Ez da burua berotuta abiatu behar Arbaila desafiatzera. Erraz galtzen ahal dela diote mendizaleek, bai eta artzainek. Baina ikusteko diren altxorrak aurkitzeko, galtzea merezi duela erantzun daiteke. Ibarretan barna, eskaintza bereziak egin ditu naturak. Arbailako berezitasuna leku karstikoa izatea da. Beste hitzez, erreka sekretuak ibiltzen dira mendatearen barrenean, arroka isilka zulatuz. Kobazulo eta beste amildegiek salatzen dituzte.
Eta leku ilun horiek mitoz beteak daude, nola ez. Pagadia, Iratiko oihanaren ahaide txikia, Basajaunaren eremua dela diote. Kobazuloak, berriz, herensuge ala laminen gordelekuak. Horiek horrela, Azalegiko harpean bizi zen zazpi burukilako herensugea, eta gehiegi hurbiltzen ziren artzain eta artaldeak jaten omen zituen. Zaroko jaunak, Basajaunak lagundurik, zepo bat pentsatu zuen Herensugea hiltzeko. Bolboraz eta pospoloz bete zuen behi baten azala, eta tropa baten erdian sartu. Eta herensugeak, usaian bezala, sutan jarri zuen behi tropa. Zepoak eztanda egin zion muturrera, eta horrela hil zen piztia.
Mito horien frogarik ez baldin bada ere, gizonaren aztarna zaharrenak harrapa daitezke, batez ere Itheko ibarrean. Duela 4500 urteko bi trikuharri daude, erabat kolpatuak. Baina altxorrak geratzen dira ikerleentzat, Europako zaharrenetariko batzuk baitira. Dena den, seinaleak beharrezkoak dira aditua ez den batentzat, trikuharriak direla ikusteko. Baina, leku urruti eta basati horretan ere, historiaurreko jende nomadak bertan geratu eta bizi izan direla ere argi eta garbi agertzen da gaur egun. Bestalde, ikerlan batzuetatik atera izan dira abere berezien aztarnak, orain nekez harrapatuko liratekeenak Arbailako mazeletan alhatzen ari direla: hezurren artean, errinozeroenak harrapatu dituzte.
Nortasun azkarra adierazten dute lekuek, errespetua. Galtzen denak kasu eginez ibili behar du, zuloetan erori gabe. Lekuko jendeak gogoz ezagutzen ditu, haatik. Hor ere, hainbat kondaira daude naturaren errespetua bermatzeko. Urrutiko jauna ehizan ari omen zen egun batez, zaldiz. Baina bat-batean, lurra zabaldu eta noblea irentsi zuen: igandea zen, eta mezara joateko ordez, ehizan ibiltzeagatik gaztigatu zuen Jainkoak. Erreitiako iturrietatik hurbil dagoen Etxekorteako urmaelean, berriz, Altzaiko (Zuberoa) artzain bat erori omen zen bere artaldearekin. Geroztik, hortik hurbil ibiltzen denak artzain eta ardien orroak entzuten omen ditu.
Kondaira horiek, ez dute, ordea, Arbailak ezagutu nahi dituenak ikaratu behar. Leku zoragarriak daude ikusteko, oihanaren freskotasuna dastatzeko, ala haize hegoaren ferekak gozatzeko mendi kaskoetan. Bi lepoetatik ikuspegi paregabea dago: Aphanizetik, eta, batez ere, Ahuzkitik. Bertan, beste kondaira sorta bat eskaintzen du iturri ospetsu batek. Bada orain mendeak eta mendeak Ahuzkiko ura edatera hurbiltzen dela jendea, batez ere giltzurrunak ala tripak gaizki dituztenentzat.
AHUZKIKO MIRAKULUA.Erdi Aroan, artzain pobre batek, goseak izanki, jaunaren orein bat hil omen zuen. Baina legea urratzen harrapatu zuten, eta hiltzera zigortua izan zen. Garaian, kondenatuaren familiak aukeratzen ahal zuen hiltzeko moldea: Ahuzkiko iturriko urak itorik egitea erabaki zuten artzainaren senideek. Baina ez zuen urak hil, nahiz eta inbutu erraldoi batekin irentsarazten zioten. Jainkoak ez zuela heriotzik nahi sinetsi zuten nobleek, eta artzaina askatu zuten.
Ahuzkiko mirakulua ez zen nahi gabean gertatu: artzainak eta senideek uraren berezitasuna bazekiten. XX. mendeko kantu batek dioen bezala: «Jadanik ezagun da ur hotch hunen lana: / Basoz edaten dugu berdin hogoi batna; / Barnea ezartzen du garbiturik dena: / Ez da ttipituz juanen ur horren omena!». Bortian Ahuzki kantu ospetsuenak ere dio, «hur hunak osoki».
Iturriaz aparte, lepotik ageri den panoramarentzat ere balio du Ahuzkik, Pirinioko mendiak ageri baitira.
Baina geroz eta biztanle gutxiago daude Arbailako txokoan, hunkitzen dituen herrietan bezala: Behorlegi, Donaixti Ibarre (Baxenabarre), Altzai, Lakarri, Urdiñarbe, eta Altzürükü (Zuberoa). XIX. mendean hasi ziren gazteak leku husten. 1851 eta 1856 bitartean, Hego Amerikara ihes egin zuten lekuko mutil gazteek. Garaian, pobrezia handian bizi ziren jendeak, eta ez zen jatekorik aski etxeetan.
Gaur egun, ordea, artzain helduek diote gazteek ez dutela gehiago bortuan egon nahi. Alta, ardi kopurua emendatuz doa, esnearen legeak agindurik. Ibiltzean aurki daitezkeen etxola gehienak hutsak dira. Mendizaleen aterbeak bihurtzen ari dira. Natura babesten baitu Arbailako mendateak, eta jendea ere bai.
Erreitiako sustraien bila
Arbailako mendigunean du sorlekua Erreitia errekak. Bidean gaztainondo, astigar eta hurritzak ikusteko aukera dago, besteak beste.x. aire
Altzürükü
Erreitia, edo Biduze errekak Arbailako mendigune karstikoan du sorlekua. Hori dela eta, harrizko haitzulo ikaragarri bat ikus daiteke hormatzarraren oinaldean. Baina, harat iritsi arte, ibilbide polita eskaintzen du lekuak. Arlakondoa deitzen den lekura, atsedenleku eta aparkalekura iristen da. Mendiko oinetakoak, bizkar-zorroak eta makilak gomendatuak dira, batez ere euria berriki egina baldin badu. Hegoaldera jotzen duen basabidetik abiatuz, bederatzi kilometro eta hiru ordu adierazten ditu, joan-etorrian, bertako seinale batek.
Haritz, gaztainondo, astigar eta hurritzen artean egiten dira lehen urratsak. Basoaren soinua bidaide, behereko ibarra segituz dira, maldarik gabeko bidexkatik. Basoaz nahiz errekaren hainbat bazterrez gozatzeko parada polita izaten da behin baino gehiagotan. Beltxu mendia da eskuin aldean dagoen tontor panoramikoa, gainaldeko mazelak larreak hartua duela. Behe ibarretik, baso trinko hostozabal batek ederki janzten du haren ipar-ekialdeko alderdia.
Arlakondoa auzunetik 45 minutura, Ur Beltzara iristen da. Zubi bat dago han. Hura zeharkatuko eta, metro batzuk gora egin behar da, pagadi eder baten begiradapean. Bi ur-jauzi txiki agertzen dira ibarra hesten duen hormatzarrera iritsi aurretik. Denbora izanez, horiek hurbilagotik ikustea merezi du. Oihanaren freskotasuna eta ur-bazterrek botatzen duten hezetasuna eskertzekoak dira bero latzenetan. Erreitiako turrustak pasatu ondoan, bazter politagoak, eta argiagoak zabaltzen dira.
Bidebanatzean, mugarri txiki batek salatzen du nora joan. Maldan gora doan bidexka Etxekorteako urmaelera eta Elzarreko Ordokian den olara abiatzen da; mendigune horretan abentura bila dabiltzan ausartentzat aukera. Ezkerreko bide hori bazterrean utzi, eta nagusiari lotu. Errekaren harritzatik joanez, Erreitiako ur sorlekuraino heltzen da. Leku berezian izanez, naturarekiko begirunea fina behar da izan hor, ekosistema ahulak izaten baitira hezeguneak.
Haitzulo nagusia ospetsuena baldin bada ere, beste zulo batek, txikiagoa, ikustea merezi du. Nahiz eta aho handia bezain ikusgarria ez den, turista gehienek ez baitute ezagutzen leku hori: handira iritsi baino metro batzuk lehenago, ezkerrera joan eta, xendari jarraikiz, bigarren iturburura heltzen da. Aurrera eginez gero, metalezko bi zurubi daude. Eskailera horiek ez bezala, aitzinago joanez dagoen haitz azpiko bideak arrisku handia du. Kontuan izan handik abiatu aurretik: Elzarreko Ordokira iristeko, amildegi ondotik igaroaraziko du bidexka labainkor batek.
Dena den, hortik aurrera, leku zailak dira, eta haurrekin joatea ez da gomendatua. Dena den, hortik jarraituz, Ahuzkira doan bidera iristen da. Han, lagunak baldin badaude autoarekin, ibilaldi polita egiteko aukera dago.
JAKINGARRIAK
Nola iritsi: Ahuzkiko lepora. Altzürükütik (Zuberoa), D147 errepidea jarraitu. Bidea meharra dago, eta maldak pixka bat beldurrarazten ahal du. Baina goiko panoramak jarraitzeak balio du, Arbailako edertasuna hortik ageri baita. Lepotik abiatzen da iturrira doan bidexka, jatetxearen gibeletik. Oren erdi bat behar da oinez iristeko.Erreitiako iturrira. Donibane Garazitik, Donapaleuko norabidea hartu, D933 errepidetik. Lartzabalen (Baxenabarre), eskuin joan, D918 errepidetik, eta Donaixti Ibarreraino (Baxenabarre) segitu. Bertan, Oxkaxeko lepora buruz segitu, baina eskuinera doan lehen bide txikia hartu, «Sources de la Bidouze» seinalea jarraituz. Arlakondora iristen da. Autoa hor aparkatu, eta oinez abiatu.
Non lo egin: Eppherre hotela (Altzürükü, Zuberoa). 35 euroan daude logelak. Bertan jateko aukera ere dago, eta ez nola nahikoa, fama ona baitu jatetxeak, batez ere onddo garaian. Xehetasunak: 0033 (0)5 59 28 00 02.
Elizanburu kanpina (Zühara, Zuberoa). Akanpaleku xume eta merkea, eta mendiak ikusiz esnatzeko leku paregabea. Udan baizik ez da irekia, irailaren 15a bitartean. Xehetasunak: 0033 (0)5 59 28 42 77.
Non jan: Ahuzkiko jatetxea (Zuberoa). Ahuzkiko lepoan, mendien aitzinean jateko aukera. 20 ala 30 euroan daude menuak, eta platerak janari goxoz mukuru beterik daude. Xehetasunak: 0033 (0)5 59 28 57 95.
Ogitarteko bat, ur ala ardo botila bat, eta leku politak daude kanpoan jateko, bazterrak babestekotan, haatik.