ASTIALDIA. EUSKAL HERRIKO TXOKOAK. Arbasoen lantegietara bisita

Duela hainbat urtetako baserritarren tresnak, zerrategia eta meatzeak ikus daitezke Zerainen

OIHANA ELDUAIEN ZERAIN
2006ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Aizkorri mendikateko iparraldeko magalak besarkatzen du Zerain (Gipuzkoa). Hantxe dago, isilik, lasai, inguruarekin harmonian. 250 biztanle besterik ez du, eta nekazari eremuko herri batek izan dezakeen xarma guztia gorde du. Horrekin batera, txukun babestuta dute herriaren ondare historiko aberatsa. Bi gauza horiek erakarrita, herriko lasaitasuna hausten duten turista kanpotarrak ere erruz ikusten dira. Inguruaren berdeak, eta arbasoen lantegien lekukotasunak erakargarri egiten dute herria, oso. Zeraindarrak horren jakitun dira, eta herriari bizia emateko baliatzen dute aukera. Turismo eskaintza egokia prestatuta daukate.

Guztia «kasualitatez bezala» hasi zela dio gida turistiko lanetan ibiltzen den Andoitz Telleriak. Herriko gazteak kanpora joaten hasi ziren, eta herriari bizitasun pixka bat emate aldera, baserrietan erabili ohi ziren tresna zaharrekin erakusketa bat egitea pentsatu zuten. «Herriko baserrietatik erabiltzen ez ziren tresnak hartu, eta erakusketa jarri genuen frontoian». Izugarrizko arrakasta izan zuen erakusketa horrek, eta beraiek espero baino denbora gehiagoan eduki zuten zabalik, eskariari erantzuteko. Amaitutakoan, bildutako material guztiarekin zerbait egin zitekeela pentsatu zuten, eta, pixkanaka-pixkanaka, oraingo turismo eskaintza osatuz joan ziren: museoa, espetxe zaharra, zerrategia, meatzeak...

Turismoa erakartzeko baliagarri diren txoko asko ezkutatzen ditu Zerainek. Arbasoen bi lantoki garrantzitsu oso egoera onean mantentzen dira, esate baterako: Larrondoko zerrategia eta Aizpeako meategiak. Haietara bisita gidatuak egiten dituzte, igandero. Bisita bakar batean ikus daitezke biak. Paraje zoragarrietan ibiltzeaz aparte, azalpen jantziak ere eskaintzen dituzte.

Turismo bulegoan bertan ditu bisitak abiapuntua eta amaiera. Abiatu aurretik, herrian eta ingurunean kokatzeko aukera ematen du bulego horrek, eta, bide batez, bertako produktuak ere eros daitezke.

Taldea batu, autoetan sartu, eta lehortearen ondorioz horitzen hasi diren zelai berdeen artean erdi ezkutuan dagoen errepidean jartzen dira bisitarien autoak, ilaran. Zerrategitik 100 metrora amaitzen da bidea, eta handik, oinez egin behar da paseoa. Nekatzeko motiborik ez dago, eta inguruneaz gozatzeko aukera ematen du.

Lasurtegi errekaren gainean, ozta-ozta zutik dagoela dirudien txabola bat ikusten da. Ezin du urteen joana ezkutatu. Hala ere, habe indartsuak ditu, eta seguru sentitzen da bat barruan. Edo ez. Zerra handiei begiratuta, segurtasunak di-da batean ahaztu litezke. Zirti-zarta galanta ateratzen dute indar osoz martxan jarritakoan, eta erreka indartsu badator, zer esanik ez.

Erreka horrexen indarra baliatzen zuten zerrategian, lanerako. Nola lan egiten zuten primeran azaltzen du gidak, turbinak non dauden, generadore eta zintekin nola jartzen ziren martxan makinak... Azalpen teorikoen ondoren, zer suman daudenak bazterrera bidali, eta erakusketa praktikoa egiten dute, harridura ezkutatu ezin duten bisitarien aurrean.

Hangoak eginda, berriz errepidera. Bihurgunez betetako bide aldapatsu batetik zehar, meatzeetan barrena. Gora begiratuta, hantxe ikusten dira, Aizpeako ingurune berdearen erdian, hiru labetzar, tente. Zeraingo historian zeresan handia izan duten labeak dira.



LANEKO ARRASTOAN. Aldapa igo behar da aurrena, prozesua ondo ikusteko. Ehundik gora galeria ezkutatzen dituen mendiaren gainean, bistan daude lanean aritu zireneko arrastoak. «Alemanek korrika alde egin zuten hemendik II. mundu gerra amaitu zenean, eta dena zegoen bezala utzi zuten. Hirugarren labea, esate baterako, mineralez beteta dago, piztuta zegoela alde egin zuten, eta hortxe hoztu zen», dio Telleriak.

XII. mendekoak dira meatze horien existentziaren aurreneko arrastoak. Ordudanik alemanekihes egin zuten arte, hainbat eskutatik pasatu ziren meatzeak. 1512an Errege-Erregina Katolikoek Aretxabaletako Otaloratarrei eman zien ustiatzeko eskubidea, eta konpainia ingeles baten eskuetan ere egon zen. Hain zuzen ere, konpainia horrek egindakoak dira gaur egun ikusten diren eraikin eta egitura asko. 1932an hartu zuten alemanek. Haiek ospa egin ostean, Legazpiko enpresari famatu Patrizio Etxeberriak ere egin zuen saioa, baina ez zuen luze jo.

Denbora horretan izandako aldaketen zantzuak ikusten dira, eta historia, funtzionamendua eta anekdoten berri jakiteko modua dago, galerietan barrena, labe handien mehatxupean.





############





Turismo eskaintza oparoa dago Zerainen, ingurune ederrari eta ondare historiko aberatsari esker

Erabiltzen ez diren tresnak baserrietatik hartu eta erakusketa bat egin zuten; horrela hasi zen dena





noLa IrITsI

Nola: N-1etik irten Idiazabalen, eta Segura aldera joan GI-2637 bidea hartuz. Segura inguratu, eta Zubiberriko bide gurutzean eskuinetara , GI-3520 bidetik, Zerainera.

Turismo bulegoa: Aste barruan 10:30 - 13:30 eta 15:30 - 18:30. Aste bukaeretan 11:00 - 14:00 eta 16:00 - 19.00.

Bisita gidatuak: Igandetan, 12:00etan.

Telefonoa: (00 34) 943-80 15 05.

Webgunea: www.zerain.com.





zer IKusI

Aizpeako meategiak: Zeraingo herriaren historiari estu lotutako burdinaren meatzeak. Galeriak, labeak, garraiorako karrilak...

Larrondoko zerrategia: 1890 aldean sortu bazen ere, 1993an ireki zuten bisitarientzat. Uraren indarrarekin egiten zuten lan.

Museo etnografikoa: Herriko gazte talde batek etnologo baten laguntzaz bildutako baserriko tresnekin atondutako museoa. 200 pieza baino gehiago daude. Diaporama ikusteko aukera dago. 14 minutukoa da, eta euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez edo katalanez ikus daiteke.

Kartzela: 1711n eraiki zuten espetxea,Zeraingo udaletxearekin batera, eta zutik eta ikusgai dago. Garai hartan herri bakoitzean ziega bat edukitzea beharrezkoa zen, baina Zeraingoa da Gipuzkoan iraun duen bakarra.

Andre Maria eliza: XV. mendearen lehen zatian eraiki zuten, herriaren erdi-erdian, eta XVIII. mendean eraberritu. XII. mendeko gurutze erromanikoa du, besteak beste.

Jauregia: Zeraingo jauntxoen bizileku izan zen jauregia, plazako tontor batean dago ikusgai. Oinaztarren eta ganboatarren borroken lekuko izan zen, eta hainbat garairen arrastoak ditu.

San Blas ermita: Herri gunetik bertan dago XVII. mendeaz geroztik otoitz eta erromeria lekua den ermita.

Bolatokia: Zortzi bolatoki ziren garai batean Zerainen. Horietako bakarrak iraun du orain arte, plazan.

Gaztagintza: Idiazabalgo gazta nola egiten den erakusten du Basazabalgo Jabier Muñoa artzainak.

Eztigintza: Ermasoroko Eugenio Elortzak eztigintzaren inguruko museo txikia du etxean.8-10 laguneko taldeetan, erleen mundua ezagutzeko aukera dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.