Komunikazioa. Ekografiak

Astelehenetik aurrera

Aritz Galarraga.
2011ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Gogoeta eguna da gaur Hego Euskal Herrian. Hortxe imajinatzen zaituztet, buru estuketan, kea dariela kaskoei. Gogoeta egunean, ezin omen da propagandarik egin, ez ekitaldi politikorik, ez zuzenki botoa eskatu. Ez kexatu, Argentinan alkohola saltzea ere debekatzen omen dute-eta hauteskunde aurreko 48 orduetan. Baina hau zutabe pribatua denez —nahiz borondate publikoa izan—, salbuespen txiki bat egingo dut, kanpainaz aritzeko.

Hasi eta lehenengo zutabean galdetzen nuen, erretorikoki, kanpainako gai izarrak izango ote ziren ekonomia eta euskal gatazka. Lehenarekin asmatu nuen, garbi, besterik ez baita aipatu —gogoan dut Rubalcaba-Raxoi bataila: besterik ez zuten, gaia beste bat izan arren—. Euskal gatazkaren kasuan onartu beharra dut, kale egin nuen ederki: apenas erabili duten. Susmagarria? Ona dela esatera ausartuko nintzateke, alderdikeriaz elkarri mokoka baino gehiago, atzetik ari diren seinale izan daitekeelako.

Hauteskunde debateen kanpaina ere izan da hau. Argi geratu zait: ez dute ezertarako balio, ezpada politika egiteko. Baina ez eduki, programa, asmo politikoen truke serio gisa, debateak eurak arma politiko gisa erabiltzen direlako baizik. Asteazkenean ETB1en, ostegunean ETB2n, hiru alderdi baino ez zeuden ordezkatuta: PSE, EAJ, PP. Eta ez zegoen Amaiur, horra titulua. Baina ezta Ezker Anitza eta UPD ere. «Informazioaren proportzionaltasun eta neutraltasun printzipioak betetzeko» gonbidatu omen ziren hiru horiek. Eta, berriz diot, politika egiteko.

Interes gabeko kanpaina izan da, bestalde. Irabazlea argi izaki, pizgarri bakarra izango da ikustea EAJ-Amaiurren artekoa nork eramango duen. Jaurlaritzarako borrokaldiaren lehen round-a ere izango baita biharkoa. Eta argitzea zein inkesta ibili den barregarrien. Ostegunean TVEko teletestuan agertu zena, mundiala: 166 diputatu ematen zizkion PSOEri eta 108 PPri, baina 18 Anticapitalistes izenekoari —Zizek eta abarren babesarekin, Carmen de Mairenaren boz kopuru bera atera zuen Kataluniako parlamenturako—, 6PACMAri eta, akaso harrigarriena, beste 6 EAJri. Astelehenetik aurrera, ordea, berriz hasiko da dena: fardel astuna irabazlearentzat, gerriko estutze eta praka jaiste gehiago herritarrontzat, eta lanerako aukera eta tartea euskal gatazka deitu diogun horri dagokionez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.