHUko ekonomia irakaslea da. Mahai ingurua Jakes Goikoetxea kazetariak gidatuko du.

Asteartean, hizkuntz politika izango dute aztergai, 12:00etan. Iñaki Petxarroman BERRIAko zuzendariordeak gidatuko duen mahai inguruan honako hauek izango dira solaskideak: Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia, Mertxe Mugika AEK-ko koordinatzaile nagusia eta Mikel Irizar Topaguneko lehendakaria. Hizkuntzari dagokionez alderdiek egindako proposamenak, Patxi Lopezen agintaldia hizkuntz politikan nolakoa izan den eta etorkizuneko erronkak aztertuko dituzte.

Asteazkenean, 10:00etan, subiranotasunaren inguruko mahai ingurua izango da, Pello Urzelai kazetariak gidatuta. Xabier Barandiaran Deustuko irakaslea eta Mario Zubiaga EHUko irakaslea izango dira solaskideak.

Elkarrizketa digitalak

Ondotik, ostegun eta ostiralean elkarrizketa digitalak egingo dituzte Berriketan.info sare sozialean kanpainaren berri ematen ari diren hautagaiekin: Maribi Ugarteburu (EH Bildu), Maria Eugenia Arrizabalaga (EAJ), Goizane Alvarez (PSE-EE) eta Laura Garrido (PP).

Egunotan Berria.info-n Hamaikaren elkarrizketa saioa ematen ari dira, non hautagaiek hiru kazetariren galderei erantzun behar dieten. Saio horretako azken elkarrizketa astelehenean egingo dute, Iñigo Urkullurekin.

Hauteskunde gauean, halaber, Berria.info-k Hamaikaren saio berezia emango du 20:00etatik 23:00etara. Hauteskundeen jarraipen berezia egingo du webguneak gau horretan. Eta hurrengo goizean BERRIA kioskoetan eta harpidedunen gutunontzietan izango da.

Amaitzeko, hilaren 23an mahai inguru bat egingo du Berria telebistak bozen emaitzen balorazioa egiteko. Solaskideak Eider Alkorta politologoa, Koldo Ordozgoiti kazetaria eta Aztiker ikerguneko kide bat izango dira. Pello Urzelai kazetariak gidatuko du azken mahai inguru hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.